Erbinnuriaren aztarnak jarraituz, niri ere tokatu zait idaztea. Niri buruzko bost sekretu, edo jendeak ez dakizkien gauz horiek idazten ditut. Egia esan, jendeak gero ze pentsatuko duen 5 axola.
1.- Txikitan, etxeko ganbaran mamuak zeudela pentsatzen nuen. Amak arropak zabaltzen zituen bertan eta zerbaiten bila igotzeko esaten zidanean, hartu beharrekoa hartu eta korrika jeisten nintzen. Ustez norbait nuelako atzetik.
2.- GR5 bertso bidean, Hernaniren aurka kantatzea egokitu zitzaidan. Hiru puntuak erantzuteko altxa nintzen. Lehenengo puntua jarri zidaten, “Bertsolari ugari badago munduan.” Nire erantzuna ez dut gogoratzen baina beste bi aldiz erabili nuen munduan hitza errimatzeko. Eseri eta ondokoari galdetu nion, “Lehenengoan poto egin dut ezta?” “Keba! Kriston erantzuna izan da” Oiartzungo hirugarren kideari galdetu nion eta esan zian “Bai, ta gañea bi aldiz!” Momentu hortan mundua gainera etorri zitzaidan (bertsotan jarraitzea merezi ote zuen ere galdetzen nion neure buruari) eta ordutik bertso eskolakoak beldurtu egiten dira oin erabiltzen entzuten banaute.
3.- Bost urte nituela edo jarri zuten gure etxean telefonoa. Nobedadea izan zen niretzat, eskolako lagun guztiek bazekitelako zein zen etxeko telefono zenbakia eta nik ez. Nire aitak Jose Inazio izena du, baina nik ez nekien Iñaki ere baten batek deitzen zionik. Bost urterekin Iñakirengatik galdetzen zutenean, “Ez da hemen bizi” esan eta kolgatu egiten nuen. Amak gero azaldu zidan zergatik deitzen zioten horrela.
4.- 12 urterekin ikasi nuen igerian. Prozesu nahiko traumatikoa izan zen. Oiartzungo kiroldegia zabaldu zuten urtean hasi nintzen ikastaroak egiten. Hantxe ibili nintzen hilabetez lau urteko neska mutikoekin igerilekuan, okerrena amak izaten ziren. Kafetegiko krsitaleratik begira egoten zirenean.
5.- Orain sei urte, apendizitisa izan nuen. Gau erdian operatu ninduten, baina ingresatzeko ez zegoen lekurik ez ospitalean ezta residentzian ere. Gela bakarra zegoen libre, zaintza psikiatrikoko sailean. Ez dakit patua izan zen edo ez, baina hantxe egin nituen hiru egun.
Hona hemen nire meme-a idatzitako gauzak nahiko gaindituta ditut, beraz pentsatzen duzuenak 5 axola. Nik txanda, Julen Zelaietari, Pettiri eta Farrukitori pasatzen diet.