Ixa Taldia, Abbadia Saria

Hau poza! Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen egunean Abbadia Saria eman digu!

Abadia_ixaHonela azaldu da Foru Aldundiaren Bulego Digitalean:

Garai berrietan euskara lantzeko tresna berriak sortzeagatik jaso du Ixa taldeak Abbadia saria

Ekitaldiaren bideoa ere argitaratu dute Foru Aldundiaren www.gipuzkoa.tv gunean:

  • 21:24 Maite Goñiren laudorioa
  • 28:14 Saria ematea
  • 28:25 Martin Garitano Ahaldun Nagusiaren hitzak
  • 32:50 Arantza Diaz de Ilarrazaren hitzak

Abadia_IxaDSC_0926

Hauek dira Arantza Diaz de Ilarrazak taldearen izenean eskerrak emateko irakurri dituen hitzak:

Lehenik eta behin, Ixa taldearen izenean, esker ona adierazi Gipuzkoako Foru Aldundiari gaur ematen digun Anton Abbadia sari honengatik. Ohore bat da guretzat sari hau jasotzea, euskararen normalizazioari egindako ekarpenaren errekonozimendua den neurrian. Esan beharrik ez dago, gure bidean jarraitzeko indarra ematen digu.

Badira 25 urte hasi ginenetik, Informatika Fakultatean, euskara automatikoki tratatzeko tresnak eta baliabideak sortzen. Hasieratik argi izan genuen, hizkuntza-produktuak garatu ahal izateko, azpiegitura eta oinarriak eratu eta finkatu behar zirela aurrena, eta horri ekin genion. Horretarako diziplinarteko lantalde bat behar zen: hizkuntzaren ezagutza sakona izango zuten espezialistak, batetik, eta ezagutza hori ikuspuntu informatikotik formalizatu eta ustiatuko zutenak, bestetik. Horrexegatik dihardugu, elkarlanean, hizkuntzalariek eta informatikariek; eta esan dezakegu, urte hauen ondoren, linguistika konputazionala Euskal Herriko Unibertsitatean bizirik eta bizkor dagoen ikerketa-arlo bat dela.

Gurea, batez ere, talde-lana da; urte hauetan jende askok jardun du gurekin eta horiekin konpartitu nahi genuke sari hau ere. Beste talde eta erakunde askorekin lankidetzan aritu gara, eta horiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu.Hasiera batean ia bakarrik ginen hizkuntzaren tratamendu automatikoan, baina gaur egun talde asko ari dira Euskal Herrian arlo honetan: batzuk, hizketaren tratamenduan; beste batzuk, edukien kudeaketan; itzulpen automatikoan; irakaskuntzarako tresnak garatzen; gero eta aurreratuagoak diren aplikazioak definitzen eta inplementatzen. Gure artean ohikoa bihurtu den esamolde batez esateko, polita litzateke talde horien guztien lana eta ekimenak bateratzeko bideak indartzea.

Gaur, gogoratu nahi genituzke bereziki Foru Aldundi honen laguntzaz garatu genituen lehen proiektuak, horiek izan baitziren, hain zuzen, diru publikoz finantzatutako gure estreinako proiektuak: 1988an, “Euskara-Gaztelania itzulpen automatiko mugaturako tresna lagungarrien diseinua” izan zen lehena; gero etorri ziren “Euskararako zuzentzaile ortografiko eta analizatzaile morfologikoa”, “HAIN: Hizkuntz Aplikazioetarako Ingurunea”, “Itzulpenetarako hiztegi-sistema lagungarria”, “Euskararako lematizatzaile/etiketatzaile automatikoa”, eta abar. Hasierako diru-laguntza haiek ezinbesteko urratsa izan ziren gero Gasteiztik, Madrildik eta Bruselatik hainbat proiektu lortu ahal izateko. Alde horretatik, beraz, gure esker handiena zor diogu Aldundi honi.

Ordutik hona lan handia egin da, baina oraindik ere asko dago egiteko. Eta ez gara bakarrik ari hizkuntza-produktu edo -aplikazio konkretuez; horiez ere bai noski, baina, horiek garatu ahal izateko, azpiegiturak sendotzen jarraitu behar da eta prestakuntza espezializatua bermatu behar da. Azpiegitura horietan garrantzitsuenetako bat Erreferentzia Corpus Nazional bat sortzea litzateke, halako hizketa- eta testu-corpus bat, beste ikertzaile askorentzako tresna baliotsua izateaz gain, ezinbesteko baliabidea baita hizkuntza-produktu eta -aplikazioak garatzen jarraitzeko.

Hizkuntza bat gaur egungo munduan aurrera aterako bada, eguneroko komunikazio-tresna izatea nahi baldin badugu, eta hori nahi dugu euskararako, ezinbestekoa da teknologia berriak hizkuntzaren eremura ekartzea eta hizkuntza bera ere egokitzea teknologia horietan eroso bizi dadin.

Hori da dena. Eskerrik asko, berriz ere, taldearen izenean.

Hemeroteka

EHUko IXA Taldeak Anton Abbadia saria jasoko du gaur, euskararen normalizazioan egindako lanarengatik
noticias de Gipuzkoa Premian al grupo IXA por el desarrollo del euskera en la tecnología
El grupo Ixa de la UPV ha recibido esta noche el premio Antton Abbadia (44’25”)
Antton Abbadia saria jaso du gaur iluntzean EHUko Ixa taldeak (35’50”)
gipuzkoaberri.net Garai berrietan euskara lantzeko tresna berriak sortzeagatik jaso du Ixa taldeak Abbadia saria (ekitaldiko bideoa)
Abbadia saria jaso du IXA taldeak
Euskara informatikaren aroan txertatu duela eta, Abadia saria Ixa taldeari
ehu.es IXA Taldeak jaso du Anton Abbadia saria
Ixa taldeak jasoko du Anton Abadia saria
INFOZAZPI irratia Quark saioa (2013/11/22)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude