Liburu berria

argitaratu dit Pamiela argitaletxeak: “Urre urdinaren lurrina. Euskal idazle galduaren bila (1810-1940)“. Gure literaturaren historiari buruzko saiotxoa.

                 

Egile naizenez ezin deskribatu produktua neutraltasunez. Nolanahi ere gustura geratu naiz emaitzarekin. Zertaz den jakin gura baduzu, hona ohar batzuk.

Lanak Volgako batelariak blogeko kontu batean du jatorria. Idazle batzuk kexu ziren euskal literaturaren historia tristeaz. Eta arrazoi zuten: gure idazleak gehienbat elizgizonak izan ziren, erlijio arloko obrak idatzi zituzten nagusiki, eta literarioki ez oso nabarmenak. Zer egin aurrekari horiekin?

Volgako kideek, soluzio gisa, apokrifoak idaztea proposatzen zuten: historian zehar faltatu zaizkigun autore eta obrak asmatzea eta antzinakoak bailiran aurkeztea. Hola, Iban Zaldua idazleak, nobela errealista apokrifo bat eskatzen zuen. Ez Txomin Agirrek idatzi zituen bezalako baserri-eleberri bat, baizik obra ez-kostunbrista bat, industria girokoa, burgesiaren istorio eta miseriak kontatuko zituena. Egile apokrifo gisa XIX. mendeko liberal bat iradokitzen zuen, antiklerikala, Emile Zola edo Perez Galdosen antzeko bat, baina euskaraz idatziko zuena. Ideia gustatu egin zitzaidan. Zer pentsa eman zidan. Eta halako autore bat, egiazki existitu ote zitekeen pentsatzen hasi nintzen. Edo zehazki nobelista ez bazen ere, garaiko korronte literarioak segituko zituena, demagun poesia arloan. Halako bat non bilatu beharko genuke?

Zenbait hautagai aztertu, zer egin zuten ikusi, eta aukera teoriko bat errealitatean gauzatu ote zen konprobatzeari ekin nion. Horixe kontatzen dut liburuan, bilaketa bat. Aztertutako egile batzuk ia guztiz ezezagunak dira. Beste batzuk entzunak. Baina haien lanean hainbat gauza daude orain arte oharkabean geratu direnak. Liburuan, beraz, 1810-1940 arteko euskal literatura berrirakurtzen da. Eta esan dezaket gure letren historian zenbait altxor egon direla gordeta, aipatzea merezi zutenak.

Iruzkinak (12)

  • Bestela ere makina bat liberal eduki ditugu gure herri maite honetan. Pesetero gehiago ez, mesedez. Batez ere, elizgizonak izan dira euskal kultura garatu dutenak, herri xeheak ahozko tradizioari garrantzia ematen zion bitartean. Euskal Herria ezin da kristautasunik gabe ulertu eta iragana gaitzestea ez da pertsona argia izatea. Francoren estatuak kendu dituzte toki askotan, baña Franco historiaren protagonista garrantzitsua izan da eta hala izaten jarraitzen du askorentzat. Egun gauza bera gertatzen da erlijioarekin; ateoa izan zaitezke (derrigor izan behar duzu, bestela inozo bat besterik ez zara!) baña egungo euskaldunok asko zor diogu katolizismoari. Gure arbasoek utzi diguten tradizio eta kulturaz harro egon behar dugu eta lau haizeetara zabaldu behar ditugu gure artista eta egileak. Zorionak liburuarengatik eta ea jendeari atsegin zaion. 

  • Kaixo Verräter,Harira ez datozen hainbat gauza nahasten ari zara. Zer zerikusi du Francok XIX. mendeko euskal literaturarekin? Mesedez ez erabili blog hau disgresio politikoetarako. Mintzagai den auziari buruz aritzeko bada, aldiz, iritzi guztiak ongi etorriak dira.

  • Barkatu, Jurgi, ez zen hori nere intentzioa. Lasai, ez zaitut nere propaganda merkearekin gehiago nekatuko. Beste norabait joango naiz molestatzera. Ondo izan!!

  • Pruden Gartzia says:

    Zorionak, Jurgi. Irakurriko dut eta ea zer moduz.

    Eta Verräter jaun/andrea (inondik inora ezagutzen ez dudana) ez da fin ibili Franco aipatzean (nire ustez), baina katolikotasunarena (erlijioa, orobat) ezin esan harira ez zetorrenik, 1810-1940ko euskal kulturaz ari bagara behintzat.

    Beraz, geu behintzat izan gaitezen “liberalak” hitzaren zentzurik nobleenean (besteen iritziak entzuteko tradizioan) eta emaiozue beste aukera bat gaiari.

    Gora Bertrand Russell!

     

  • Eskerrik asko zorion hitzengatik. Ea liburua gustoko duzuen. Eta kritikarik edo bestelako komentariorik bota nahi izanez gero, bota lasai. Hori bai, gizalegez, mesedez.

  • Pruden Gartzia says:

    Irakurri dut, di-da batean. Bikaina iruditu zait. Atsegina, aberatsa, irakurraza.

    Akats bakarra: Dodgson-i buruzko kapitulua. Izan ere, Dodgson da, diferentziaz, “zuku” gehien eskaintzen duen balizko idazlea (tira, balizkoa ez, zinezkoa) eta gure Jurgik apur bat bigun (maxkal?) jokatu duelakoan nago…

    Eta zergatik “zukua”? Hara, On Resurreccion Maria Azkueri “intsinuatzeko” ausardia, kopeta eta azala izan zuen horrek iruzkin luzeago eta ausartagoa merezi zuelakoan nago… adibidez, Joseba Gabilondok Anton Abadia txit errespetagarriarekin eta haren mutiko zerbitzari beltzarekin izan zuena…

     

  • Kaixo Pruden
    Mila esker zure oharrengatik. Nolanahi ere oraingoz, eskura dauden datuekin Dodgsoni buruz ez dut uste esaten dudana baino gehiago esan litekeenik. Dodgsonek Azkuerekin fijazio bat zuela argi dago. Baina ezin baiezta daiteke ziurtasun osoz Azkueri intsinuatu zitzaionik. Pentsa liteke hala gertatu zela, eta aukera horixe aipatzen dut liburuan. Baina aukera bat da, ez ezer segurua. Horregatik ez naiz luzatu bide horretatik.

  • Onda da, Jurgi. Dena den, duela hilabete  batzuk e-posta harremanetan egon nintzen ikerle atzerritar batekin mende hasierako euskalari baten kontura (hots, Azkue eta Dodgsonen sasoikoa, gutxi gorabehera), eta, harrigarriro, hark ere arazo handiak izan omen zituen (ez Euskal Herrian, Europako beste ikerle-komunitate batzuetan baizik), herra eta ezinegon berezi bat sortzen omen zuelako; nire e-postakide horren arabera, garbi zegoen bere iritziz arazoen jatorria gizon horren joera kriptohomosexualetan zetzala.

    Beraz, nire ustez arazo errealen aurrean gaude, ez anekdota huts (eta, agian, gusto txarrekoetan, ondo tratatzen ez badira) eta ondoriogabeetan; mota horretako kontuak orain arte idazleen artean baino ez dira arakatu sistematikoki, baina garbi dago homosexualitatearen gaiak pisu handia zeukala orduko gizartean, eta ikerle batzuk ere pairatu zituztela, Euskal Herri fededun eta garbi hartan ere! Gogora, besteak beste, Oscar Wildek afera entzutsua: icebergaren erpina, besterik ez, ziur aski.

    Sentitzen dut aipagai dudan kasuari buruz argibide gehiago ezin emana: mezu pribatuetako kontuak dira oraingoz, hots, argitaragabeak. Dena den, agian baten batzuk ausartuko dira ikerketa lerro horietan ere ahalegin batzuk egiten.

     

  • Literatur liburuen aldean (literaturari buruzkoak) zeurea irakurrerraza da, eta gainera dibulgatiboa. Askotan aipatzen duzu gure herrian ez dagoela literatur tradiziorik eta hala da, baina ahaleginak egin behar dira egon dan apurra kaleratzeko eta plazaratzeko.Gainera, nire ikuspuntu soziolinguistikotik ere gako dezente ematen ditu liburuak, batez ere gure herriaren egoera soziolinguistikoari dagokionez, XIX. mendean. Eta niri beti harrigarri egin zaidana berretsi baino ez du egiten: miraria da euskara XXI. mendera arte iraun izana. Eta ia inork ez du ikertu horren zergatia, asko ikertu da kontrakoa, atzera egitearen arrazoiak, baina gutxi, oso gutxi, irautearen arrazoiak.Agur bero bat

  • Jaione Agirre García says:

    Beste liburu bat? Jori zabiltza, gero, Jurgi! Asko pozten naiz!! Ea irakurtzerik dudan! Agur bero bat!

Utzi erantzuna Iban Zaldua(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude