Sarrera

Blog honetan, “Testu-analisirako PERL erremintak” liburuko (UEU 2009) kasu praktikoak jarri ditugu. Liburuaren asmoa, konputagailu bidez testuak aztertu eta manipulatu nahi dituztenei abiapuntua eskaintzea da, horretarako PERL programazio-lengoaia erabiliz norberaren neurri eta beharretara egokitzen diren programak garatzeko.
Kasu praktiko edo ariketa esanguratsuenak sarean jarri nahi izan ditugu,nahi duen orok jeitsi, probatu, aldatu… ditzan. Noski, gustura jasoko genituzke zuen iruzkin eta programak ere.

Zer behar dut Perl lengoaian programatzen hasteko?

Hiru oinarrizko tresna erabiliko ditugu etengabe programatzerakoan:

  • Perl interpretatzailea: Linux erabiltzailea bazara ez duzu instalatu beharrik  izango, banaketa gehienek berekin baitaramate Perl interpretatzailea. Aldiz, Windows erabiltzen baduzu, ActivePerl instalatzea gomendatzen dizugu. Jeisteko, sakatu hemen.
  • Testu-editorea: Programak idazteko erabiliko dugun tresna da testu-editorea. Linux erabiltzaileak bagara, emacs, gedit edo kedit erabili dezakegu. Windows zaleek Notepad edo Wordpad testu-editoreak dituzte eskura, baina programazio-lana asko errraztuko digu Notepad++ bezalako testu-editoreak. Jeisteko, sakatu hemen.
  • Komando-lerroa: programak abiarazi eta emaitzak pantailaz ikusi ahal izateko. Komando-lerroaren leihoa zabaltzeko, Windows-en Hasi–>Exekutatu eta zabaltzen den lehioan idatzi cmd. Linux-en programa hauetakoren topatu eta abiatu; terminala, terminal, xterm, konsole…

Programatzerakoan, bi pausoko prozesua jarraituko dugu:

  1. Edizioa: testu-editorearekin (emacs, Notepad++) fitxategi bat zabaldu eta Perl lengoaiako aginduak erabiliz programa idatzi.
  2. Exekuzioa: Komando-lerrotik Perl interpretatzaileari dei egin programa exekutatu dezan.

Eskuineko zutabean ariketa mordoa daukazu praktikatzeko. Ariketa bakoitzerako hiru atal aurkituko dituzu: enuntziatua, erabilera-adibidea eta kodea.
Lehenbiziko Adierazpen erregularrak ataleko ariketekin ahalegindu, eta gero hortik egin salto beste ataletara.
Zenbait ariketatan testu-fitxategi lagungarri batzuk erabiltzen dira (egunkarietako testuak, hiztegi-definizioak…) UEUko Otarretik jaitsi ditzakezu.
Proba egin beldurrik gabe, hemen ere, arituz ikasten baita.

Koldo Gojenola, Aitor Soroa, Aitzol Astigarraga eta Kepa Sarasola

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude