2024ko neguko arte-tailerrak Bilbon, urteari hasiera emanez

Arestian aipatu genuenez, urte berriari ongietorria emateko 2023ko udazkenetik hona antolatzen gabiltzan arte-tailerrek segida izango dute urtarrilaren 19an eta 20an, hurrenez hurren, baina oraingo honetan EHUko Leioako Arte Ederren Fakultatean izan ordez, Bilboko Abandoibarran kokatua dagoen Bizkaia Aretoan burutuko dira. Ostiral arratsaldez eta larunbat goiza lagun, artean, arkitekturan eta hezkuntzan adituak zein interesdunak elkar ikusteko, ezagutzeko eta konpartitzeko aparteko beta izango baitugu.

KREAREak ikertaldearen 2024ko hastapeneko hirugarren arte-tailerra

Dagoeneko adierazia genuen gisan, KREAREak Eusko Jaurlaritzako Ikerketa Talde Egonkortuak arte-tailerrak antolatu zituela gogorarazi nahi dugu, 2023. urteko udazkenerako eta aurtengo lehen hilabeteetarako aurreikusi zirenak. Helburu nagusia, arte-transmisioaren joko-erlazioan dauden irakaskuntzak, sorkuntzak eta ikerketak baitira, beste une batzuetan ere ohikoa izan den tankera berdineko ildoan.

Agorrilaren edota ilbeltzaren aurreneko ekimena, beraz, Clara Eslava eta Alfredo Hoyuelos irakasle-gonbidatuen eskutik etorriko da eta hilaren 19ko arratsaldean, 17:30etatik 20:00etara bitartean nahiz hurrengo eguneko, larunbata 20ko goiz-eguerdian, 10:00etatik 15:00etara hain zuzen, gehienez 16 laguneko lantaldea osatuko da. “Haurtzaroko aztarnak” tailerra, hortaz, bi ataletan banatzea erabaki dute:

1. Zatia. Haurtzaroko aztarnak bulkada sortzailean

Murgilketa: haurtzaroko aztarnetan murgiltzeko bidaia bat, bulkada sortzailearen lehengai gisa era esplizituan nabarmentzen diren bizipenen oroitzapenak.

Interpretazioak: kontaketa intimo batera, begirada afektiboetara eta hainbat egileren eskultura eta arkitektura lanetara gerturatuko gara.

Introspekzioa: guztion oroitzapen bizien gaineko introspekzio ariketa bat.

2. Zatia. Haurtzaroko aztarnak bizi dugun hirian

Murgilketa: hiritarraren zero graduan murgiltzeko bidaia estetiko bat zinearen, hiriaren eta haurtzaroaren arteko topaketetan barrena.

Interpretazioa: hiritarraren lurraldeak lehen haurtzaroan betetzen duen lekutik haurren benetako beharrizan eta eskubideetan murgilduko gara. Dokumental baten proiekzioa haur kulturaren aukera lausoen gainean pentsatzeko.

Extrospekzioa: elkarrekin ehuntzen dihardugun mundua kontatuz, hainbat esperientzia eta oroitzapen partekatuko ditugu.

*Bai ostiralean eta bai larunbatean, parte-hartzaileek haurtzaroa, sormenarekin eta hiriarekin lotzen dituen zentzumen bidezko oroitzapen batean pentsatu beharko dute, larunbatean taldean partekatzeko. Oroitzapen hori pizten duten objektu, argazki, marrazkiak… ekar ditzakete.

Tailerraren kartel-irudia eta beharrezko informazioa.

Proposamenaren hartzaileak, batik bat, arte-ederretako graduetako azken-mailetako ikasleak, masterretakoak, arkitekturakoak, ikasle ohiak eta artearen, arkitekturaren zein transmisioaren eremuan dabiltzan sortzaile, eragile nahiz pertsona interesatuak izan daitezke, izen-ematearen ostean onartuak baldin badira. Delako onarpena, erabilgarri den espazioaren eta dagoen tokiaren araberakoa da. Hala bada, tailerraren parte-izateak dakarren konpromiso-hartzeak, aldez aurretiko ariketatxoa dakar lotua; izangaiei 75-100 hitz bitarteko testua eskatuko zaie, euren motibazioaren arrazoiak ezagutarazten dituena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude