‘Ipar Euskal Herria gerlen artean. 1918ko garaipenetik 1940ko porrotera’ ikastaroaren baitan Eneko Bidegain kazetariak Lehen Mundu gerrak Ipar Euskal Herrian izan zituen ondorioak izan ditu hizpide.
– Zure ikastaroaren nondik norakoak aipatu zenitzake?
Bi zatitan banatuko dut nire ikastaroa. Lehen zatian Lehen Mundu gerra eta Euskal Herria aipatuko ditut. Lehen Mundu gerraren arrazoiak, testuingurua, eta Euskal Herrian hori nola bizi izan zen aztertuko dugu. Gero, desertore eta intsumisoen mugimendua ere aipatuko dugu. Hego Euskal Herriak neutraltasunetik ere nola bizi izan zuen aipatuko dugu. Bigarren zatian aldiz, Frantziaren nortasunaren errotzearen inguruan arituko gara.
– Ipar Euskal Herrian euskal abertzaletasunarengan zein izan zen gerraren eragina?
Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna oraindik ez zen existitzen orduan, ez euskal abertzaletasuna eta ezta frantziar abertzaletasuna ere. Hegoaldean orduantxe ari zen sortzen kontzeptua baina orokorrean, jende xumea apolitikoa zen. Lehen Mundu gerra oso txoke bortitza izan zen; Alemaniaren aurka egin behar izan zuten eta Frantzia alemaniarren eskuetatik salbatu. Gertakari biziki bortitza izan zen, 6.000 ipar euskal herritar hil ziren gerla hartan. Horrek sekulako trauma sortu zuen eta hor mezu bat zabaldu zen; “Frantziaren, gure aberriaren alde hil dira”. Mezu abertzalea garatzeko, gerla dela medio eta beste hainbat faktore direla medio, oso baldintza txarrak zeuden une horretan. Horrexegatik euskal abertzaletasuna gehiago garatuko da 60ko hamarkadatik aurrera.
– Ipar Euskal Herrian, eurena ez zen gerra bat egiten ari zirenaren sentsazioa zabaldu al zen?
Ez. Nik ikertu dudanaren arabera propaganda handia bazen. Orokorrean jendeak zer sentitzen zuen, zer pentsatzen zuen eztabaida bada. Alegia, jendeak gerla bere motibazioz eta borondatez egin ote zuen ala derrigortuta egin ote zuen. Euskal Herrian nik uste dut badela sektore bat, eliza tartean, zabaltzen zuela Frantziaren aldeko mezua. Gu Frantsesak gara eta gure herria salbatu behar dugu, esaten zuten. Jende xeheak hori zenbateraino bizi zuen jakitea zail da, baina euskaldunak orokorrean diziplinatuak dira, eta diziplina horrek gerla onartzeko garaian ere eragina izan zuela pentsatzen dut.
– Aipatu izan duzu lehen Mundu gerra ez dela gehiegi aipatu izan Euskal Herriko historiaren baitan. Zein uste duzu dela horren zergatia?
Euskal Herrian, Ipar Euskal Herria txikiagoa izanik, 36ko gerraren eragina askoz handiagoa izan zen Lehen Mundu gerrarena baino. Ipar Euskal Herrian aldiz, Lehen Mundu gerrak askoz eragin handiagoa izan zuen. Gero, orokorrean, Bigarren Mundu gerrak medioetan askoz ere garrantzia handiagoa izan du. Lehen Mundu Gerra ez da berez gerla interesgarri bat publiko zabalari helarazteko. Oso gerla bortitza izan zen, baina arrazoi ulertezinek edo nahiko absurduek bultzatua. Bigarren Mundu gerran argiago daude gauzak; batetik naziak daude, eta nazien kontrakoak, bestetik. Lehena bortitza izan bazen bigarrena are bortitzagoa izan zen, eta egia da lehen gerla hori pixka bat ahantzia geratu dela beste bi gerra horien itzalpean. Orain 100. urteurrena ospatuko denez, ziurrenik gehiago aipatuko da.
– Lehen Mundu gerra izan zen Ipar eta Hego Euskal Herrien zatiketaren eragilea?
Zatiketa lehenagotik bazen, historikoki aspalditik bazen, Nafarroako erresumaren desagertzearekin eman zen. Gertatzen dena da nazio kontzeptuarena XX. mende hasieran agertu zela; Hego Euskal Herrian abertzaletasuna agertzen den garaian Ipar Euskal Herrian, abertzaletasun hori ez dela agertzen, ez delako gizarte politizatua. Eta hegoaldean abertzaletasuna garatzen hasten den garaian, Iparraldeak Frantziaren alde gerra egingo du, eta hori Bigarren Mundu gerran eta Aljerko gerran ere errepikatu egingo da. Hegoaldean ez dute Espainolekin batera gerla egin etsai komun baten aurka, baizik eta espainolen aurka, frankisten aurka egin dute. Lehenago ere gerla zibilak izan ziren, karlistadak eta abar. Euskaldunek espainolekin bat eginda kanpoko etsai baten aurka egin behar izango balute, ez dakit zer gertatuko litzatekeen.