Euskarari praktikotasuna emateko soluzioekin hurbildu zen atzokoan Amuriza ‘Euskara batuaren bigarren jaiotza’ libururaren aurkezpenera. Proposamenak dekretu bidez inposatzeko inolako asmorik ez dauka. Are gehiago, eztabaida pizteko gogotsu egin zuen Markeskoa jauregira.
Bere eguneroko lanean euskararen erabilerak dakarzkion hainbat buruhauste saihestu ezinetik eta horiei irtenbide bat eman nahi izatetik jaio da lan hori. Baina irtenbideak proposamen posible bat besterik ez direla dio : «Liburuan dauden gauza asko zalantzan jar daitezke, eztabaidatu daitezke, baina ezin dira ukatu, inolaz ere». Proposamen hoberik bada onartzeko prest dago idazlea, irtenbiderik eza da onartzen ez duena.
Hiru ataletan banatuta dago liburua eta, era berean, hiru ataletan zatitu zuen atzokoan hitzaldia: euskararen hutsuneak, aditzaren fantasia heroikoa eta hiztegi osoa, nazionala eta bakarra.
Erlatiboaren gorabeherak izan zituen hizpide, batik bat, lehen zatian. Izan ere, Amurizak, euskaldun guztiak bezala, gutxienez, beste hizkuntza baten jakitun izanik barne diglosia pairatzen duela azaldu zuen, eta barruan dituen hizkuntza horien desoreka onartezina zaio. Ezin du jasan euskara gaztelera baino gutxiago izatea.
Erlatiboarena da Amurizaren ustez hutsunerik larrienetakoa, baina ez bakarra, inondik inora ere. Beheranzko graduatzailerik ez izatea ere kontu serioa iruditzen baitzaio.
Purismoa euskararen gaitzik okerrena
Euskararen arazo handienetakoa aditza luzeegia eta zailegia dela dio Amurizak. “Kantuak, titularrak edota esloganak idazterakoan euskal aditza oztopo da, eta halako lanetan dabilenak badaki hori”. Arazo hori ekiditeko aditz trinkoak berreskuratzea litzateke Amurizaren hautua.
Euskararen hutsune gehienak purismoaren ondare direla dio Amurizak, eta gaitz hori errotik sendatzeko hiztegi osoa, nazionala, eta bakarra osatzeko hainbat irizpide bildu ditu azken liburuan.