Azkenaldiko idatz ariketa hauetan, Bilboko zubi-sorta izan da hizpide eduki duguna, bidenabar, horretarako aukera eskaintzen digun pasartean. Haietariko zenbaitek hiriko ikuspegiak finkatu ez ezik Bilboren estanparik liluragarrienak ozen erakutsi dituztela ere kontu egin dugu. Garapen sinbolikodun egitura eredugarri eta erabilgarriak, funtzio petotik ikusgarritasunaren senera bihurtuak.
Hirian barna harat honat gabiltzanok, behinola konturatu gaitezke Bilboko auzunerik populatuenetan gure kaxa mugitu ahal izateko aurkitu ditzakegun kota desberdintasunak eta maldak. Alegia, Bilbo gure hirian desplazatzeak, oinez ibiltzekotan, igo eta jaitsi beharra suposatzen du oso maiz, erdigunetik alboetarantz apurtxo bat aldentzen bagara. Izan ere, Bilboko aldiriak, hirigunearen hurbilekoak batik bat, makartsuak eta zinez okerrak baitira.
Kota-oztopoak ekiditeko zubi-lokarri bertikalak nahiz zeiharrak
Aspaldi, azken bi mendeetako hiri-espazioaren handitze eta puzteak zonalde menditsuak habitatzea eragin zuen. Bien bitartean, horietara bizitokietara heltzeko existitu izan diren igogailuak urriak izan dira XX. mendean. Zazpi kaleetatik Solokoetxera eramaten gintuena, gerora Begoñako ingurumarian ernaltze bidean zeuden korapilo urbanoetara iristeko Mallona aldeko igogailu ospetsua, monumentu-gisa kontsideratu daitekeena. Bizpahiru edota gehienez jota hiruzpalau kasuak salbu, Deustutik Arangoitira igotzen gintuena ere tarteko, apenas zegoen beste irtenbiderik, autobus-linea geldoen pentzuan ordu konkretuei itxarotea baino.
– Abuztuko jai-giroan murgildurik dagoen Bilbon, Begoña-Mallonako goragailua dakusagu teila gainetik.
-Begoña-Mallonako igogailuaren ikuspegia, esan bezala, azpiko teilatuen gainetik.
– Solokoetxeko igogailua ez-gaitu ostean eraikitze-prozesuan zegoen egitura berria (2024ko udaberrian).
Adierazi bezala, duela urte batzuetatik hona, oparoa izan da lotura-egituren beharrizanaz jabe egitea eta hiri-hausturak samurtzeko proiektu txikien jarioa. Metroak ere, nola ez, lurpetik egun-argitara irteteko dituen estazioetan ahaleginak egin ditu igogailu-parkea handitzeko asmoz. Gure egunotan, beraz, igoera-jaitsierak moldatzeko aparailuak makina bat dira; hamaika bazterretan lekutuak, ez bakarrik hiri-erdigunetik auzo-aldirietara baizik eta auzo-bihotzetan bertan dabiltzanak ere, Metroarekiko erlazioan edota hortik aparte. Horien adibideak eta izenak udaletxeko web-orrian konproba ditzakegu. Edozelan ere, ekimen goraipagarriak badu oraindik jarraibiderik non topatu, auzokideen batzar zein bilkurei erreparatzen badiegu. Bilboko sona eta dentsitate itzeldun Santutxu barruti handian, besteak beste, halako azpiegiturak agertzen hasi diren arren, egokitzeke gelditzen ziren makurtasun batzuk txukuntzeko eskariak plazaratzen aritu izan da bertako biztanleria, denda eta komertzioetako erakustokietan aurre-proiektu edo ideia irudikatuak ere ikusgai izan baititugu. Udal-politikariekin franko jardun ostean, lurzoru-jabetza omen da aitzakia momentuz irtenbiderik ez lantzeko.
– Puntu horretan dauden pareta bien artean proposatzen den igogailuarentzako sargunea.
Pasadizo zutak edo inklinatuak: auzoetarako baliabidea eta beharrizana
Halaber, oraindik ere ardatz uhintsua baizen nortasun-emailea den itsasadarra modu transbertsalean iragaten duten zubiok, arkitekturaren eta ingeniaritzaren emariak izaki, hiri-paisaiaren antolaketan balio estetikoz janzten zaizkigun estruktura horizontalak direla aipatu dugu, txit erakusgarri eta irudi-sortzaileak.
Aitzitik, behintzat gailu automobilen laguntzaz ez bagabiltza –bizikletaz ere komeriak, hainbat tokitan– garai baten hiriko periferiak izan ziren auzo dentso eta mamitsuetatik erraztasunez abiatzeko, igogailuen ezarpenerako egitasmoak aitzineko hamarkada parean han-hemenka ugaldu direla nozitu dugu. Kakotx arteko “zubi bertikalok”, eskala txikiko eraikintxoak edo arkitekturatxoak izanagatik ere, ekipamendu txit baliagarriak izaten dira hiritarrontzat; batez ere, guneotan izan daitekeen populazio-aldra nagusiagoarentzat ezinbestekoak.
Itxurari dagokionez, egungo igogailuek gorputz geometriko zurrunak izaten dituzte baina sarritan beiraz hornituak, kalearekiko ikus harremanak areagotuz. Segun eta lurzoruak nahiz kokaguneak nolakoak diren, ingurunean gehiago edo gutxiago integratu daitezke, beharrezkoa denean pasabideez konektatuak izaten baitira, goi-zubitxoetatik pertsonak igogailu-kutxara ailegatu daitezen. Bestalde, kale maldatsu bertsuetan ere lurrari eutsiz doazen igogailu-kabinak funtzionatzen duten joan-etorrian, plano orotan zeiharrak markatuz, modu herrikoian funikular ñimiñoak bailiran ezagutzen direnak. Tramankulu batzuk eta beste batzuk anitz ezagunak ditugu oraintsuko Bilbon, normalean Udaleko botere publikotik eta administraziotik bultzatuak, aldiroko erabiltzaileak direnek oso eskergarriak eta erosoak aurkitzen dituztenak, eskailera mekanikoez gain. Hauxe baita, goiko lerroetan komentatu dugun kezka Karmelo esparruko Tenor Fagoaga eta Remigio Gandasegi kaleetan. Iturribidetik gora Santutxura bidean oinezkoen trafikorik azpimarragarrienetako hiri-korapiloa baita, ordu orotan asko erabilia. Eskailera automatikoak ez daude gizabanako guztientzat prestuak eta argazki-muntaietan nabari den goragailua zilegi eta posible dela aldarrikatzen dute biztanleek, bertako enparantzaren eta kotxeak aparkatzeko garajearen bitarte-espazioan.
– 1980ko hamarkadaren hasieran “Construcciones Guerricabeitia” promotoreak etxadi berriarentzat jendaurrean aurkeztu zituen marrazkiak. Espazioak askozaz estuagoak zirela konprobatu zen.
– Guda Zibilean espetxe bilakatu zuten Orue Txaletaren plaka (1937-1942), Gandasegi etxe-taldeko lorategian duela gutxi inauguratua, frankismoaren errepresio jasandako emakumeen omenez.