Film aipamena: ‘The Other Boleyn Girl’

Zehaztasun historikoak, gidoi interesgarriak, aktoreen lan txukunak eta edertasun bisualak bat egiten dute XVI. mendeko Ingalaterran kokaturiko istorio honetan.

            

Filma Las hermanas Bolena izenburupean ikus liteke egunotan Hegoaldean (badirudi Iparraldean oraindik ez dela estreinatu). Mary eta Anne Boleyn ahizpen istorioa kontatzen du, Ingalaterrako Henry VIII erregearen maitale izan zirenak. Filmean ez dira elementu asmatuak falta, batez ere harreman pertsonalen ingurukoak, baina oro har kontakizuna ez da asko aldentzen errealitatetik.

Fikzio historikoa baino historia fikzionalizatua dela esan liteke, egia baita bi ahizpa hauek existitu zirela, erregearekin harreman hurbila izan zutela, bai eta filmean azaltzen diren gertaera nagusiak hala jazo zirela. Izatez iturri historikoetan dauden hutsuneek erraztu dute istorioaren zati bat asmatu ahal izatea, xehetasun guztiak egiazki nola izan ziren ez baitago jakiterik. Hola gidoilariek, historia bortxatu gabe, irudimenerako tarte bat izan dute, kontakizun sinesgarri eta erakargarri bat osatuz.

Historiaren ikuspegitik filmak Aro Berriko errealitatea ulertzeko hainbat elementu biltzen ditu. Adibidez:

  • familia-leinuen lehentasunezko lekua garaiko gizartean
  • ezkontza-estrategien garrantzia familiak sozialki gora egiteko
  • emakumeen menpeko rola estrategia horietan
  • norbanakoen saioak jokoaren baitan urrunago iristeko
  • familiako kideen arteko elkartasun eta hurbiltasuna
  • erresumen izaera familiarra, non erregearen aferak estatu-arazo ziren…

Filmeko estetika nabarmendu beharrekoa da orobat. Hainbat eszena garaiko koadroak balira bezala osatuta daude, eta nobleen luxuzko janzkera (perfekzio handiz islatua) begien gozagarri da.

Ikustea merezi duen filma, zalantzarik gabe.

Iruzkinak (7)

  • Jaione Agirre García says:

    Ados nago, Jurgi. Film-kritikariek gehiegi goratu ez duten arren, nik ere nahiko film ona dela uste dut. Girotzea bikaina da eta irudien estetikotasuna ukaezina.
    Bi gauza nabarmendu nahiko nituzke deigarri egin zaizkidanak:
    -Batetik, harritu nauen xehetasun bat: film honetan, britaniarra izanik erdia produkzio aldetik, irudi txukuna (duina, alegia) ematen dute Katalina Aragoikoaz, Henrike VIII.aren lehen emazte izan zenaz (Errege-Erregina Katolikoen alaba zena). Zergatik diodan hau? Ba, “Elizabeth” filmearen bi zatiak ikusi dituztenek erraz ulertuko didate: haietan espainiar koroaz eta katolikoez orokorrean ematen zuten irudia iraingarri xamarra baitzen (ez naiz bereziki espainiar patriota, baina Maria Tudor hagin belzdun emakume fanatiko, hiltzaile eta zatar gisa ageri da, Elisabeth erregina onbera, ederra eta argia den bitartean; Filipe II.az ematen den irudia ere nahita karikaturazkoa da edota “Invenciblea” hondatzeko erregina ingelesaren jainkozko parte hartzea ere kontuan hartu behar da… eta hori behintzat bigarren filmean espainiar enbaxadariek Iberiar Penintsulakoak ziruditela eta ez iraniarrak azentu eta guzti!!! eta ez dut ezer iraniarren aurka, eh? ez ulertu gaizki!!! apur bat barregarri gertatu zitzaidan hori bai “kondaira beltzaren” jarraipen horrek!!!, salbatzen dena Eric Cantoná futbolaria da frantziar enbaxadariarena egiten lehen partean! Chapeau!)
    -Bestetik, esan izan denaren aurka, badirudi aldaketa historiko nahikotxo dituela filmak errealitatetik. Hau da, Phillipa Gregory-ren nobela historikoa nahiko berdin jarraitzen dute (egilea dago gidoilari moduan ere), baina ez historia, irakurri ahal izan dudanez (ni ez naiz gaian espezialista zoritxarrez, ea baten bat animatzen den gehiago argi dezakeena): P. Gregory-k bere nobela saltzean historia hitzez hitz jarraitu zuela esan zuen, baina antza kritikatu izan zaio hori egia ez izatea. Antza, Mary Boleyn ez zen Anaren ahizpa gaztea, helduena baizik. Berau izan zen Frantziara bidalia izan zena, aitari esker, hango erregina izatera zihoan printzesaren andere laguntzaile gisa eta nahiko denbora geratu zen bertan, Frantzisko I.aren maitale izanez (gero hurbildu zen hara Ana, Holandan ikasten egon ondoren, eta bien aita, eta Ingalaterrara eraman ahal izan zituen biak ala biak). Korteko gizon ezagun batekin ezkondu zuten (ez merkatari xume batekin) eta Katalina Aragoikoaren andere laguntzaile egin zuten eta Henrike VIII.aren maitale bihurtu zen, baina badirudi semea izan zuenerako bukatua zela afera. Anarekin hasi zen ondoren Henrike eta haren ukatzeek Katalina laga eta berarekin ezkontzeraino eraman zuten (kurioski, Katalina uzteko arrazoia honakoa izan zen: bere anaiaren emaztea izan zelako berarekin ezkondu aurretik, alegia, intzestu aitzakia erabili zuen, baina Anarekin ere arazo bera zegoen, Mary-rekin ibili ostean!!!). Ahizpak urrutiratuta bizi izan ziren, baina Mary alargun geratu zenean eta dirurik gabe, Ana izan zen lagundu zion bakarra (ez aita ez Henrike). Hala ere, Ana eta anaia hiltzera kondenatuak izan zirenean, ez zen haiekin kontaktuan jarri, bere bizitza arriskuan jartzeko beldurragatik edo.
    Azken xehetasun kurioso bat: Mary pertsonaia oso ezagunen arbasoa omen da: Winston Churchill, Diana printzesa edo Charles Darwin-ena (zeinek esan, ezta?). Beno, utz diezaiodan historiako “corazón-corazón” egiteari eta esan dezadan berriro ere, kontuz ibili behar garela historia gisa saldu nahi diguten fikzioarekin.
    Hori bai, fikzioa atsegina da ona bada, eta honek merezi duela uste dut nik ere.
    Ondo izan eta mila esker honaino irakurtzen iritsi bazarete!!!

    PD: filmaz xehetasun gehiago nahi dituenari web-orri hau gomendatzen diot:
    http://www.imdb.com/title/tt0467200/
    Ana eta Mary Boleyn-ez xehetasun gehiagorako wikipediaren artikuluak gomendatzen ditut, gaztelaniazko nahiz ingelesezko bertsioetan; euskarazkoan Henrike VIII.ari buruzko aipu txiki bat baino ez baitago, ea nor animatzen den datu gehiago bildu eta han sartzera!

  • Kaixo Jaione,Arrazoi duzu historikotasunaren inguruko aferetan: Philippa Gregory-k gertaera batzuk askatasunez landu zituen Boleyn ahizpei buruzko bere nobelan, eta ondoren libertate horiek filmean islatu dira. Alde horretatik filmea ez da historikoki %100 zehatza, nahiz pertsonaia eta istorio nagusiak errealak izan. Nolanahi ere, nik uste, kontakizun sinesgarri bat osatzen dela, garaiko harreman sozialak (nahiz ez gertaera konkretu guztiak) nahiko ongi islatzen dituena.Mila esker zure azalpenengatik eta Wikipediako erreferentziengatik.

  • Jurgi Kintana adiskidea,Mezu pribatu bat igorri nizun orain dela astebete-edo unibertsitatea.net web gunearen bitartez, doktorego ikastaroez galdezka. Jaso al duzu halakorik? Agian “correo no deseado”ra bota zuen e-postak, damurik gerta ohi denez. Bestela, berriz igorriko nizuke, problemarik bage.Barkatu, Jaione eta Jurgi, filmari buzuko eztabaida interesgarria etetea, arren eskatzen dizuet, eta jarrai haritik tiraka. Film historikoak diren bezain bestean, La Reine Margot (1994) dexente laketu zitzaidan, agian Isabelle Adjanigatik, ezin uka, baina bistan zen, edonola ere, Nafarroa erdeinugarri samar uzten zutela. Izan ondo,Antxon Ugarte

  • Kaixo Antxon,Auzi pribatuak bide pribatutik bideratu ostean, eskertu nahi dizut blogeko kontuaz zerbait esatera animatu izana. Margot erreginaren filma aipatzen duzu eta egia esan Boleyn ahizpen inguruko honek badu harekin antzekotasunik. Bai garai bertsuan gertatzen delako, eta bai giro sozio-politiko berean (eta istorio gisa ere erakargarriak direlako).Film bietan oso nabarmen geratzen da gorte inguruko gorabehera pertsonalek norainoko garrantzia zuten erresumen bilakaeran. Norekin ezkondu, semea izan (edo alaba izan) ala ez, dibortziatu, edo erlijioz aldatu, ez ziren erabaki pertsonalak, ez eta arazo familiarrak ere, baizik Estatu-auziak. Alde horretatik egungo Estatu guztiek beren aurrekari nazionalak Antzinako Erregimeneko erresumetan bilatu arren, XVI. mendeko “Estatuak” ez ziren inondik ere gaur egungoak bezain erakunde sendo eta egonkorrak. Aski zen errege batek semerik ez izatea atzerriko erresuma baten inbasio arriskua handitzeko; edo ezkontza egoki bat egitea monarkiaren lurralde eremua guztiz aldatzeko; edo tronurako bi lehiakide egotea gerra zibila piztea errazteko.Margot erreginaren filman ageri den Nafarroa (Behere)ko Henrike III.a, adibidez, Frantziako errege txiripa hutsez bihurtu zen, aurreko errege dinastia (Valois etxea) gizonezko oinordeko gabe geratu zelako: gertaera pertsonal hori jazo ezean Frantziak eta Nafarroa (Beherea)k erresuma independente izaera mantenduko zuten, nork jakin noiz arte (agian egun arte).Ingalaterran, ildo berean, Boleyn ahizpen filmean ageri den Henrike VIII. erregeak bere lehen emazte Katalina Aragoikoarekin semerik izan balu, bide horretatik britainiar eta hispaniar erresumak elkartzeko bidea ireki zitekeen (izatez urte gutxi geroago saio berri bat egon zen beren alaba Maria Tudor erregina Gaztelako Filipe II.arekin ezkondu zelarik, baina hauek ere ez zuten umerik izan, batasun saioa frustratuz). 

  • Tira, tira, Jurgi, hurrengo esango diguzu Julio Zesarrek Egipto inbadatu zuela… Kleopatraren sudurtxo jostariaren eraginez. Areago, Errepublika eraitsi zuela bere emazte legitimoak gizonezko oinorderik ematen ez ziolako (a ze kasualitatea, Henrike VIII.a bezala!) eta Kleopatra-sudurtxo-jostari emagaldu horrek seme bat eskaintzeaz gain burua berotu ziolako Erromako “konstituzio”aren gainetik pasa zedin errege autoizendatuz. Are eta gehiago, Bruto, Kasio, Kaska eta konpainiaren lehen kezka puta egipziarraren lotsagabekeria omen… Horrelako zerbait uste dut esan zuela Katonek. Tira, bere lagunek ere ez omen zuten Katonen handipuzkeria morala soportatzen.
    Teoria horiek guztiek, jakina, izen bat izan dute historialarien artean, “Kleopatraren sudurraren teoria” hain zuzen ere. Nik neuk, karrerako lehenengo urteetan E.H.Carr-en liburu baten irakurri nuen, memoriak ez badit hutsik egiten gaztelaniaz “¿Qué es la historia?” zen bere izenburua. Agian handik urte gutxitara oso demodé geratuko zen, Carr gaixoa bezalaxe (E.H., ez Raymond). Eta zer egin, esaten zuen beste hark, baina hura ere demodé geratu da, jakina denez, baina oraindik inori ez zaio bururatu esatea Sobiet Batasunak porrot egin bazuen Krupskaia gaixoak semerik eman ez ziolako izan zela…
    Dena den, Boleyn-darren pelikula hori, oso entreteniagarria. Eta Ann, beti bezain xarmangarri.

  • Kaixo Pruden,

    Antza gero eta dorpeagoa naiz esan nahi dudana adierazten. Ez naiz
    inondik Kleopatraren sudurreren teoriaren zalea. Beraz, egon lasai, ez baitut uste gertaera historiko nagusien atzean azarea eta ipurdi kontuak daudenik (faktore bakar edo gailen gisa bederen). Alde horretatik Boleyn ahizpen filmean zerbait bereziki kaxkarra iruditu bazitzaidan Eliza katolikoarekiko hausturari emandako azalpen pertsonalista eta deskontestualizatua izan zen. Pantailako kontakizunean aditzera ematen zenez Henrike erregeari Annek berotu zion burua Eliza katolikoa utzi eta Eliza anglikanoa sor zezan. Hola erregeak, aita santuari jaramonik egin gabe, aurreko emazteagandik banatzeko aukera izango zuen eta Annerekin ezkondu ahalko zen. Eta historikoki egia da ezkontza auziok hala jazo zirela. Filmean, ordea, ez dira aipatzen garaian zeuden indar sozial indartsuak aldaketa erlijioso hori bultzatzen. Erreforma protestantearen garai betean gertatu baitzen hura guztia. Beraz ez zen soilik, ezta seguru asko nagusiki ere, Anneren bultzada izan aldaketa erlijiosoa eragin zuena. Baina, jakina, partetxo bat bai izan zuen historian.Nolanahi ere, nabarmendu nahi nuena ez zen kasualitatearen indarra gertaera historikoen joanean, baizik agerian utzi nahi nuen noraino zeuden lotuta garaiko bizitza pribatua eta politika publikoa. Hau da, erlijioa, familia, ezkontza edo umeak ez zirela esparru pertsonaleko kontuak, baizik zuzenean eragiten zutela erresuma baten bilakaeran, eta botere jokoaren parte zirela, maiz erabakigarri suertatuz.Zuk aipaturiko liburuan E. H. Carr-ek zioen (buruz ari naiz, beraz ez oso zehatz) armada batek bataila bat galtzen bazuen beren jenerala kasualitatez mozkortu zelako bezperan, orduan armadak arazo estrukutural larriak izan behar zituela, zeren aski zen jeneral bat mozkortzea beste guztiak huts egiteko. Eta ados nago: ez da aski jeneral bat mozkortzea edo errege bati X afera pertsonal gertatzea dena hankaz gora jartzeko. Atzetik bestelako arrazoiak egon behar dira. Horrek, ordea, ez du esan nahi jenerala mozkortzea edo ez mozkortzea berdin denik.Dagokigun kontuan: errege-erreginen gorabehera pertsonalek beren garrantzia izan zuten bilakaera historikoan, eta garaian aisa ohartzen ziren horretaz. Horregatik ahal zuten neurrian ezkontzak, konbertsio erlijiosoak eta umeak aldagai estrategiko gisa baliatzen zituzten beren joko politikoan, bestelako indarrek ezarritako orekak zentzu batean edo bestean bultzatzeko asmoz. Eta askotan ondorioak ezustekoak izaten ziren. Horixe zen esan nahi nuena.

  • Bon, neuk ere “…hurrengoan esango diguzu…” batekin hasten nuen zure oharren karikatura txikia… kar, kar, kar.
    Bai, gauza guztiak neurriz hartu behar badira ere, ados nago esatean erregearen erabaki pertsonalak eragin garrantzitsua dutela historian, adibidez, Henrike VIII.arena bere bigarren ezkontzaz, eta, jakina, hori esateak ez du esan nahi faktore bakarra denik, eta abar (bide batez, neuk ere buruz aipatu nuen E.H. Carr-en liburua).
    Baina nire oharra beste honetara ere bazetorren, alegia, batzuetan, euskal abertzaleen artean bederen, badago joera bat pentsatzeko (edo nolabait aditzera emateko) Espainiako Erresuma (edo Frantziakoa, edo Europako beste edozein, berdin dio) XVI-XVIII. mendeetan gertatutako zenbait karanbola dinastikoren ondorio hutsa zirela/direla. Paradoxalki, eta espainiar abertzaleen eraginez, adibidetzat Espainiako Errege-Erregina Katolikoen ezkontza-politika hartzen da sarri, alegia, halakoak edo holakoak baldin eta seme-alabarik eduki izan balu, edo umetan hil izan ez balitz… honelakoa jazoko zen. Ondorioz, Hego Euskal Herria “txiripaz” dago Espainian “integratuta” (eta ez, adibidez, Frantzian), eta abar. Edo kasu oraindik nabarmenago bat: Nafarroa (Hego Nafarroa) Espainian dago Errege Katoliko maltzur, gaizto, gezurti eta iruzurti baten faltsifikazio baten ondorioz… Eta abar. Eta neuk diot: kontuz ere horretako orokorkeriekin, zeren auzi-mauzi dinastikoez gain (oso garrantzitsuak, jakina, baina bere neurrian), sakoneko indar sozial garrantzitsuak daude Nafarroako anexioa (adibidez) esplikatzen laguntzen dutenak.
    Jakina, kontrako orokorkeriak ere guztiz salagarriak dira, alegia, Nafarroaren “patu historikoa” Espainian integratzea zela esaten dutenak, eta “lehenago edo geroago” gertatuko zela (kasu horretan “patu” horrek Errege Katoliko Fernandoren espermatozoideen gaineko kontrola zuela onartu beharko genuke, Erregina Isabel hil ondoren izan zuen ezkontzan umerik izatea eragotzi baitzion).
    Baina badirudi horretan ere, gutxi gora-behera, ados egon gaitezkeela. Kasuan kasuko neurria da arazoa, agian?
    Besarkada bat.
     
     

Utzi erantzuna Antxon(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude