Ibaiertzeko paisaia ureztatuetan iragandako denboraltasunaren adierazle eta bereizle ikonografiko batzuk, itsasoratzeko zein lurreratzeko; edota, hobeto esanda, ibairatzeko nahiz ibaitik ur-korrontearen bazterretara iragapidea egitea ahalbidetzen duten limite-elementu horietako zenbait, Bilbotik Abrako portura itsasadarrean gora gaur egun ere aurkitu ditzakegun karga-deskargarako kokaguneak dira. Ibaiaren alboan ez bada uraren gain, dozenaka ontziratzeko leku izan bazeuden, segida horietako bakunak gelditu zaizkigu hiri eraberrituan.
Hiri-espazioaren mugetako ibairatze guneak
Aipatu ditugun funtzio berezidun plataformak anitz izan dira euren itxura eta egikeran. Sarritan ur-barnera jaitsiera zuten maldak baitziren, edo besteetan eskailera xeheak alde baten pareta eta bestean oratzeko baranda fina zutenak. Horietatik pasabideetatik pertsonak iragaten ziren baina plano zeihar zabalagoak, aldiz, material merkantziaren karga eta deskarga jardueretan ez ezik, ontzien konponketa-lanetarako ere zinez erabiliak izaten ziren. Dena dela, Bilbo hiriko kasuan gelditzen zaizkigun arrastoetatik behinenak, edo behintzat aipagarrienak, egituratxo eraikiekin gaur ere atzeman ahal ditugunak lirateke.
Askotan ibaiko nabigazio zeharkakoari ere lotura-puntuak baimentzeko, portuetako arkitekturatxoak legez izendatu daitezkeen eraikin txikiak lirateke. Eskuinaldeko zein ezkerraldeko margenetan kokatuak, izaeran eta forman antzekoak nahiz zeharo desberdinak izan daitezke. Udaletxe aldameneko Volantín pasealekuan, besteak beste, erdi-estalia dagoen ontziralekua aurkitu dezakegu, tradizioz moilan zokoratua sarrerako atea eta leihatila parea erakusten ditu. Gain-kotatik hasten den eskailera ibaian hondoratzen da eta sekzio karratudun lau zutabe argaletan egonkortzen den sabai plano-okerra du.
Duela gutxiraino galzorian iraun zuten eraikintxo hauetako baten batzuk Bilboko Portuko Agintaritzak errekuperatu eta zaharberritu ditu, gainontzekoak urteen eta hamarraldien joan-etorriekin zaharkituak eta galduak egon daitezkeen bitartean, ibaiaren ertzetako altxor umil baizen miresgarrienen galera areagotuz. Berauen biziraupena, ibai-pasako ogibideei ere atxikia baitzegoen.
Ontziratze-leku zaharrak: antzinako moila, portu eta kai-lerroetan dirautenak
Hiri-erdigunetik oso gertu, adibidez Olabeaga eta Zorrotzaurreko parajeetan, ibaiaren alde batetik bestera pasatzeko une finko hauek markatzen zituztenak ugariak izatera iritsi ziren. Itsastar-arkitekturaren adierazle, objektu orotan sinpleak ziren, goian genion moduan, lau zutabetan sostengatzen zen teilatutxo zeiharraz hornituak. Atzeko partean horma zeukaten eta normalean kaitik hasiz ibaian barneratuago zegoen eskaileretara zihoan hegalaren hastapenean euskarritzen ziren. Ontziratzeko eskailera-zatietan ohiko eskudelaz aparte, argiztapenerako farola ere izaten zuten. Aspektu berbereko ontziralekuak zenbakituak agertzen ziren, gaur egun gehientsuenetan, zenbakiak dagoeneko desagertuak dauden arren. Duela gutxi berreskuratuak izan direnak zuriz margotuak ikus daitezke; alabaina, grafitiz josiak nabaritzen dira barrualdean.
Garai bateko itsas mugimenduaren eta industriaren testigu fidagarriak, oraintsu kasik testuingurutik kanpo egonagatik ere aztarna-gisa ulertu ditzakegun estrukturak ur-ertzeko hiri-atontzearen seinale paregabeak ditugu, arestian orrialde hauetara bertara ekarri izan ditugun bestelako portu-altzarien ildoan; sartu-irtenetarako nabigazio-praktikari jarraibidea emateko baliza-argiak bezala. Funtzionaltasunaren eta konposaketaren aldetik ondare-balio nabarmenak eguneratzen dituzte, tipologiaz eta estiloz ere aipagarritasun estetikoa ohartuz.
Oraingoan ere, kostako eta litoraleko ur-paisaiekin erabat erlazionaturiko zentzu espaziala azpimarratzen dute, portu-hiriaren luzapen, hondo eta artikulazioetan gertatzen ziren fenomenoen lekukotasunak gureganaino dakartzaten oinarri materiala izanik, azpian dautzan ikusezinezko memoria eta oroimenen agertoki.
Tamalez, singulartasun historiko, kultural, urbano eta tipologiazko orok, egiazki garrantzitsuak izanik ere, horiek ez diete anonimotasuna murrizten; hau da, itsasadarrari irudi bateratua eskaintzen dioten halako lurraren eta uraren mugapen-limiteetako bitartekariak ez dakigu nork ezta noiz altxatuak izan diren. Deustuko erriberakoak bezalaxe, hainbat bider errepikatuak direla onartuz ere ezberdintasun nahikotxo erdiesten dituzten aurriok, askoz jota hemeretzigarren mendeko portu eta industria-garapenarekin elkartu ditzakegu; apenas besterik.
Hiria eta ura funtzio-harreman erabilgarriaren baitako tokiek, ur-lerroaren ertzak fisikoki eta sinbolikoki kateatzen dituzte.