Liburu aurkezpena: Sabino Arana Goiri, Euzkadiren aita

Azaroaren 20an, 19:00etan, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria 15) “Sabino Arana Goiri: Euzkadiren aita” liburua aurkeztu eta gaiaren gaineko mahai-ingurua egingo da.

                     

Liburu egilea neu banaiz ere, ez naiz mintzatuko debatean. Aitzitik, atzerrian egonik ez zait posible ekitaldira joatea, eta horregatik Elkarreko arduradunek aurkezpen-saio alternatibo bat prestatu dute. Bertan Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Aizpuru eta Josune Ariztondo arituko dira, hau da, goi mailako bi historialari eta EAJko arduradun nagusietako bat, moderatzaile lanetan Xabier Mendiguren Elizegi editorea arituz. Zentzu horretan, egile gisa autopropaganda egitea oso dotorea ez bada ere, bederen mahai-inguruaren interesagatik uste dut merezi duela ekitaldiaren berri emateak.

Sabino Aranari buruz bertan esandakoak ondoren norbaitek hemen aipatu nahiko balitu benetan eskertuko nituzke. Ziur naiz, ohiko topikoetatik urrun, gauza berriak aipatuko direla.

Iruzkinak (5)

  • Liburu
    aurkezpenaren kronika eskematiko eta laburra egingo dut, joan ez zirenentzat
    (bereziki liburu egilea dut gogoan):

    -Mahai-ingurua
    puntual hasi zen, baina hizlarietako bat berandu heldu zen (antza
    gaizkiulerturen bat-edo). Hizlariak fin ibili ziren.

    -Entzulegoari
    dagokionez: aspaldi joan gabe nengoen hainbeste entzule erakarritako aurkezpen
    batera (ez nago oso seguru, baina 20 bat pertsona bildu ginen). Ezbairik gabe,
    Sabinok, egileak eta mahai-inguruko hizlarien ospeak eragina izan zuten.

    -Moderatzaileak
    mahai-inguruaren gaia kokatzeko, hasteko hizlariei galdetu zien Sabinoren berri
    lehen aldiz noiz izan zuten, nola bilakatu zen haren inguruko irudia, etabar.
    Ondoren Sabinoren arrazismoaz, Sabino eta euskara, eta bestelako gai topikoez
    (ez dut zentzu txarrean esaten) galde egin zien; azkenik, Sabinoren alde on eta
    txar bana aipatzeko eskatuz.

    -XMEk animatuta, publikoak
    mahai-inguruan parte hartu zuen: estreinekoz P. Gartzia aritu zen, interbentzio
    polemikoa egin zuen, hein batez mahaiko J. Agirreazkuenagari erreplika eman
    nahiean (beno, hori baino gehiago, baina pentsatzen dut Prudenek berak laster
    idatziko duela blogean horretaz). Beranduago X. Kintanak azpimarratu zuen
    arazoak mahaigaineratzeko Sabinok erakutsi zuen gaitasuna. Eta aurkezpenaren bukaera
    aldera, A. Aranberrik mahaian esandako zenbait errepikatu zituen.

    Hizlariak liburuaren gainean gutxi
    aritu ziren, Sabino eta bere garaiaz aritu zirelako. Hala ere, egon zen
    tarterik liburua baloratzeko. Laburbilduko dut entzundakoa, gogoratzen dudan heinean:

    -Joseba Agirreazkuenagak liburuaren
    alderdi bi azpimarratu zituen: alde batetik, egileak egindako sintesi
    ahalegina, azken 40 urteotan pertsonaia eta garaiaren inguruan argitaratutakoa
    biltzen baititu, eta bestalde, egilearen oreka pertsonaia planteatzeko orduan.
    Agian orekatuegia ez ote zen planteatu zuen.

    -Mikel Aizpuruk ildo beretik, sintesia,
    oreka eta irakurtzeko erraza zela azpimarratu zuen (eta gauza gehiago, baina
    orain ez ditut gogoan).

    -Josune Ariztondok Sabino Arana bere
    testuinguruan kokatzeko egindako ahalegina, eta liburua arin eta erraz
    irakurtzen dela aipatu zituen.

    Nire iritziz:

    -Obra orekatuegia agian, baina
    hizlariak ere maiz orekatuegi aritu ziren.

    -Agirreazkuenagaren diskurtsua Sabino
    Aranaren aurretik izandako abertzaletasunaz harrigarria egin zitzaidan. Ea
    animatzen den artikulu edo liburu bat idazten horretaz guztiaz.

    -Sabino Arana eta euskararen arloan egindakoa ondo argitu gabe geratu
    zela iruditzen zait. Esate baterako hor daude euskal ortografia bateratzeko
    antolatutako Hendaia-Hondarribietako kongresuak (1901-1902). Kongresuetan
    azkenean ez zen ezer adostu, bateratu edo erabaki. Eta hori gertatzea nola
    izan zen posible? Besteak beste, Sabino Aranari “esker”. Emaitza? Euskararen
    bateratze prozesuaren atzerapena.

  • Jurgi K. G. says:

    Ez nuen uste halako kronika zehatzik izango nuenik! Mila esker benetan. Bestalde, pozten naiz ikustean mahaingurua egiazki interesgarria izan zela, eta liburuaren gainean ibili beharrean abertzaletasunaren sorrera izan zela hizpide.Nolanahi ere ez dut ondo ulertzen liburua “orekatuegia” zelako ustea. “Partziala” dela aurpegiratu izan balitzait, adibidez, kritikak zentzua izango luke, baina “orekatua” izatea akats bat al da? Bitxi egiten zait.

  • Arrazoi duzu, Karmele, Josebari kontra egiteko hitz egin nuen, nahiko bero gainera.
    Bi hitzetan saiatuko naiz azaltzen esan nuenaren ardatz nagusia.
    Bi modutan, funtsean, hitz egin dezakegu Sabinori buruz:
    a) Periklesi buruz hitz egingo genukeen bezala. Alegia, termino historiko-akademikoetan, distantzia hartuz, eta gure gremiokoei unibertstitatean erakutsi ziguten urrezko arauaren arabera: aiherrik gabe, ez alde, ez kontra; eta, ondorioz, epai moralik (edo balio-eparik, esango luke soziologo batek) tartekatu gabe.
    b) Gaur, hemen, eta guri, kezka handia sortzen diguten arazo sozial batzuei buruz iritzia emateko tresna (aitzaki?) bezala. Eta alde horretatik badirudi, funtsean, arrazakeriaz hitz egin beharko genukeela, baina ez, independentziaz, zehazkiago, Euskal Herriak independentzia politikorako duen eskubideaz, komenentziaz eta beharraz hitz egiten ari gara, funtsean. Areago, historialari (pentsalari) dependentistek (beren burua ez-nazionalistatzat aurkeztu ohi dutenek) sarritan (normalki) tranpa dialektiko bat egiten dute puntu hau azaltzean: independentziaz hitz egin nahi dugunean, beraiek arrazakeriaz mintzatzen erantzuten dute (hots, independentziazalea izatea esentzialki arrazista izatea da, iradokitzen digute). Tranpa horren muina hauxe da: independentzia politikoari “sabinianismoa” deitzea, eta Sabinori berari protonazi bat izatea egoztea. Ondorioa: independentistak “sabinianoak” gara, hots, arrazistak, hots, naziak, hots, Euskal Herri independiente batean Hitlerrek juduekin egin zuena egiten saiatuko gara: “espainolen” exterminio masiboa. Trikimailu dialektiko honen gurasoetako bat Antonio Elortza da, eta azken erakusgarrietako bat, Lizartzako alkate “demokratikoak” telebista-kate arabiar bati egindako adierazpenak.
    Baina, esango du norbaitek, zer ikusi du horrek guztiak Joseba Agirreazkuenagak esan zuenarekin? Berez, oso gutxi, Joseba eta bere lanak minimoki ezagutzen duen edonorentzat nabarmena denez. Hauxe da, dena den, neuk egotzi nahi izan niona: goian aipatu ditudan maila biak nahastea, nahikoa ondo ez bereiztea. Zeren, neuk behintzat, uste dut etengabeko ahalegin bat egin beharko genukeela maila biak ahalik eta garbien bereizteko, berez zaila bada ere.
    Ziur aski ez nuen asmatu ondo azaltzen eta, beraz, blog honek eskaintzen didan aukera baliatu eta eskertu nahi nuke.

  • Jurgi K. G. says:

    Kaixo Pruden,Mila esker liburu aurkezpenean esandakoak hona ekarri eta zehatzago azaltzeagatik. Ikusten dut debate polita piztu zela.Niri dagokidan heinean, liburuan Sabino Aranaren bizitza zuk aipatzen duzun lehen ikuspegitik lantzen ahalegindu nintzen, hau da, balio-epairik egin gabe, gauzak izan ziren bezala agertzen saiatuz. Uste dut irakurleak aski datu aurkituko dituela liburuan bere iritzi propioa sortzeko. Nik neuk, jakina, badut nire ikuspegi pertsonala Sabino Aranari buruz, baina ez zitzaidan bidezkoa iruditu liburuan agertzea: bakoitzak bere abiapuntuko ideien arabera epaituko du, eta niretzat positiboa izan daitekeen datua beste batentzat negatiboa izan liteke. Horregatik, zerbait ona edo txarra izan zen esan beharrean datua bera ematen saiatu nintzen. Jabetzen naiz ezinezkoa dela deskribapen erabat neutrala egitea, oharkabean ere balioespen batzuk ihes egiten digutelako, eta datuen hautaketan ere juzkuak doazelako inplizitu. Baina asmoa ahalik eta gutxien epaitzea izan zen. Liburuak irakurketa desberdinak ahalbidetzen baditu pozik nengoke.Postdata: Kaixo David. Ez dut uste bideorik grabatu zenik (egia esan ez dakit). Antza ez zen kazetaririk azaldu ekitaldian. Baina behintzat publikoa gustora geratu zela dirudi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude