Emakume Langileen Nazioarteko Eguna: historia ezezaguna

Topikoa da gaur
martxoak 8 emakumeez hitz egitea. Alta, topikoa izanagatik, data honen
historiak, emakumeen historia osoak legez, aski ezezaguna izaten dirau.
Zergatik ospatzen da gaurko egunez?

New York-eko
fabrikako sutea (1911)

Sarri xamar entzuten den bertsio batek dio, AEBko oihalgintza fabrika batean jazo zenak eragin zuela martxoaren 8ko eguna. Izan ere, egun hartan, bertako emakume beharginak greban zeuden pairatzen zuten esplotazio laborala salatzeko, enpresan itxita, eta ugazabek su eman zioten eraikinari ehunka emakume bertan errez.

Iturriek diotenez gertaera izugarri haiek egiazkoak izan ziren, baina
ez ziren zehazki martxoaren 8an gertatu, ezta 1857 urtean ere (zenbait
tokitan aipatzen denez), baizik 1911ko martxoaren 25ean, New Yorkeko Triangle Shirtwaist fabrikan.


                                                                                        Triangle Shirtwaist

Ez omen dago guztiz argi ere ugazabek sua eman ote zioten fabrikari ala sutea istripua izan zen. Maiz gaizkile absolutuak bilatzen ditugu ohartu gabe zapalkuntza, bortxa eta krimena, gertaera monstruoso bakanetan bainoago eguneroko lan baldintza “arruntetan” egon litekeela. Hola, sutea piztu zein ez, zalantzarik gabe baiezta daiteke enpresako buruak erantzule zuzenak izan zirela:

Oihal fabrikako emakume langileak, gehienak italiar eta judu immigrante gazteak, asko nerabeak, astean 1,5 dolarren truke 60 ordutik gorako lan jarduna zuten. Lan baldintza inhumano haiengatik protestatzeko lau hilabeteko greba egin zuten 1910ean, baina ugazabek ez zituzten emakumeen sindikatuaren eskariak onartu. Fabrikan material inflamableak (oihalak, paperak, gasezko iluminazioa, zigarretak…) inolako segurtasun neurririk gabe zeuden, eta extintorerik ez egoteaz gain, hainbat solairutan atzeko ateak giltzatuak zeuden emakume langileek atsedenik har ez zezaten eta sindikatuak handik ibil ez zitezen. Hola, 1911an sutea hasi zenean, beheko solairuetako emakumeek ihes egin ahal izan zuten, baina bederatzigarren solairuko ate nagusia garrek blokeatu zutenean, ez zen atzeko aterik irekita egon. Su artean harrapatuta, emakume batzuk, leihoko kristalak apurtu eta jauzi egin zuten, gutxi batzuk bizirik irtenez. Gehienak su artean hil ziren, 146.

Emakume langileen nazioarteko eguna ez zen gertaera haien haritik sortu. New York-en jazotakoak lan legedia (eskubide eta segurtasun arloetan) hobetzeko balio izan zuen. Baina, horrez gain, suteak oihartzun handia izan zuen, eta emakumeen borrokan mugarri izan zen. Izatez, Estatu Batuetan, sufragismo eta emakume langileen errebindikazio eta greba mugimenduen haritik, jada 1909an, AEBko Alderdi Sozialistak, Emakumeen Egun Nazionala ospatzea erabaki zuen, hurrengo urteetan otsaileko azken igandeetan errepikatuko zuena. Langile mugimenduaren giro horretan joango zen munduan zehar emakumeen eguna finkatzen.


Emakumeen Eguna langile mugimenduari lotuta (1910-1916)

1910 urtean, Copenhagen bildutako Emakume Sozialisten II. Konferentzia Internazionalak, Clara Zetkin aleman ordezkariaren ekimenez, aurrerantzean Emakume Langileen Eguna ospatzea erabaki zuen, emakumeen errebindikazioak babesteko (sufragioa, berdintasun legala, eskubide laboralak…).

                           
                          Clara Zetkin (1857-1933)

Hamazazpi herrialdetatik heldutako ehun emakumek baino gehiagok
berretsi zuten proposamena, eta Emakume Langileen Eguna,
aurrenekoz, hurrengo urtean ospatu zen, 1911ko martxoaren 19an.
Ekimenak Austria, Alemania, Suedia eta Danimarkan izan zuen
jarraipena, orotara milioi bat pertsona mobilizatuz (mitinetara,
manifestazioetara…), emakume zein gizon.

Ospakizuna hurrengo urteetan ere errepikatu zen, baina ez beti egun berberean, ezta herrialde guztietan berdin ere. AEBn, esan bezala, otsailaren azken igandeetan izaten zen. Errusian ere hilabete amaiera hori hartu zuten 1913an Emakume Langileen Eguna lehenengoz ospatzeko, baina beren egutegia ez zetorrenez bat mendebaldekoarekin, ez zen Amerikako data bera. Europan, aldiz, martxoan egiteko ohitura zegoen, hilaren 8 inguruan, nahiz ez beti egun horretan. 1914az geroztik, Emakume Langileen Eguna gerla hasi berriaren aurkako protestak egiteko ere baliatu zen.

Emakume Langileen Eguna eta Errusiako Iraultza (1917)

Gerra tarteko, 1917 urterako, Errusiak bi milioi soldadu galdu zituen (gehienak borrokara joatera behartutako nekazari eta langileak) eta gosetea hedatzen ari zen. Egoera izugarri horren aurrean, 1917ko otsaileko azken igandean, Petrogradeko emakumeen artean greba egiteko deia zabaldu zen, “ogia eta bakea” eskatuz. Langile mugimenduko buruei greba desegokia iruditu zitzaien, baina ezustean emakumeek hasitako protestak arrakasta handia izan zuen eta iraultza giroa Errusia osora zabaldu zen, lau egun geroago Tsar-aren abdikazioa ekarriz.

                    

Errusiar egutegiko otsaileko azken igande hura, mendebaldeko egutegian martxoak 8 egunari zegokion, eta laster errusiar beraiek hartu zuten egutegi hau. Hola, Emakume Langileen Eguna martxoaren 8ari lotuta geratu zen definitiboki, eta hala ospatu zen aurrerantzean, Errusian zein mendebaldeko herrialdeetan.

Egunaren bilakaera (1918-2007)

Data finkatu arren, aurkitu ditudan iturriek iradokitzen dutenez (kontua ez baitago guztiz argi), badirudi ospakizuna gainbehera joan zela hurrengo urteetan, nahiz ez desagertu. Sobietar Batasunean bertan, Alexandra Kollontai boltxebike feministak Lenin konbentzitu bazuen ere eguna ofizial bihurtzeko, martxoaren 8ak lan egun izaten segitu zuen 1965 arte (maiatzaren 1a, adibidez, opor egun zen bitartean). Mendebaldean, 1960ko hamarkadatik aurrera, mugimendu feministaren jalgitzeari lotuta, Emakume Langileen Egunak indar berria hartu zuen.

               

Interesgarria litzateke Euskal Herriko kasuan egun honen historia ezagutzea. Ospatu ote zen gerra aurretik? Zein bilakaera izan zuen 1960-1970etan? Ze diferentzia antzematen da euskal herrialde desberdinetan? Zein harrera sozial izan zuen garai bakoitzean? Nortzuk sustatu zuten egun hau Euskal Herrian?

1975ean Nazio Batuen Erakundeak, Emakumeen Nazioarteko Urtea ospatu zuen, aurrerantzean urtero mundu osoan emakumeen eskubideen aldeko egun bat egitea gomendatuz. Hola, 1977an NBE ofizialki hasi zen Emakumeen Eguna ospatzen, eta mendebaldean ez ezik hirugarren munduko herrialde askotara ere zabaldu zen ekimena. Aipagarria da NBEk kontu berezia izan zuela egun honen jatorri sozialista tapatzeko.

Gaur egun, herrialde askotan martxoaren 8ak izaera errebindikatiboa gordetzen badu ere, beste askotan esanahi ideologikorik gabeko emakumeen omenezko ospakizun tribial bihurtu da, San Valentin eta Amaren Egunaren arteko zerbait. Adierazgarria da oso, egunari berari Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izena barik, Emakumeen Eguna deitzea soilik (edo Emakumeen Nazioarteko Eguna erdibidekoa). Gure erakundeek ere azken aukera erdibideko hau (ez oso konfliktiboa) hobetsi dute NBEren bidetik. Egun honek, ordea, jatorrian eta helburuetan, esanahi argi bat zuen. Ez emakumeei omenaldi neutro bat egitea, emazte, alaba, ama edo maitale izateagatik, baizik beren langile izaera aintzat hartzea (emakumeei, etxean zein kanpoan lan egin arren, izate hori maiz ukatu baitzaie), emakume izateagatik pairatzen duten diskriminazioa salatzea eta beren eskubideak defenditzea.

(Iturriak: ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez)

Iruzkinak (6)

  • David Moya says:

    Kaixo Jurgi:Eskaera bat egitera natorkizu. Alemaniako hezkuntza eta ikerketa-ministroak, Annette Schavan demokristauak, amankomuneko historia eskuliburu bat eskatu du Europar Batasuneko herrialde guztientzat. Zuk berriz, orain dela ez asko eta oker ez banago, pareko gaia landu duzu euskal curriculuma dela eta. Eskatzen dizudana zera da, blogean idatz dezazula mezu bat, beti ere medio honek behartzen duen arintasunaz, Europar historia batuaren inguruan. Edonola ere, ongi izan.

  • Joan Uribe says:

    Oso testu interesgarria ekarri diguzu, hala
    ere oraingo honetan zure irakurleak ez dirudi gaiarekin identifikatu direnik.
    Azken finean Emakumearen egunari buruzkoa da, eta beraz, emakumeentzat
    idatzia… Badirudi blogean landu dituzun beste gaiak Unibertsalak, edo interes
    orokorragokoak izan direla, martxoaren 8ari buruzkoa aldiz, gai mugatuagoa
    dirudi. Hori da ematen duena, agian kasualitate hutsa da… (edo ez). Gaur egun
    eskubide urraketa formalak desagertze bidean badaude ere (ikus oharra), bazterketa sibilinoagoak,
    ia nabari ez direnak, hortxe daude. 

    Emakume eta gizonen arteko eskubide
    berdintasunetik harago ere, hainbat egiteko dago, emakumeak gure jendartearen
    ERDIGUNEAN kokatzeko. 

    OHARRA: Beno, hau guztia orokorrean diot, ze nire herrian formak ere ez dira
    gordetzen. Esate baterako, 2006ko martxoaren 6ko datarekin, gure herriko alkate
    andreak eskutitz bat bidali zuen  etxera,
    “emakumeentzako babes etxeetan sartzeko baldintzak” eta diru-laguntzak zeintzuk
    ziren adieraziz. Gehien bat genero-indarkeria jasan edo baliabiderik gabe,
    etxetik alde egin nahi, edo familia osoaren kargu dauden emakumei bideratutako
    karta zen. Horra arte, dena zuzen. Kontua da, eskutitza gure etxera, gizonaren
    izenean heldu zela…

  • David Moya says:

    Itxaro Bordari irakurria: Pitxuk (jaraunzpenean) uzten du Korrika 15aren antolatzaileei Karabana Handia euskal
    emakumea omentzeko proposamena, ohartu baita hil aitzineko egunetan,
    emakumeria ma(g)ma dentsoa eta bana ezina bailitzan, emazteak globalki
    ohoratuko direla, gizonek aldiz izen deitura zehatzak merezi
    dituztelarik, eta entzutearren Maite Idirinen
    Ahizpatasunaren haizea samurraAnnette Schavan, aldiz, bere meritu pertsonal eta transferiezinen bidez ailegatu dela Alemaniako ministro izatera, hori da nire nahia.

  • Jurgi K. G. says:

    Kaixo David,Annette Schavan-en proposamena interesgarria da. Agintzen dizut datorren astean idatziko dudala horretaz zerbait. Mila esker proposamenagatik. Kaixo Joan,Arrazoia duzu. Badirudi emakumeen historia ez dela oso erakargarria suertatu blog honen irakurleentzat (erantzunak behintzat gutxi izan dira). Irakurle gehienak gizonezkoak direlako? Bloga irakurtzen duten emakumeek hemen idazten denbora galtzea baino zeregin hoberik dutelako? Gaia astunegi tratatu dudalako? Auskalo. Edozein kasutan zure mezuak David animatu du Itxaro Bordaren aipu interesgarri bat ekartzera. Eskerrak beraz bioi. Egia baita, oraindik ere emazteen historia nahiko bazterrekoa dela, eta tratatzen denean ere “emakumeria ma(g)ma dentso” bat bezala aztertzen dela, gizonak izen-deiturekin agertzen diren bitartean. Niretzat ere kontuan hartzeko oharra.Laster arte,

  • Aupa Jurgi!
    Nik uste dot idatzi dozuna oso interesgarrixe dala (bai emakumiontzako ta bai gizonantzako). Ospatzen dogun, edo aldarrikatzeko erabiltzen dogun egune, hobeto esanda, nondik nora datorren jakitxie biher izenezkoa da.
    Besterik barik, zorixonak ta segidu idazten!
    Agur

Utzi erantzuna Joan Uribe(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude