Susana Talayero artistaren tailer-saioak, Bilbon eta Leioan

Lehengo hilean esan bezala, udazkenetik hona KREAREAK ikertaldeko kideok antolatzen gabiltzan arte-tailerrek segida izango dute otsailaren 7an eta 8an, hurrenez hurren. Oraingoan, Santa Ageda jaia jadanik iraganda, Ihauteri-egunen bezperan, EHUko Leioako Arte Ederren Fakultatean eta Bilboko Carreras Mugica arte-aretoan burutuko da topaketa. Asteazken-ostegun goizez, Susana Talayero artegile garaikidearen eskutik, oraintsuko erakusketa zein bere lan-ibilbidea ezagutzeko, sakontzeko nahiz konpartitzeko aparteko beta izango baitugu.

 

KREAREak ikertaldearen laugarren arte-tailerra, 2024ko neguan

Dagoeneko adierazia dugun gisan, KREAREak Eusko Jaurlaritzako Ikerketa Talde Egonkortuak arte-tailerrak antolatu izan ditu, 2023. urteko udazkenerako eta aurtengo lehen hilabeteetarako aurreikusiak direnak. Helburu nagusia, arte-transmisioaren joko-erlazioan dauden irakaskuntzak, sorkuntzak eta ikerketak baitira, beste une batzuetan ere ohikoa izan den tankera berdineko ildoan.

Otsaileko bigarren ekimena, beraz, aipatu dugun Susana Talayero sortzailearen eskutik etorriko da, hilaren 7ko goiz-eguerdia lagun, 11:00etatik 14:00etara bitartean nahiz hurrengo eguneko, osteguna 8ko goiz osoan, 9:00etatik 14:00etara hain zuzen, gehienez 16 laguneko lantaldea lortuko den esperoan. Tailerra, hortaz, bi ataletan banatu da:

Lehendabiziko parteak, “erakusketa material-gisa”, goian aurkeztu dugun artistaren Meteora erakusketara hurbilduko gaitu. Erlazio-material hurreko legez erakusketarekin duen harreman fisiko eta zuzena ezbaian jarriko da, non pintura eta espazioaren arteko interakzioak elkar banatu daitezkeen, muntaia-prozesuetan. Estudioko lan-irudiak nahiz beste erakusketa batzuen erregistroak proiektatuko dira, saiakera eta bilatze asmoari dagozkionak. Erakusketari barruak hustu, piezak, zatiak, atalak kendu, ematen dituen aukeretan pentsatuz; eta delako erakusketara bisitaren kaiera, parte-hartzaileei esperientziazko arakatze-ariketa planteatuz.

Bigarrengo partean, “aztarnari segitu eta konpartitu”, lan-bilakaeraren irudiak eskainiko dira, artista honek 1986an Erroman hasitako ibilbidetik gaurdainokoak, pinturari atxikia egituratu izan den praktika dibertsoetan barneratzea posible egiteko. Arestian mahai-gaineraturiko material-erlazioak berreskuratuko dira, tailer-kideei proiektuak, lanak eta esperimentuak partekatu ditzaten gonbita luzatuz; ikastetxetik at, eguneroko zereginetan pausaturiko begirada interesgarria bailitzateke.

Tailerraren kartel-irudia eta izen-emateko beharrezko informazioa.

Proposamenaren hartzaileak, batik bat, arte-ederretako graduetako azken-mailetako ikasleak, masterretakoak, ikasle ohiak eta artearen zein transmisioaren eremuan dabiltzan sortzaile, eragile nahiz pertsona interesatuak izan daitezke, izen-ematearen ostean onartuak baldin badira. Delako onarpena, erabilgarri den espazioaren eta dagoen tokiaren araberakoa da. Hala bada, tailerraren parte-izateak dakarren konpromiso-hartzeak, aldez aurretiko ariketatxoa ere badakar lotua; izangaiei 75-100 hitz bitarteko testua eskatuko zaie, euren motibazioaren arrazoiak ezagutarazten dituena, alegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude