El oasis vasco. Historialari ‘progreen’ topikoak

José Luis de la
Granja-ren El oasis vasco liburuaren aurkezpenean, euskal
historiografiari buruzko topiko batzuk azaldu ziren.
Izan ere, euskal historialari profesionalen artean bada talde bat, egun
hegemonikoa, aurreiritzi larriek zamatzen dutena.

                     

Liburu aurkezpena eta aurkezleak

Aurkezpena Bilboko
Casa del Libro liburu-dendan izan zen, 2007ko ekainaren 5ean. Gaia De la
Granja-ren azken liburua: El oasis vasco: el nacimiento de Euskadi en la República y la
Guerra Civil, 1931-1937
(Tecnos, Madril, 2007). Ez dut liburua
irakurri oraingoz eta beraz aurkezpenean esandakoak aipatuko ditut soilik.

Bi izan ziren hizlariak,
bata De la Granja bera eta bestea Ricardo Miralles, biak ere EHUko Historia
Garaikide Saileko irakasleak. Miralles-en zeregina, aurkezpenean, El oasis
vasco
obra eta bere egilea laudatzea zen, eta laudatu gura horretan ez zion
bere buruari muga handirik jarri, eta aski modu gordinean agertu zituen
bestetan sotilkiago esan ohi diren zenbait kontu. Gaurkoan pare bat ekarriko ditut,
hizkuntzarekin lotutakoa eta ideologiarekin lotutakoa. Lehenago, ordea, Miralles eta De la Granja biltzen
dituen historialarien belaunaldiaz zerbait aipatuko dut, beren iritzi eta
ikuspegiak aski zabalduta baitaude gremioko hainbat kideren artean.

Euskal historialarien talde hegemonikoa

Miralles-ek berak,
aurkezpenean, De la Granja euskal historialarien talde zabalago baten baitan
kokatu zuen: Javier Corcuera, Juan Pablo Fusi, Antonio Elorza, Pablo Fernández
Albaladejo, Fernández Sebastián… Belaunaldi hau izan zen, Miralles-en
hitzetan, euskal nazionalismoaren mito historikoak gaindituz euskal iragana
modu akademiko eta zientifiko batean lantzen hasi zena. Aurkezpenaren beste
momentu batean De la Granja-k ideia berean sakonduz, talde honen
profesionaltasuna nabarmendu zuen, horien aurrean beste bi talde
deskalifikatuz: espainolista errebisionistak batetik (Pío Moa eta halakoak),
eta euskal nazionalistak bestetik. Beraz, mutur bateko eta besteko
manipulatzaileen aurrean, De la Granja-ren taldea legoke, egiazko historialari
“serioen” taldea.

Talde honek bere
burua zientifiko, aseptiko eta objektibo gisa aurkeztu ohi badu ere, ez da
inondik ere neutrala. Hasteko historialari belaunaldi honetako partaide
gehienak soziologikoki PSOE ingurukoak dira. Franco hil ostean azaldu ziren,
kalitatezko zenbait lanekin, eta EHU sortzean bertan aurkitu zuten askok
bizibidea. Batzuk espainiar unibertsitateetara ere mugitu izan dira, baina
sarritan euskal gaien ikerketa mantenduz. Hola bada, unibertsitateetako
historia sailetan pisu handia izan dute, Euskal Herriari buruzko historia
akademikoaren baitan gailen izan dira, espainiar argitaletxe handiek maiz
publikatu dizkiete lanak, eta baita Espainiako eta Hego Euskal Herriko egunkari
nagusiek tokia eskaini ere dibulgazio eta iritzi artikuluetarako (El País,
El Correo…
). Laburbilduz: azken hiru hamarkadetan euskal historialarien
talde hegemonikoa osatu dute.

Ezin uka
historialari onak direnik, euskal historiografiari ekarpen garrantzitsuak egin
dizkiotenak (ziur naiz El oasis vasco honek ere auzi interesgarri asko argituko dituela). Hala ere, beharbada beren hegemoniak harrotuta, sarriegi erortzen
dira autokonplazientzian eta besteen kritika topikoetan, beren gabeziez eta
aurreiritziez ohartu gabe.

Euskal historiografiarik onena eta osoena?

Miralles-ek
aurkezpenean esan zuenez “el profesor De la Granja conoce toda, absolutamente
toda, la bibliografía sobre la política vasca de la II. República y ha escrito
el mejor libro sobre este tema que se haya publicado en cualquier lengua.”
Beharbada ez zuen hitz zehatz horiekin esan baina bi ideia horiek argi
nabarmendu zituen: 1) gaiari buruzko bibliografia guzti-guztia ezagutzen duela
De la Granjak (eta hori esan ahal izateko uste izatekoa da Miralles-ek ere
beste horrenbeste uste duela bere buruaz), eta 2) Ez omen dagoela ezein
hizkuntzatan liburu hau baino hoberik.

Badakit aurkezpen
bateko laudorioetan exagerazioa normala dela, liburua promozionatu beharra
baitago, baina irudipena dut historialari belaunaldi honen autosufizientzia
handiustearen isla ere badela. Izan ere, Miralles eta De la Granja –Fusi,
Corcuera, Elorza, Montero eta horiek guztiak bezala–  erdaldunak dira, ezgaiak euskarazko ezer irakurtzeko. Hortaz ez
da egia gaiari buruz idatzi den guzti-guztia ezagutzen dutenik, euskarazko
ekoizpen historiografikoa eta euskarazko iturriak, ezinbestean, albo batera
utzi baitituzte. Ez dut esan nahi euskaraz gaztelaniaz baino obra historiko
hobeak idatzi direnik halabeharrez edo euskarazko iturrietan izugarrizko datu iraultzaileak
aurkitzen direnik. Seguruenik dagoena gutxi da, eta agian ez oso nabarmena.
Baina Miralles-ek (eta berdin bere belaunaldiko historialariek) ezin
irakur dezake gutxi hori ere. Beraz a priori baztertzen dute, ez
kalitatezko arrazoi akademikoen arabera, baizik beren gabezia baten ondorioz,
eta gainera gabezia horretaz ohartu ere egin gabe (eta Mirallesen kasuan
alai aski adieraziz den-dena irakurri duela eta ez dagoela hoberik
ezein hizkuntzatan).

Eta ez da ez-ikuste
soila, euskarari buruz ezer aipatzean -gutxitan- aurreiritziak ohikoak baitira
historialari talde honetan. Adibidez, aurkezpenean Miralles-ek aipatu zuen De
la Granja-ren liburuak argi erakusten duela garaiko euskal gizartean prentsak
hartu zuen garrantzia, enfatikoki nabarmenduz prentsa hori oso nagusiki
gaztelaniaz idatzi zela. Ez zuen euskararik aipatu, baina zalantzarik gabe
inplizituki hizkuntza bat eta bestea konparatzen ari zen, eta gaztelania gorago
zegoela iradokitzen zuen. Miralles-en irakurketa pertsonala izan ote zen, ala
De la Granja-k horixe bera adierazten du liburuan? Aipatzen ote du liburuak
euskarazko kazetaritza urri eta ahulak jasan zituen traba legal eta jazarpen
politikoak? Euskarazko iturririk ezin irakur dezakeen historialari batek esan
ote dezake auzi horiei buruz ezer objektibotasunez?

Lizarrako estatutuaren inguruan politika anakronikoak

Historialari
hauen belaunaldian ohikoa izan da euskal nazionalisten esentzialismoak
eta mitoak salatzea, eta horren aurrean arrazoia eta zibismoa defendatzea, bai historia
ulertzeko eta bai politikoki jarduteko. Zentzu horretan erraz asko igaro dira
historiaren analisitik gudu ideologikora.

Liburu aurkezpenean
ezin falta halako irtenaldiak. Hola Lizarrako estatutua aipatzean, Miralles
apur bat berotu egin zen, eta jeltzale eta karlistek 1931an onarturiko estatutua
inkonstituzionala zela salatu zuen, arrazoiz deitu zitzaiola “Gibraltar
vaticanista” erantsiz. Non geratu dira historialariaren arrazionaltasuna eta
neutraltasuna? Izan ere, “Gibraltar vaticanista” izena garrantzitsua da garaiko
ikuspegiak ulertzeko, baina nekez esan liteke objektiboa denik.

Bestalde,
kuriosoa da nazionalisten mitoen salatzaile zenbaitek zeinen erraz sortzen
dituzten formula mitiko berriak: “Lizarrako estatutua inkonstituzionala zen”.
Hitz horiek erabili zituen Miralles-ek. Bada ez, ez da egia: Lizarrako
estatutua onartu zen unean (1931ko ekainean) Errepublikak ez zeukan oraindik inolako
konstituziorik (sei hilabete beharko zituen idazteko), beraz Lizarrako estatua onartu zenean
ezin izan zitekeen inkonstituzionala, asko jota alegala izango zen, edo errepublikarren ikuspegi laikoaren aurkakoa, baina ez
inkonstituzionala. Horra mito bat.

Jose Antonio Agirre Lizarran, 1931

Lizarrako
estatua Errepublikako agintariek baztertu izana erabaki zuzentzat jo
zuen orobat Miralles-ek aurkezpenean: hori ez omen zen bidea, karlisten asmoa
Lizarrako Estatutuaren bidez Errepublikari aurka egitea baitzen eta
beraz Errepublikarentzat kaltegarria izango zen. Miralles, historialari
gisa gertaerak aztertzera mugatu ordez garaian kokatu eta orduko
politikan parte hartzera jostatu zen beraz. Izan ere,
Lizarrako testua indarrean jartzea Errepublikarentzat kaltegarria ala
onuragarria izango ote zen ezin jakingo dugu inoiz.

Historia
kontrafaktualera jolasten hasita oso bestelako aukerak ere plantea
litezke: nork ziurta dezake Errepublikak Lizarrako Estatutua onartu
izan balu karlistak ez ote ziren lasaiago geratuko? Agian Franco
altxatzean karlistek uko egingo zioten haren alde jartzeari argudiatuz
beraiek ondo zeudela Errepublika baitako euskal estatu “vatikanistan”,
eta agian, horri esker Errepublikak gerra irabaz zezakeen. Auskalo.
Ziur esan dezakeguna da EAJ-k, Miralles-ek defendatzen duen bide
errepublikar “zuzena” segitu ostean, estatutua ezer gutxirako lortu
zuela, berehala gerra galdu eta 40 urteko diktadura etorri baitzen.
Horra zertarako balio izan zuen “bide zuzena” segitzeak. Gertaerak
deskribatzetik eta analizatzetik haratago moralkerian hastean halako
emaitza tamalgarriak irten daitezke.

De la Granja-k ere bere juzku ideologikoak lan akademikoetatik kanpo utzi beharko lituzke. Izan ere, aurkezpenean esan zuenez,
beretzat Lizarrako estatutuan okerrena ez omen zen eliz auzia baizik
immigranteei 10 urteko erresidentziaren baldintza ezartzea eskubide
politikoak eskuratzeko. Lotsagarria omen zen politika etnizista hura.
Deigarria da batzuk nola eskandalizatzen diren duela ia mende bat
jazotako gertaerekin eta aldiz txintik ez duten esaten gaur egungo
Espainian ehunka mila immigrantek eskubide politikorik ez izateari
buruz. Noiz onartuko zaie egungo hegoamerikar edo magrebiar
immigranteei  10 urtez Espainian bizita eskubide politikoak lortzeko
aukera? Agian De la Granja-k harantzago joanez berehala emango lizkieke
eskubide politikoak? Halakorik ez egitea ez ote da politika etnizista?
Zer da orduan etnizismoa, euskal nazionalistek egin zutena soilik?

Iruzkinak (5)

  • Pruden Gartzia says:

    Pio Moa aipatu omen zuten “espainolista errebisionista” artean, baina “euskal nazionalisten” artean inor aipatu zuten?Ez da kuriositate morbosoa. Kontua da Mirallesen taldekoek (hots goian aipaturikoek) sarri deskalifikatzen dutela beraiek “historigrafia nazionalista” deitzen dutena, baina normalki ez dutela inor konkretuki aipatzen. Alegia, ni prest egon naiteke afirmazio zehatzak eta lan zehatzak eztabaidatzeko, baina ez dut onartzen deskalifikazio orokor eta zehazgaberik. Eta horrela jokatzen dutenek garbi demostratzen dute zertzat hartzen gaituzten euskaldunok: egiazko erlijiora (hots, “progresismora”) konbertitu beharreko indio gixajotzat. Horra askoren “progresismo”-aren muina.Nire esperientziaren arabera ezinezkoa da termino horietan inolako eztabaida intelektualik izatea. Horregatik, agian, nik neuk ebitatzen ditut.Oharra: “euskaldunok” jarri dudan lekuan, jar daiteke lasai asko “abertzaleok”; nik neuk diferentzia badela garbi ikusten dut, kontua da beraietako askok ez ohi dutela ikusten (hots, indioak gara, eta kitto) (bide batez, noizbait “indio” kategoria soziologikoaren azterketa bat egin beharko genuke, “beltz”, “mairu”, “judu”, “ijitu” eta antzekoen panteoi arrazista europarrean kokatzeko; nago hori dela xenofobia antibaskoaren termino klabeetako bat, hala nola “maketo” edo “koreano” xenofobia antiespainolaren termino arruntak izan diren).

  • Ez, ez zuten “euskal nazionalistek” idatzitako mitoak salatzean izen konkreturik bat ere aipatu. Ohi bezala salaketa generikoa da, topikoa…

  • Jurgi K. G. says:

    Kaixo David,

    Europako historiaren gaia ez dut ahantzia baina hurrengo batean izan beharko da.

    Zer gertatu zen 1916an euskal hiriarekin lotuta? Bada zuk diozun bezala
    ez noa sorpresa zapuztera. Soilik aipatuko dut “euskal hiria”-ren
    ideia, Atxagak famatu bihurtu duena, ez dela gure egunotan sortua,
    baizik dexente zaharragoa. Izan ere, (eta propaganda egiteko aprobetxatuko dut) Eibarren datorren hilean egingo den UEUren historia ikastaroaren gaia Euskal hiria historian zehar da. Nire hitzaldiari “Euskal hiria 1916” izenburua jarri diot, data horretan zerbait jazo zelako, baina oro har garaiko Euskal Herriko hirietan euskarak bizi zuen egoera sozial eta ideologikoa izango dut mintzagai.Eta auzi hau De la Granja-ren libururekin uztartuko dut. Liburuaren atal batzuk irakurri ditut, adibidez, prentsari buruzkoa, eta bertan aurkezpen egunean Miralles-ek botatako topiko gordinik ez dut ikusi, zorionez. Zentzu horretan, maila idatzian bederen, formak hobeto gordetzen daki De la Granja-k. Alta ez da gabeziaren bat falta. Hola, adibidez, de la Granja-k aipatzen du Euzkadi egunkariko euskarazko zutabea 1934ko urriko grebaren ondoren agintariek galarazi egin zutela (1935eko martxora arte). Ez du aipatzen, ordea, euskara hutsezko Ekin aldizkari erlijiosoa ere galarazi egin zutela epe horretan: Euzkadi egunkaria nagusiki gaztelaniaz egonik, De la Granjak ardura hartu du berau aztertzeko, eta ohartu ere egin da euskarazko zutabea falta zuela zenbait hilabetez. Aldiz Ekin euskara hutsez zegoenez De la Granja ez da molestatu berau aztertzez eta jakintzat eman du Errepublika garaian zehar etenik gabe atera zela. Ez da harritzekoa, orobat, De la Granjaren liburuko bibliografian euskarazko lanak oro faltatzea, halanola gai honekin zuzenki lotuta dauden Diaz-Nociren liburuak euskarazko prentsaren historiaz.Hola eraiki da euskal hiriaren (euskal kulturaren, euskal letren…) historia, zentsura, ahanztura eta bazterketa artean.

  • David Moya says:

    Paulo Iztuetaren 1991ko Orixe eta bere garaia ere aipagarria da. Basurdea Euzkadi aldizkariko euskarazko orriaren zuzendari izan zen. Gutxik hartu dute Iztuetak bezalako lanik euskararen mundu intelektuala aditzera emateko. Hori ere ezezaguna zaie erdaldun hutsei eta euskaldun askori, nahiz eta Txillardegik propagandatxoa egin.

Utzi erantzuna Jurgi K. G.(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude