Elurra, elur txuria eskiatzaileentzat, elur beltza errepidean dabiltzanentzat. Bi aurpegi ditu elurrak, goitik behera jauzten diren bi aurpegi. Malutaz-maluta etortzen dena, malutaz-maluta batzuen desirak betetzeko bidean, malutaz-maluta besteren amets gaiztoa bihurtzeko.
Niri sekula ez zait elurra gustatu, elurraren erruagatik eskolarako bidearen zati bat oinez egin behar izaten nuen eta. Eskolara joan gabe ere geratu izan naiz, autobusak ezin zuelako igo gure bila.
Atzo ordea elurra falta zitzaidan. Bilboko pixuan leihotik begira mendi puntak soilik zeuden txuritua. Bihotzeraino halako tristura bat etorri zitzaidan, etxean nola egongo nintzen pentsatuz. Ahizparekin hitz egin nuen telefonoz eta ez omen zen eskolara joan, ahizpa txikienak eta lehengusinak lau kilometro egin zituzten oinez autobusa hartzeko. Eta ni Bilbon, Pikoketatik urrun.
Burura etorri zitzaizkidan txikitan elurretarako erabiltzen nituen katiuska gorriak, aitak traktorearekin bidea nola garbituko zuen, etxeko suari zenbat ikatz sartzen zaion elurra egiten duenean, etxe ondoko zelaietako eski pista inprobisatuak, amaren errietak esku larru gabe ibiltzen ginelako…
Eguraldiak horrela jarraitzen badu ez dakit etxera bueltatzeko aukerarik izango dudan aste honetan, gainera orain ez dut katiuska gorririk. Baina etxe minak eramango nau Pikoketara. Etxe min beroa baita elur hotzaren aurka.