Ikastaro-tailerrak Arte Ederren Fakultatean (eta abar)

1) WORKSHOP-IV. 2020an hasi eta 2023an jarraitzen duen ikastaro-tailerra

Azken lau urteetan gertatu den bezalaxe, aurtengo urri-azaroa bitartean Workshop-IV Ikastaro-tailerra garatzen ari da Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultatean. Eskultura, arkitektura, hiri-paisaia, hirigintza, espazio publikoa, diseinua eta sendi horretako gako-hitzei men eginez, aurten ere: “Eskultura eta diseinutik hasita hiriko espazio-publikora bitartean. Paraje-paisaia urbano eta humanoen konfigurazioa” deritzon lemapean antolatu da ekimenaren laugarren edizioa.

Aurreko jardunetan legez, oraingoan ere, elkarren segidan ez doazen hiru egunez luzatzen da gonbidatuen partaidetza: urriaren 23an Errioxako Diseinu Eskolako eskarmentu handidun irakaslea izan genuen (David Azpurgua). Abenduaren 6an, astelehenarekin, Veneziako Arte Ederren Akademiako irakasleak (Liliana Fracasso) saioa eskainiko du eta azaroaren 13an, Lisboako Arte Ederren Fakultateko irakasle-ikerlariak (António Delgado) itxiera emango dio. Urtero-urtero, pandemiaren garaitik, alegia, errepikatzea lortu izan den egitasmoak dozena bat aditu bildu izan ditu eta jarduera ireki gisa planteatua izan da (edonork doan parte hartzekoa), nahiz eta, bere horretan, Arteko Graduko laugarren mailako: “Eskultura, arkitektura eta hiri-paisaia” egiten duden ikasleei zuzendua egon. Hautazko ikasgaiaren orduekin kointzidituz, adierazi denez, astelehenetan biltzen gara Leioako UPV/EHUren campuseko Arte Ederren Fakultatean bertan.

2023ko Workshop-IV Ikastaro-tailerrari dagokion kartela.

Oraintxe abiatze-bidean dauden ekitaldien aitzinean, egitura berberari eusten zioten deialdiak izan genituen, antzeko izenburuekin identifikatuak: “Adierazpen artistiko-estetikoak hirian. Eszenografiatik literatura eta arte plastikoetara hiri-ingurune soziokulturaletan” (2022an), “Hiriak eta paisaiak zehaztasunetik ‘hedapen-eremura’. Eskultura-arkitektura bitartean diziplinarteko inguruen eraikuntza” (2021ean) eta “Hiria behatzen duten diziplinak eta begiradak. Arkitekturaren, eskulturaren eta paisaia urbanoaren luzapenak” (2020an) hurrenez hurren, kasu gehienetan online konektatzeko eta partekatzeko medioez baliatuz.

 

2) KREAREak ikertaldearen 2023ko udazkeneko bigarren arte-tailerra

Arestian aipatu genuenez, KREAREak Eusko Jaurlaritzako Ikerketa Talde Egonkortuak arte-tailerrak antolatu dituela gogorarazi nahi dugu, 2023. urteko udazkenerako eta datorren urteko lehen hilabeteetarako aurreikusi direnak. Helburu nagusia, arte-transmisioaren joko-erlazioan dauden irakaskuntzak, sorkuntzak eta ikerketak baitira, beste une batzuetan ere ohikoa izan den tankera berdineko ildoan.

Azaroa edo urri bigarrena jadanik heldua zaigunean, hurrengoko tailerra Ainara Elgoibar artista garaikide eta kultura-eragilearen eskutik etorriko da (Tractora arte-kooperatibaren kide fundatzailea), hain justu ere azaro-hilabete honetako 15. eta 16. egunetan. Hastapena eta aurkezpena, azaroaren 15ean artistak lankide duen Usue Arrietarekin zuzentzen duten Atoi espazioan izango da eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniarien Goi-Eskola Teknikoan egoitza duen astronomiako Aula-Espazio-Gelan. Hurrengo egunean, Leioako campuseko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultatean lekutuko da, azaroaren 16ko goiz-eguerdian, 10:00etatik 14:00etara bitartean hain zuzen, eta gehienez 12 laguneko lantaldea osatuko da. Tailerra ospatu baino lehenago, partaide aukeratuek material-sorta izango dute eskuragarri (testuak eta imajinak), elkartu baino lehen bakoitzak gainbegiratu beharko lituzkeenak.

Tailerraren kartel-irudia eta beharrezko informazioa.

Ainara Elgoibarren ibilbidean, ikus-entzunezko eremuak garrantzia erabakigarria du, berak sorturiko pelikulak erakusgai izan baitira testuinguru zenbaitetan. Oraingoan, artistak iragarpen-testua eman digu (guk moldaturiko itzulpena): pelikula bat egiteko lehen keinua, inork deitzen ez duen lekuan kamera-sudurra sartzean datza. Hariari tira egiteko aitzakia bat, huraxe ulertzeko. Azken aldian, espazioko irudiek susmoa eragiten didate, batez ere NASAk oparitzen dizkigun James Webb teleskopioarenak, 2021eko Eguberri egunean atmosfera-kanpo bota zutenetik. Hor kanpoan kamera bat dago, kamera finkoa, denboraren (ia) hasiera erretratatu nahi duena eta guztioi postalak bidaltzen dizkiguna. Zinemako muntaian ematen zaie zentzua eta norabidea denboran, irudien arteko erlazioei. Esplorazio, joko, saiakuntza eta errore-harremana da, eta bere barne-logikak, forma zein adierazpena bilatzen ditu. Tailerrak Webben irudietara hurbiltzeko bi une hauek elkarrekin partekatzea proposatzen du: UPV/EHUko Espazio Gelako behatoki astronomikora bisita egitea, eta bigarrenez, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko platoan, non bideo-edizioa erabiliko dugun espazioko irudietara ikuspegi espekulatibo batetik hurbiltzeko.

Proposamenaren hartzaileak, batik bat, arte-ederretako graduetako azken-mailetako ikasleak, masterretakoak, ikasle ohiak eta artearen eremuan dabiltzan sortzaile, eragile nahiz pertsona interesatuak izan daitezke, izen-ematearen ostean onartuak baldin badira. Delako onarpena, erabilgarri den espazioaren eta dagoen tokiaren araberakoa da. Hala bada, tailerraren parte-izateak dakarren konpromiso-hartzeak, aldez aurretiko ariketatxoa dakar lotua; izangaiei 75-100 hitz bitarteko motibazio testua eskatuko zaie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude