Metropolis: iraganeko etorkizuna

1927 urtean estreinatu zen Fritz Lang aleman zuzendariaren Metropolis filma. Etorkizunean, zehazki 2026 urtean, giroturiko istorioa kontatzen du. Ezin esan iragarpenetan asmatu zuenik, baina filma ispilu aparta da iraganaz eta orainaz ohartzeko.

Istorio futuristetan ohikoa izaten da uneko perspektibak, puntako joerak, azken modak, esperantzak eta beldurrak etorkizunera proiektatzea. Hola, gertatuko denaren irudi bat baino gehiago istorioa kontatu den une harexen erretratu exageratu bat azaldu ohi da. Beti egon liteke, jakina, intuizio zuzenen bat, baina irudi nagusia jatorrizko garaiari dagokio. Horixe gertatzen da Metropolis filmean ere: 2026 urtea baino gehiago 1927 urtea erakusten duela.

Gainera, 1927an bertan kokaturiko film arrunt batek ez bezala, Metropolis-ek gure XXI. mende hasiera irudikatu nahi duenez, aurrez aurre jartzen dizkigu behinolako ikuspegiak eta egungo errealitateak. Eta mundua benetan asko aldatu da, baina ez 1927an uste zitekeen bideetatik.

Filmeko Metropolis etxeorratz erraldoiz osaturiko hiri bat da. Bertako biztanleak bi klase nagusitan zatituta daude: planifikatzaileak eta langileak. Klase biak arlo guztietan bereizten dira. Planifikatzaileek hiriaren goialdean dute bizigunea, aginte politiko zein ekonomikoa beren esku dago eta luxuzko bizitzaz gozatzen dute. Langileak hiriaren lurrazpiko etxeetan bizi dira, fabrikako makinetan 10 orduko lan-txanda itogarriak egin behar dituzte, eta bizimodu miserablea dute. Formetan ere guztiz desberdinak dira klase biak: langileek uniforme ilunak daramatzate, bai lanean eta bai etxean; planifikatzaileek traje eta jantzi garestiak dituzte; langileak oinez ibiltzen dira, planifikatzaileak autoan… Eta batzuen eta besteen bizimodua hain antagonikoa izanik, filmeko munduan, langileen matxinada gertatzeko aukera handia dago.

Historia, ordea, ez da bide horretatik joan. Klaseen arteko zatiketa eta iraultza arriskua inoiz baino urrunago daude gaur egun. Horiek 1927ko arazoak ziren, ez XXI. mende hasierakoak.

Planifikatzaileei dagokionez, Metropolis-eko iragarpena ez da guztiz okerra gertatu. Gure munduan, filmea egin zen garaikoan bezala, botere politikoa eta ekonomikoa estuki lotuta mantentzen dira, nahiz agintea ez den Metropolis-en bezain modu zentralizatuan ezartzen. Errealitatean jazotako aldaketa nagusia langileen bizi baldintzetan gertatu da.

1927ko filmak imajinatu ere ez zuen egiten XXI. mende hasieran langileek auto propiorik izan ahalko zutenik, jantzi garestiak erosi ahalko zituztenik, oporretan atzerrira joan ahalko zirenik… Langileen eros ahalmena izugarri hazi da, eta kontsumo gizartea sortu. Horri lotuta, igoera sozialerako aukera hedatu da: klase zatiketa finkatu barik lausotu egin da, eta behinolako fabriketako langileen seme-alabei bide sozio-laboral berriak ireki zaizkie.

Genero arloko aldaketa ere nabarmena izan da. Metropolis-ko mundu futuristan fabrikako langile guzti-guztiak gizonak dira. Beren emazteak etxean geratzen dira (uste izatekoa da etxeko lanetan). Planifikatzaileen taldean ere, erabakiak hartzen dituzten bakarrak gizonak dira. Janzkeran bertan markatzen da rol bereizketa: emakume guztiak gonaz janzten dira, gizonak prakekin. Egoera hori, jakina, 1927ko munduari dagokio, ez XXI. mende hasierari. Emakumeen rolean jazotako aldaketa, beraz, oso handia izan da. Emakumeak garai batean maskulinotzat hartzen ziren hainbat esparrutan sartu dira: fabriketan, bulegoetan, praketan…

Gizonen rolean jazotako aldaketa txikiagoa begitantzen zait. Etxeko lanetan parte hartze zertxobait eta elementu estetiko “femenino” gutxi batzuk onartzea (gonarik adibidez ez, baina bai belarritakoa eramateko aukera, ile luzea uztekoa, eta ez asko gehiago).

Gizartearen homogeneotasun etnikoan antzeman liteke beste aldaketa handi bat. Metropolis-ko langileak zein planifikatzaileak, denak, zuriak dira. Ez da afrikarrik, asiarrik edo beste jatorriko jenderik ikusten. Salbuespen bakarra night club bateko ikuskizun batean agertzen diren beltz banaka batzuk dira. Baina hor ere gizarte errealitatetik kanpo ageri dira, dantzaldi exotiko bateko figurante geldi gisa (taparrabos batekin jantzita gainera). Beraz, 1927an ez zuten susmatu ere egiten mende baten buruan nolako immigrazio fenomenoak gertatuko ziren Europara. Ezta 1927an kolonia ziren lurraldeetan nolako aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialak jazoko ziren ere. Mundu europozentrikoa zen guztiz Metropolis-ekoa, gaur egungoa ez hainbeste.

Teknologia arloan ere ez zuen askorik asmatu filmeak. Oro har oso labur geratu zen. Ordenagailurik eta telebistarik, adibidez, ez da ageri. Metropolis-ko auto eta hegazkinak, 1920etako tankera berekoak dira. Aparaturik modernoena, agian, bideofono bat da (argazkian), egungo webcam-ordenagailu batekin aldera litekeena. Baina, jakina, egun mugikor soil batek ere eskain dezake irudi-soinu zerbitzu hori, filmeko bideofonoak kabina handi eta finko bat behar duen bitartean. Zentzu horretan 2026ra iritsi gabe ere, teknologia izugarri aurreratu da.

Filmean ageri den androidea (ala cyborg-a?) da momentuz gure munduan garatuta ez dagoen teknologia bakarra. Agian 2026ra arte itxaron beharko da horretara iristeko. Bitartean Metropolis filmea goza dezakegu, bere estetika inpresionista, art decó eta blog honetan kontatu gabe utzi dudan istorioarekin.

Iruzkinak (4)

  • Jurgi: Historia, ordea, ez da bide horretatik joan. Klaseen arteko zatiketa eta iraultza arriskua inoiz baino urrunago daude gaur egun. Horiek 1927ko arazoak ziren, ez XXI. mende hasierakoak. 
     
    Ziur zaude, Jurgi?
    Historia prozesu irekia omen da, hala erakutsi ziguten Fakultatean… Adibidez, nire belaunaldikoentzako adibidea, gelditu omen da geldiezina zirudien etxebizitzen igoera, mundu mailan gainera (ekonomia globalizatuan bizi gara, USA eztulka, gu zergatik ez).
    Adibidez ere, hala dio Marxek: “Gizakiek beren historia propioa egiten dute, baina ez dute egiten gogoak ematen dien bezala, berek hautaturiko inguruabarren pean, baizik eta bitartegabe aurkituriko, existitzen dien eta iraganetik hartutako inguruabarren pean.” (Louis Bonaparteren Brumarioaren hemezortzia, 1852).
    Iragana. Gure gremiokoentzat, etorkizuna baino interesgarriagoa beti. Baina Europako azken iraultzaren paraderoak (68ko maiatza) badirudi Iraultzaren kontzeptu bera iraungiarazi duela (hala diote umeek bezain pozik orduko festa hartan parte hartu zuten orduko-iraultzaile/egungo-karka samalda ugarikoek). Beraz, aurrerantzean, ekonomiaren korapiloak, gizartearen kontraesanak, tokian tokiko parlamentuen eztabaida ezinago interesgarri eta eraginkorretan konponduko dira.
    Hala biz.
    Bide batez, Popper-en Gizarte irekiaren euskarazko itzulpena iragarri digute egunotan. Popper, Platon, Lang…  Metropoli horretan ez dago unibertsitaterik? Intelektualik? Ezinezkoa da hori!
    Gizarte irekia. Irekita-irekita, gizartea eta etorkizuna daude, biak. Marx eta Popper.
     
     

  • Jurgi K. G. says:

    Kaixo Pruden,Mila esker oharrengatik. Guztiz bat nator jasotzen duzun Marxen aipuarekin. Hala ere auzi nagusiari dagokionez nirean tematzen naiz: klaseen arteko zatiketa eta iraultza arriskua inoiz baino urrunago daude gaur egun. Zehazki Europako eta mendebaldeko herrialdeez ari naiz (Metropolis espazio horretan irudikatzen baitzen). Afrikan, Asian edo Hego Amerikan gertatzen dena agian besterik da, baina ez naiz hor sartuko.Nolanahi ere, intrigatuta utzi nauzu. Klase zatiketa ez dela ahuldu edota iraultza espektatibak ez direla urrundu esateko zein arrazoi duzun ezin susma dezaket. Gustora irakurriko nituzke zure argudioak.Filmeaz galdetzen didazunaz, Metropolisen ez da agertzen unibertsitate eta intelektualik. Alta testuinguruagatik uler daiteke planifikatzaileek ikasketa formalak jasotzen zituztela nonbaiten (nahiz leku hori ez den erakusten). Hortaz egon egongo ziren unibertsitate eta intelektualak. Nolanahi ere filma fikzio bat da, eta, esan bezala, ez oso zuzena iragarpenetan. Izatez 1927an bertan hainbat kritika jasan zituen.H. G. Wells idazleak, adibidez, oso negatiboki epaitu zuen. Etorkizunean klase zatiketa erradikalizatu ordez, Wells-en ustez kontsumo gaitasuna masetara hedatuko zen, eta lan mekaniko masiboaren lekuan lan kualifikatuak hartuko zuen garrantzia, ondorio gisa langabezia ekarriz. Metropolis filmeko teknologia ere gutxi garatuta zegoela iruditu zitzaion. Alde horretatik begi zorrotza agertu zuen Wells-ek. Zorrotzegia filmaren alde artistikoari zegokionez, hor ere ez baitzion meriturik aitortu nahi izan Metropolis-i. Interesgarria da halaber aleman komunista batek estreinaldi unean Metropolisez idatzi zuen iruzkina. Filmak garaiko talde guztiekin ondo geratu nahia zuela kritikatzen zuen, alderdi burges, langile zein kristauei keinuak eginez istorioan zehar. Kuriosoa da, halaber, Luis Buñuel espainiar zinegileak ere idatzi zuela filmari buruz 1927an. Kritika hauek eta beste asko hemen ikus daitezke.

  • Saiatuko naiz laburra izaten, sinplea izan gabe.
    Argudio nagusia hauxe da: gero eta zailagoa dela mundua lurralde desberdinetan banatzea, hots, Europa/Mendeldea hemendik, Asia-Afrika handik… Zentzu horretan, iruditzen zait zure ikuspegian badela sakoneko eskema bat, honen modukoa: klase-gatazkak eta iraultzak iraganeko kontuak dira, eta inon gertatzekotan leku “atzeratuetan” gertatuko dira (sozialki eta ekonomikoki atzeratuetan, uler bedi) eta ez lurralde “aurreratuetan”, zeintzuetan kontu horiek “gaindituta” ditugun. Uste dut ikuspegi hori  errotik faltsua dela eta mundu mailako integrazio ekonomikoa gero eta handiago dela, beraz, krisi ekonomiko sakon batek iraganean baino erraztasun handiagoak izango lituzkeela mundu osoa (AEB eta Europa barne) kolpatzeko. Eta krisialdi ekonomiko latz batek iñarrosaldi sozialak ekarriko lituzke, ziur.
    Jakina, nire argudioaren bigarren zatiari helduz, Historia erabat irekia dago eta gizakiek egiten dute, beraz, iraultzak ere ez dira inon “halabeharrez” gertatzen…
    Baina, laburbilduz, zeuk uste duzu kapitalismoa (merkatu ekonomia, nahiago baduzu) behin betiko estabilizatu dela eta gai dela bere krisialdi ziklikoak zentzuko muga batzuen barruan gainditzeko, iraganean ez bezala. Bada, zuri dagokizu horren aldeko argudioak ematea.

  • Kaixo Pruden,Eskertzen dizkizut azalpenak. Eta ohartzen naiz ez dudala argi adierazi esan nahi nuena. Nik ez dut uste
    kapitalismoa egonkortu denik, ez eta historiaren amaierara heldu garenik ere. Aitzitik zurekin guztiz bat nator etorkizuna irekita dagoela
    diozunean eta planetako edozein lekutan hasitako krisi bat mendebaldera ere hedatu daitekeela diozunean. Kontua da Fritz Langen filmak iragartzen zuela iraultza hori Europan bertan has zitekeela barne-tentsioen ondorioz, alegia bertako gizartea lehertu arte polarizatuko zelako. Eta halakorik ez da gertatu. Klase zatiketa Europan nabarmen urritu da XX. mendean zehar, eta iraultza planetariorik hasten bada abiapuntua ez du hemen izango.Mendebaldea eta zehazki Europa, jakina, hirugarren munduan dauden klase zatiketen eta injustizia ugarietan eragile zuzena da. Horregatik herrialde “atzeratuetan” iraultzarik hasten bada, hein handiz Europak eragin duela esan ahalko da. Baina hori gauza bat da eta beste bat Metropolis filmean azaltzen zen “barne” iraultzaren bidea. Hori zen esan nahi nuena.

Utzi erantzuna Pruden(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude