Xedea; komunikazioaren ardatz


‘Bertsormena. Landu sormenaren alderdi komunikatiboa’ ikastaroaren azken eguna dute gaurkoa. Joxerra Gartzia EHUko irakaslearen eta idazlearen ahotsetik  jendaurrean hobeki komunikatzeko taktiken berri ezagutu dute. Komunikazio on bakarra, helburua betetzen duena dela argi utzi nahi izan die idazleak ikasleei.

Andoni Egañak eman zion hasiera ikastaroari ; ipuingintza, zutabegintza eta bertsogintza alderatuz. Xabi Paya sormena lantzeari buruz jardun zen. Atzokoan Jon Maiak kantatzerakoan testuaren interpretazioaren garrantzia azpimarratu zien ikasleei eta Ander Lipusekin landu zuten gorputz adierazpena. Gaurkoan aldiz, oinarri-oinarrira jo dute; jendaurrean komunikatzeko estrategietara.

Zenbat irakasle sartzen dira ikasgelan helbururik gabe? Zenbat hitzaldi egiten dira ezer esateko eduki gabe? Edota, zenbat artikulu idazten ote dira ezer komunikatu gabe?

Galdera horiek bota dizkie Joxerra Gartziak ikasleei, eta horiek barretxo txiki batekin erantzun dute, eurek ere halakoak zenbatetan egin ote dituzten pentsatuz.

Diskurtso onik ez da halako egoeratan idazlearen aburuz, izan ere, helburua betetzen duen diskurtsoa soilik izango da ona, eta horretarako xedea definitu behar aldez aurretik, noski. Helburuak baitira komunikazioaren irizpide bakarrak.

Horrexegatik, hain zuzen ere, komunikazioa kalkulu bat dela defendatzen du Joxerra Gartziak, beharrezkoa delako aldez aurretik planifikazio bat.

Komunikazioan helburuak hiru direla azpimarratu du ; informatzea, konbentzitzea eta entretenitzea. Nahiz eta gaur egun, nekez informatuko edo konbentzituko dugu inor, entretenitzen ez badugu. Entretenitzeko taktiketan oinarritu da Gartzia, izan ere, beste bi helburuak ukatu gabe, bertsogintzaren xedea horixe baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude