Itsas bazterreko eta ibaiertzeko hiri modernoa I: zabalguneak inauguratutako uraren eta lurraren arteko paisaiaren erlazio arkitektoniko eta estetiko esanguratsuak

Aurreko atalarekin erlazio zuzenean, 1813tik gutxi gora behera 1936ra doan denbora tartean (Donostiako inbasio eta sutetik Guda Zibilaren hasieraraino) Donostia modernoa sortuz joango da, batez ere turismorako hiriaren ildotik (zenbait gatazkaren ondoren hiri jakin batzuk aisialdirako aukeratzeko Europako aristokraziak erakutsi zuen joerarekin), baina baita ekonomia konplexuagoarekin ere, XX. mendea aurreratu ahala.

Hiri historikoaz haratago

1813ko katastrofearen eraginez Donostiak hiri ‘historikoa’ izateari utziko ziola ziurtatuko digu J. J. Martin Gonzalezek, behintzat ‘historiko’ hitz horrek espresatzen duen adierarik tradiziozkoenean. Ikuspegi urbanistikotik erabat berrituak izan diren hirietan gertaturiko transformazio handiak kontuan hartuta dio autoreak aipatutako ideia, hortik aurrera jasandako garapenak hiri berriaren traza anitzekin, gizarte egoerarekin eta garaian garaiko planteamendu estilistikoekin kateatuz. Eboluzio horrek gizartearen eta hiriaren eraikuntzaren modelo konkretu batzuk agerian utziko ditu, lehenengo itsas bazterreko hiriaren eta gero ibaiertzeko metropoliaren irudi urbanoa baldintzatuz. Alde honetatik, aldakuntza erabakigarrienak hirigintzako teknikak berak ahalbidetuko dizkigu, ondoren lurzoru horiek okupatutako eraikin publikoek –batez ere– jarrera estetiko eta estilistikoak bultzatu arren.


Argazkiak.org | (1) © cc-by-sa: isusko 1.- Sutearen lehenagokoa Donostia hiria.

* Marrazki ilustratuaren jatorria: SAGÜES SUBIJANA, Miguel. Urgull. Historia de San Sebastián, Donosita: Hariadna, Donostiako Udala, 2005; 134. or.

Bestalde, 1841ean euskal foruen aldakuntzarekin eta zeinu liberaldun botere politikoarekin (Lehen Karlistadaren fruituak) industrializazio prozesuak eragingo du etengabe Hego Euskal Herrian. Urte horretan Bilbon siderurgia modernoa agertuko da, berarekin batera dakarren paisaiaren aldaketa estetikoarekin eta nukleo urbanoetako eraldaketa bortitzekin[1]. Burdinaren ustiakuntzak ibaia edota itsasoa garraiobide zuen bezala edukiz, are eta gehiago behar izango ditu ur-fronteak siderurgia eta metalurgia handiak. Industrializazioarekin batera, Donostiako kasuan aduanak kostaldera atzeratzeak eragina izango du, merkatu nazionala euskal produktuei aske utziz eta etapa historiko berria abiatuz. Aduana, kontzeptu administratibo-polítiko eta ekonomikoa ez ezik urbanistikoa ere bazen nolabait. Aduanak muga suposatzen zuen eta muga-lerro horiek aditzera ematen zituzten pasabideak nahiz arkitekturak ohikoak ziren, hauetako asko kostaldeko hirietan eta batik bat portu-espazioetan finkatuz[2]. Berrikuntza hauekin batera portuko kai inguruetan eta, oro har, itsas bazterreko espazioetan kokatuko ziren biltegiak, sotoak eta gordegiak.


Argazkiak.org | (2) © cc-by-sa: isusko 2.- Portuko espazioak eta antzinako harresiaren aurriak.

Hiri modernoaren hastapenak

Azkenez, 1863. urtea benetan klabea izango zen Donostiaren historia urbanoan eta hiriak itsasoarekin pairatu izan duen talka-harreman etengabean. Harresien kortseak desagertuz[3], Kortazar ingeniariaren plano berriak hirigintza modernoa inauguratu zuen Donostian, zabalguneen aroari ongietorria emanez. Gerora, hiriaren eta uraren arteko erlazio gatazkatsuak ez ziren soilik itsasoari aurpegia eskainiko zion espazio urbano berrira mugatuko. Aitzitik, Urumearen meandroen okupazioak orduraino ezezaguna zuen dimentsioa ireki zuen, ibaiaren bi alderdiak apurka-apurka padurako lokatz bustia izatetik sekulako balio estetiko eta plastikoak dituen espazio urbano izateraino jasandako ibilbide txit laburrean.


Argazkiak.org | (3) © cc-by-sa: isusko 3.- Kortazarrren lehen planoa.

* Planoaren iturria: MARTÍN RAMOS, Ángel. Los orígenes del ensanche de Cortázar de San Sebastián, Bartzelona: Fundación Caja de Arquitectos, 2004; 68. or.

Bilboren kasuan ikusi genuen gisan, XIX. mendearen azkenaldian eta XX.aren hastapenean zabalgunearen gorpuzte prozesuak lerro zuzenak eta perpendikularrak marrazten zituen planoa erakusten zuen garbiro. Alabaina, Bilbon ez bezala, hiri primitiboa zabalgunearekin elkartuz ur-fronteei begira jarri zuen Donostia, bai Urumeako ertzetako kanalizazioarekin eta baita Kontxako badiako urbanizazioarekin. Udarako turismoaren eta aldi baterako bisitarien interesei so, urak eta hiriak talka egin ordez balio estetiko anitzeko espazioak planteatzea premiazkoa zen; lorategiak, pasealekuak, arkitektura enblematikoenak eta elementu urbanorik apaingarri eta esanguratsuenak urarekin sortzen diren elkarguneetan agertuz, horietako gehientxoenak Donostiaren identitatearen zeinu sinbolikoak izango direnak alegia.

 

[1] Meatzetako ustiapenerako eta siderurgiako enpresak barra-barra kokatu ziren Bilboko itsasadarren ezkerraldean, batez ere. Horrekin batera, enpresetako jaun, buru eta goi zein ertain karguetako langile ingelesak eta familiak batzuk etorri ziren Bilbora. Egoera horri loturik, ingeles hilerriak deitu zitzaizkien bat edo beste agertuko ziren metropoliaren inguruan, horietako bat gaur egun Abandoibarrako zonalde berreskuratua, Bilbo industrialaren bihotzeko ur-fronteetan. Donostian ere 1815. urtearen inguruan Ulia aldeko hareatzetan hilerri nahiko handia omen zegoen (itsasoak bultzaturiko hareak hilerriaren pareten altuera izan zuenean hildakoak bertan ehorzteari utzi zioten). Gainera, ospitaletik nahiko hurbil kokatzen zenez gaizoen osasuna are eta gehiago okertzen zuen. Horrez gain, Udalarentzat oztopoa izango zen Zurriolako eta Groseko zabalguneak burutzeko garaian. Independentziako Gerran monarkia eta karlistadetan liberalak defendatu zituzten armadako legioak zirela eta, Urgull mendian ingelesen hilerria deituriko kanposantua zegoen, militar protestanteak eta beraien sendiak ehorzteko. Lekukotasunik antzinakoenak 1838tik datozkigu. Beste iturri batzuk diote ‘ingelesen hilerri’ delako izen horrekin 1924an izan zela ofizialki eraikia, lehen arrastoak aurkitu zirenetik ia ehun urtera. Bestalde, itsas bazterrean San Martín auzoko hilerri txikia ere izan zuen Donostiak 1813-1854 urteen tartean, dodekagono erdiaren oina zuena. 1818an Ugartemendiaren proiektua proposatuta, ez zuen aurrera egingo. Geroago, Joaquín D. Echeveste arkitektoak San Bartolomé aldera eramango zuen delako hilerria, traza ortogonal laukizuzenaz antolaturiko espazioan. Azkenean, Polloekoa diseinatuko zuen José Goikoa-k 1880an.

[2] Aduanak kostara eramateak gogotik aberastu zuen burgeseria, etxebizitzetan eta hirigintzan ere islatuz.

[3] II. Guda Karlistarekin hormarriz (harlankaitzez) eraikitako behin-behineko harresia izan zuen Donostiak, Santa Katalinako zubian hasi eta orduraino eraiki zen zabalgunearen azkeneko kaletik San Bartolomeko hegiraino, hiriko gas fabrika zegoen kokagunea. Bertan, Hernanitik zetorren errepideari atea irekiz itsas bazterreko La Perla eraikineraino irizten zen defentsarako horma probisionala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude