Hauek ere gureak, Bilbokoak. Badira edo baziren, garai industrial paregabean. Gutxiren bat bada ahanzturatik salbu biziraun duenik, emeki desmuntatuak. Orain ostera, gaur gaurkoz, garabien aroa amildua zegok, zinez eta erabat akabatua. Baten batzuk geldituko dira, agian Sestaon edo Abrako muturrean.
Bilboko itsasadarreko industrializazio prozesu oparoan hasieratik akaburaino bidelagun izan ditugun egitura arinak baina aldi berean sendoak izan dira garabi-sortak. Kasu ohikoenetan moila, kai edota nasetan muga-ertzetako zangoekin, han egon dira irmo ainguratuak euren produkzio-bizitza osoan. Pare batek sikiera, zeuzkan funtzio erabilgarriak mantendu ditu gaurdaino, baina gehiengoak desagertu zaizkigu industria-metropoli ureztatuaren panorama anabasatsutik; horizontalak, bertikalak, zeiharrak, zutak, etzanak, orotariko korapilo formatsu eta arraz estetikoak, neurri batean bederen.
Esan bezala, altxatuak mantentzen direnak ditugu; portuko lan-sutsuetan kolaboratzen dutenak. Bestalde, oroigarri legez gizarteratu direnak, ikur sinbolikoz estaliak. Hauen artetik ezagunenetakoa Bilboko Abanboibarra pasealekuko espazio eraberrituan kontserbatu den ‘Carola’ izendun garabi-gorputz historikoa, Euskalduna ontziolen testigantza piztuz, zaharberritze eta garbitze lan garesti xamarrak sarri askotan behar izaten dituena, tokian bertan. Hauek ere, fabriketako tximinien antzean, espazio urria okupatzeaz landa ez dute, egiazki, gehiegi oztopatzen. Beste garabi apalago batzuk ere XX. mende hasieratik datozkigu, ibaiaren murruetan aurkitzen direnak. Zenbait kasutan, aitzitik, kasik identifika ezinak diren aztarnetan arkitekturatxo hauen iragana intuitu dezakegu.
Industriaren hiri-altzari gisa kontsideratuak, hamaika errematxez lotuak izan ziren, burdinazko soldadura asmatu aitzin. Zeuden tokian jarraitu badute ere, bizitza-zikloak zeuzkan momentuetatik ihesi, anakronismo gisara ikus eta uki genitzake. Alabaina, gainontzeko adibideetan aipagarri izan ditugun ondare-balioen sama euren lepo gainean daramate: tipologiaz, estiloz, teknologiaz, bolumenez, eskalaz, erritmoz eta kolorez azpimarragarriak, hiriguneetako baldintzen eta historia garaikidearen lekukotasunak eguneratzen dizkigute.
Konposizioz txit singularrak izaki, espazialtasunaren ordenazio eta antolaketa-tipoetan zeresana izan dute, nola ez; etekinak produzitzeko industriaren kokaleku zabalei adiera kulturak eta paisaiari dagozkion esanahiak gaineratuz. Identitatearen toki-espazioak, norberaren memoria ez ezik talde-oroimena ere kitzikatzen dutenak, nahiz eta oraintsuko eraldaketa zein transformazioek kinka larrian usten dituzten; administrazio-erabakien zurrunbiloaren kulunkan.
Haize-boladak astintzen dituen altzairuzko zutabeen zarata geldoak
Zuhaitzak balira lez, altzairuzko enborrez lurrazaletik gora, batzuetan zertxobait behera sustraiturik ere, garabiok bizirik daudela dirudite, bizipoza galdua duten arren. Zarata mamua baita, baina laztana ere bada, eta makina, aurri-material sinbolikoa. Haizeak burdinazko habeetan makilaz joz, artefaktua eraberritzen du, irriz eta parrez. Haize-mamitsua, mamu-eragilea da; baina aparailua ere mamu bilakatzen da zeharo, lanbro eta laino artean nozitua, atmosfera zuriz hezurmamitua. Halako batean, badabil kate-soinuaren dasta mamu-garrasiaren adinakoa, ekaitz-haizearen eraginpean (ahantzia, abandonatua, herdoildua).
Delako egoeran trumoi-hots sorrari burdinaren txinpartak darizkio, infernuaren hotza eta beroa tartekatzean; urdina eta horia (antzinako garabiak bezala), gero gori-gordin-gorrizka, altzairu leunaren lingote-biga. Hauexek dira itsasadarreko mekano-hodi bertikal eta horizontalak; maiz zeiharrak, okerrak, txorimaloen antzeko dorre-egiturak non apika, hegazti lirainak ere usadioz pausatzen diren.
Horra hor denboraren joanaren eta egurats aldakorraren zoramenak taxuturiko modernitatearen ordain justua?, hil-taupadez eta eri-pausuz lurrinduriko hilotza; geurea, postmodernitatearen eta auskalo, transmodernitatearen osteko eszena postindustriala. Oinordeko (duinak?) dira garabi-lanparak; garbiak, gardenak, koipe-orban eta zikinkerietatik atereak (infernuetatik at), hiri-altzari eskultorikoak egunsentiaren edota ilunabarraren hodeiertza urratzen duten goizeko nahiz arratseko zelatari ponposoak. Alta, ibaiertzeko paraje deskontsolatuetan burdin koloreko tanten ferekaz, euri-putzuak diraute, non mamutzarren irudi lausoak islatzen diren zeru grisaxkaren joritasunean, zementuaren zirrikituetatik jaio diren belar sastraka artean nahaspilatuak, betiko altzairuaren metal-usainaz.
Kiratsa zerien ke-hodiekin batera, horiexek metalezko makil bihurriek eratzen zuten paisaia sentiberaren zentzua, mezua: senidea, geure geurea, bilbotarra.
Garabiez mintzo, handiak eta txikiak, horizontal zein bertikalak; bakun, biki nahiz anitz ugariak, zahar eta berriak ikusgai ditugu.