Batuaren garaian Unibertsitatea euskalduntzeko urrats esanguratsuak eman dira. Lehenengo unibertsitate liburua 1966an argitaratu zen. Lehenengo ikasgaia 1980an jarri zen martxan. Handik ia 20 urte geroago zenbait lizentziatura osorik euskaraz ikas zitezkeen. Bide horretan, mende berriarekin batera etorri zen hurrengo urratsa: graduondoko irakaskuntza euskalduntzeko erronka. 2001ean hasita UEUn 12 titulu antolatu ditugu UPV/EHUrekin batera eta hortik gutxienez 250 pertsona titulatu dira. Enpresetako eta administrazioetako lan-giroa euskalduntzea posiblea izan dadin, graduondokoak euskaraz eskaintzea estrategikoa da UEUrentzat. Iraupen luzeko goi mailako tituluak estrategikoak dira.
Esparru estrategikoa da, bai; baina ez da bat ere erraza berezko titulu bat aurrera eramatea. Gutxienez 10 ikasle lortu behar dira; euskaldunak, matrikula ordainduko dutenak eta ikasturte oso batean ikasteko denbora izango dutenak. Ez, ez da erraza; ondo dakigu hori UEUn. 18 urteotan 12 titulu martxan jarri baditugu ere, badira langa hori gainditu ez eta eskolak martxan jartzeko den-dena prest genuenean bertan behera geratu direnak. Bataz beste hiru edizio izan badituzte ere eskainitako tituluek, badira edizio bakarra izan dutenak.
Argi dago, erronka estrategiko honi aurre egiteko, lortu duguna lortu ahal izateko, azkar jokatu behar izan dugula. Gai baten inguruan gizartearen formazio-eskaera nabarmena detektatu dugunean eta gai horretan irakasle adituak badirela ziurtatu dugunean, edukiak zehaztu (ahal bada arloko erreferentzia den erakunde batekin lankidetzan), eta UEUren eredu pedagogiko propioaren arabera garatu ditugu.
Eredu pedagogiko horren arabera on-line irakaskuntza erabiltzen dugu; bidaiak minimizatzeko (hilean saio bakarra) eta ikasleen motibazioa zaintzeko. On-line ikasketetan, uste denaren kontra, teknologia ez da faktore garrantzitsuena; metodologia egokia eta ikasleen arretari eta atxikimenduari heltzea dira gakoak. Azken finean, metodologia ez bada pertsonalizatua eta ez bada lankidetzan oinarritzen (ikasle-irakaslearen artean edo ikasleen artean), ikaslearen bakardadea gailentzen zaio teknologiaren laguntzari. Hainbat urtetako esperientzia metatzen ari gara arlo honetan.
Irakasteko kulturatik ikasteko kulturara pasatu gara. Ikaslea sortzaile bihurtzen da, parte hartzaile. Informazioa eskuratzen du ezagutza eraikitzeko, elkar eraginez eta elkarlanaren bidez. UEUren online metodologian ikaslearen autonomia bilatzen da, ikaskuntza-prozesu kolaboratiboaren bidez. UEUren ikasgela birtuala (Moodle) da tresna teknologiko nagusia. Eta ebaluazioaren helburua ikas-prozesua garatzea da eta ez bakarrik ikaskuntza egiaztatzea.
Eredu pedagogiko berri hori aplikatuz 2011tik aurrera %93,5 arrakasta-tasa lortzen ari gara EHUrekin on-line antolatu ditugun 6 graduondokoetan. Pozik gaude emaitza honekin.
Gure graduondokoak zabalkundea, prestigioa eta erreferentzialtasuna lortzen ari dira. Horren adibide dira aurten berriro ere eskainiko diren bi titulu hauek:
-
Itzulpengintza eta teknologia titulua (7. aldia izango da 2019/20 ikasturtean)
-
IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan. (4. aldia)
Eta horregatik bi titulu berri abiaraziko ditugu 2019/20 ikasturte berrian:
-
Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: Euskara komunikazio klinikoan.
Formazio-eskaera: profesional euskaldunak osasungintzanIrakasle adituak, erreferentziazko erakundeak: Osakidetza, OEE, Osagaiz
-
Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika feminista. Ikerketa, Irakaskuntza eta Kudeaketa.
Formazio-eskaera: Kulturaren transmisioa, eta ikuspuntu feministarekin integratuta
Irakasle adituak: I. Retolaza, A. Serrano eta I. Zabala, I.Egaña eta H. Barcenilla
Gaurkotasun handiko gaiak dira, profesionalen beharra duten arloak dira. ueu.eus webgunean aurkituko duzu informazioa eta matrikulatzeko aukera.
Horren adibide dira aurten berriro ere eskainiko diren “Itzulpengintza eta teknologia” titulua (7. aldia izango da 2019/20 ikasturtean) eta “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan (4. edizioa). Horregatik titulu berri bi ere martxan jarriko ditugu 2019/2020 ikasturtean. “Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: Euskara komunikazio klinikoan”. Eta “Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika feminista. Ikerketa, Irakaskuntza eta Kudeaketa”. Gaurkotasun handiko gaiak dira eta profesionalen beharra duten arloak dira.
Asmo gehiago ditugu hurrengo ikasturteetarako. Gauzak ondo bidean, 2020/21 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako irakasleak hezteko on-line masterra martxan jartzeko asmoa dugu. Helburu horrekin sortu dugu Goi.eus, UPV/EHUren ikastegi atxikia.
Ez da erraza, ez; baina karta onak ditugu graduondokoen erronka honi ekiteko. Karta horiek ondo jokatzen baditugu aukera berriak zabalduko zaizkigu geroago. Egon badago eskaera gizartean; denon artean bideratzea da gure eginkizuna, denon arteko lankidetzan: unibertsitateak, euskalgintza eta administrazioa. Ikastaro solteak baino, erreferentziala litzatekeen eskaintza zabala, planifikatua eta sendoa behar da. Estrategikoa da. Ea elkarlanean lortzen dugun gero eta ikasle gehiagok graduondokoak euskaraz egitea, eskaintzak merezi du eta!
Kepa Sarasola
UEUko Zuzendaria