Arte-tailerrak 2023. urteko udazkenean eta datorren urte-hasieran

KREAREak Eusko Jaurlaritzako Ikerketa Talde Egonkortuak arte-tailerrak antolatu ditu, 2023. urteko udazkenean eta datorren urteko lehen hilabeteetan eskainiko direnak. Euskal Herriko Unibertsitateko Eskultura eta Artea eta Teknologia Sailean egoitza duen ikertalde honek bultzaturik, egungo arte-sorkuntzaren, arteari atxikiriko edota artetik eratorritako pentsamenduaren zein arkitektura-eraikuntzaren arloan zeresana duten gonbidatuak aurtengo urrian hasi, azaroan jarraitu eta 2024ko lehen hilabeteetan barneratuko diren sorkuntza-tailer gisako topaketak egokitu dituzte. Gako nagusia, arte-transmisioaren joko-erlazioan dauden irakaskuntzak, sorkuntzak eta ikerketak baitira, beste une batzuetan ere ohikoa izan denez.

Jarduera honen hartzaileak, batik bat, arte-ederretako graduetako azken-mailetako ikasleak, masterretakoak, ikasle ohiak eta artearen mundutxoan dabiltzan sortzaile, eragile nahiz pertsona interesatuak izan daitezke, izen-ematearen ostean onartuak baldin badira. Delako onarpena, erabilgarri den espazioaren eta dagoen tokiaren araberakoa da.

 

Ekimena martxan jartzeko eta adimenak berotzeko hastapeneko tailerra

Lehendabiziko tailerra Ana Laura Aláez artista garaikide ezagunaren eskutik etorriko da, hain justu ere urri-lehenaren hilabete honetako 19. eta 20. egunetan. Leioako campuseko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultatean lekutua, aipatu egunetako goiz-eguerdietan, 10:00etatik 14:00etara bitartean hain zuzen, gehienez 17 partaideko lantaldea bilduko da nazioarteko panoraman dabilen artista gonbidatuarekin.

Tailerrak bi partetan banatua dagoen egitura erakutsiko du. Lehenengo artearen alorreko eguneroko irakurketa batek atea irekiko dio ondoren emango den idazmen-saiakerari. Hautaturiko materiala elkarrekin ikuskatzeaz gain, norbanako bakoitzak bere ideia propioak mahai gaineratuko ditu, posible den neurrian bederen. Beraz, esperientziak zentzua har dezan eta talde osoarentzat aberasgarria izan dadin, konpromiso pertsonala ere eskatzen da elkarrekin iragango diren orduetarako. Helmuga, sortuko den elkarrizketan intentsitate eta sakontasun maila adierazgarria lortzean datza. Helburu horretara bidean, idatz ariketa banakakoak eskatuko zaizkie tailer-kideei, egunero taldekideekin komentatuak eta partekatuak izan daitezen. Bi egun, bi bertsio, bina testu.

Izan ere, tailerraren parte-izateak dakarren konpromiso-hartzeak, aldez aurretiko ariketatxoa ere ekarri du lotua; bertaratuko direnei eskatu baitzaie artegileren bati eginiko elkarrizketa bat aukeratu ostean, horren lapurpen-sintesia garatu dezatela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude