CORD-19 delako txapelketa (COVID-19 Open Research Dataset Challenge) hainbat erakundek antolatu dute, tartean dira Allen Institute for AI, Chan Zuckerberg Initiative, Georgetown University, Microsoft Research, National Institutes of Health eta Etxe Zuriko Office of Science and Technology Policy. Antolatzaileek COVID-19, SARS-CoV-2 eta beste koronabirus batzuei buruzko 50.000 artikulu zientifikotik gora jarri dituzte eskuragarri munduko ikerketa-komunitatearentzat. Horrekin batera, adimen artifizialeko ikertzaileei ekintzarako deia egin zien hizkuntzaren prozesamenduan berriki egin diren aurrerapenak aplika zitzaten, COVID-19 gaixotasunaren aurkako borrokan ari diren zientzialariei laguntzeko literatura zientifiko horretan lagungarri zaien informazioa ahalik eta errazen bilatzen.
Txapelketaren lehen fasean 10 sari banatu dituzte, eta horietako bat irabazi du HiTZ zentroko Ixa taldean garatutako sistemak. Sistemaren garapenean Euskal Herriko Unibertsitateko Arantxa Otegi eta Jon Ander Campos ikertzaileek eta Eneko Agirre eta Aitor Soroa irakasleek hartu dute parte.
Hauek garatutako sistemak COVID-19 gaixotasuna eta SARS-CoV-2 birusaren inguruan adituek dituzten lehentasunezko galderen erantzunak bilatzen ditu aipatutako artikulu zientifiko horiek aztertuz. Sistema hau erabilgarria da, besteak beste, koronabirusaren historiaren, birusaren kutsatze eta diagnostikoaren, gizakien eta animalien arteko ukipenean hartu beharreko prebentzio-neurrien eta aurretik egindako azterketa epidemiologikoetako ikasbideen inguruko galderen erantzunak aurkitzeko. Sistemaren emaitza Estatu Batuetako NIH delakoaren aditu talde batek epaitu du, eta “What do we know about diagnostics and surveillance?” (Zer dakigu diagnostiko eta zaintzari buruz?) gaiaren inguruko galdera-sortari hoberen erantzun dion sistema bezala aukeratu dute. Sistemak emandako erantzunak hemen ikusi daitezke.