UEUren 50.udako ikastaroak: hausnarketa eta elkarlanaren bidetik, aurrera begira

UEUren Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten. Edizio berezia izatea nahi du UEUk eta hori dela eta 22 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Biarritzen egingo den “50 urte UEUgintzan” jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei.

 Dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean. 

Aurkezpenean Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak; Irati Iciar-ek, UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Pauline Guelle-ek, UEUko zuzendaritzako kideak, parte hartu dute.

Ezkerretik eskuinera: Pauline Guelle, Irati Iciar eta Kepa Sarasola.

Kepa Sarasolak hartu du lehendabizi hitza: “UEUren Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten eta guretzat urteurren garrantzitsua da hauxe. Donibane Lohitzunen egin ziren lehen Udako Ikastaro horiek hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, euskarak unibertsitaterako ere balio zuela erakutsi nahi zutelako. Orduz geroztik, urtero-urtero, bost hamarkadetan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin udako beraien zitara, eta hasierako sustatzaile haiek aurreikusi bezala, UEUk eta Udako Ikastaroek frogatu dute aski ongi euskara zein erabilgarria den unibertsitatean ere. UEUn aritu diren milaka pertsonak eskertu nahi ditugu, beraien elkarlanari esker posible izan baita euskara teknikoa sortzea, beraiei esker lortu baita unibertsitate-mailako 500 liburu baino gehiago argitaratzea; beraiei esker fisika nuklearrari buruz klaseak eman ditzakegulako; beraiei esker IKERGAZTE kongresua antolatu dezakegulako. Katebegi askok ekarri gaituzte hona, eta aurrerantzean ere katebegiek jarraitu dezaten nahiko genuke. Izan zaitezke katebegi horietako bat aurten Udako Ikastaro eder hauetan parte hartuz”. 

Irati Iciar-ek, UEUko Udako Ikastaroen arduradunak hitz egin du ondoren, ikastaroei dagozkien xehetasunak azaltzeko: “22 jarduera antolatu ditugu, baina aurten guztiak izango dira jardunaldiak edo topaketak. 50. edizioa berezia izatea nahi genuen UEUrentzat eta euskal gizartearentzat estrategikoak edo garrantzitsuak diren hainbat gai lantzeko aukera paregabea genuela ikusi genuen eta horretarako, ohikoa den moduan, hainbat eragilerekin #ElkarEkin antolatu ditugu: 10 eragile, UEUko 10 sail eta azpiegituretan ere beste zortzi eragile izango ditugu bidaide.  Horretaz gain, gure bazkideak ere zirikatu eta hainbat topaketa espezializatu ere prestatu ditugu. Zalantzarik gabe, fruitu asko emango duen edizioa izango da honokoa; etorkizunera begira jarriko baikara. Hausnarketa hauetan ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan, 10 euroko prezio eskuragarria jarri diogu matrikulari”. 

Pauline Guelle UEUko zuzendaritzako kideak maiatzaren 21ean Biarritzen egingo den hasiera jardunaldiaren berri eman du: “Udako Ikastaroak Ipar Euskal Herrian sortu zirenez, argi genuen 50. Urteurreneko hasiera jardunaldia ere bertan egin behar genuela. “50 urte UEUgintzan” izenburua du eta Biarritzeko Mediatekan egingo dugu. Ekitaldi honetan UEUren, eta Euskal Unibertsitatearen, egoera aztertu nahi dugu, iragana gogoratuz baina etorkizunari begira. Era berean hasierako bultzatzaileak eta eragileak omenduko ditugu. Gonbidatuta zaudete ekitaldira, eta gonbidatuta zaudete ere uztailean Bernat Etxepare lizeora etortzera. Bereziki dei egiten diet bertako herritarrei UEUn parte hartu dezaten, tamalez Ipar Euskal Herrian euskararen egoera hezkuntzan eta bereziki unibertsitatean ez delako beharko lukeena”. Azkenik Guellek azken ikasturtean UEUk Eusko Ikaskuntzarekin batera Ipar Euskal Herrian TARTARIKA zikloaren baitan egiten ari den lana azpimarratu eta ekaineko hitzordua berezia izango dela azaldu du: “TARTARIKA eta UEUren 50. Urteurrena bildu nahi izan ditugu eta ekainaren 16an UEUfesta egingo dugu hemen, Kalostrapen. Bertara gonbidatuko ditugu UEUko bazkideak eta lagunak eta tarte goxo bat pasako dugu, bertako ikertzaile gazteen mikro-hitzaldiekin, bertsoekin eta zizka-mizka batzuekin. UEU praktikatzeko aukera paregabea izango da!”.

Izena emateko epea jadanik irekita dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenagora arte egin ahal izango da matrikula. Informazioa eta matrikula: www.ueu.eus 

50. UDAKO IKASTAROAK . ELKAR EKIN. 2022

1.astea: ekainak 27-uztailak 1

2. astea: uztailak 4-8

3. astea: uztailak 11-15

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude