ITSAS BAZTERREKO ETA IBAIERTZEKO HIRI-EGITURAKETAREN TAUPADA URBANO, KULTURAL, SINBOLIKO ETA ESTETIKOAK (…VI)

Irakurleak eta, oro har, tokian tokiko espazioen ‘ikusleak’ atera beharreko ‘erantzunen’ artean itsas kulturarekiko atxikimendua lehen mailakoa litzateke. Euskal Herriko litoralean itsasoko kultura horren adierazpen urbano inportante bat Donostia hiria izan dugu duda barik. Batzuetan Bilboko ereduaren adibideekin parekatu dugu, lekuan lekuko tradizioaren, ohituren eta kultura berezituen ordez hiri-eskenatoki berriek eta paisaia urbanoetan garrantzitsuak bilakatu zaizkigun azpiegiturek espazio fisiko eta sinbolikoak nola bereganatzen dituzten konturatzeko.

Itsas bazterreko irudi urbanoaren aldaketa kulturalak agerrarazten dituzten eraldaketa estetikoak Bizkaiko Ondarroan edo Bakion ikusi ditugu, eta modu zehatzagoan Gipuzkoako Zumaian eta bereziki Pasaian, Donostiako inguralde metropolitarraren luzapen gisa. Hauetan guztietan, industriaren paisaiek eta populazioaren erakarpenak (Pasaia Antxon, Trintxerpen…) edota itsasoari loturiko zerbitzuen eta aisialdiaren paisaiek (Zarautz, Zumaia) sano eragin badute, itsas kulturaren zeinu estetiko, ikonografiko eta antropologikoak modu ezkutu edo argiagoan badiraute, postmodernitateko mutazio batzuekin bada ere (Ondarroako kasua esate baterako). Itsas kultura horren arrastoak (batzuetan monumentalak, oroigarriak), zailtasun handiagoz aurkituko ditugu Bakio erako udalerri osoro turistikoetan edota Bilboko itsasadarreko zentro urbano industrial eta dentsoetan, Donostiako metropoliko tradizioarekin konparatuz (Paisaia San Pedro, Donibane). Zarautzeko itsas bazterreko ur-frontean espazio urbanoaren (fenomeno antropikoaren) eta naturaren (hondartzaren) arteko limiteen balorapena komentatu dugu eskultura-lerro esanguratsuarekin (E. Asins edota Dora Salazar artisten esku-hartzeak). Zumaian, dike handiko ibilbide eskultorikoaz gain (J. Elorriaga) hiri-egituraketaren eboluzioari gainbegiratu diogu, gaur egun zer-nolako paisaia urbanoa irudikatzera heldu den kontu eginez itsas bazterreko eta ibaia ertzeko ur-fronteetan, aisialdirako kirol-portua, adibidez, ontziola historikoen aldamenean geldituz itsasadarraren bokaleko paduretan inpaktu itzela eraginda. Ondarroan ere portuaren lekualdaketa garrantzitsua izan da mendeen joan etorrian, eta beraz, itsasora gerturatze horrek izan duen morfologia aldaketa, elementu anitzekin konfiguratzeko utzitako espazio libreekin batera; eskultura-monumentuak, hiri-altzariak.

1. Dora Salazarren eskultura Zarautzeko itsas-frontean.

2. Xabier Laka eskulturagile eta irakaslearen mugarria herriko oroimenari deia egiten.

Pasaian ere lau zona edo inguralde urbano, historiko eta industrialak nabaritu genitzake, horrekin batera paisaiaren muga fisiko sinboliko bikoitza mendia eta itsasoa izanik. Imanol Iraolak, Rosa García-Orellán-ek eta beste autore batzuk argi utzi digutenez, Pasaiako portu-espazioak, orotara, gune postindustrialaren baldintza guztiak beteko lituzke (beste eskala baten, 1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadetan Bilbon gertatu den gisan). Izan ere, birmoldaketa industriala jasateaz gain, eta elementu industrial adierazgarrien presentzia mantentzeaz aparte, bertako jendarteak barneratuak dauzka industriaren kultura erakusten diguten irudi estetikoak: garabiak, itsasontziak, portuko instalazioak, fabrikak, biltegiak eta abarrekoak. Horren guztiaren atzetik toki-espazioen memoriak atzeman daitezke; memoriarik gabe lekuak koordenada espazial abstraktuak baino ez lirateke eta (I. Iraola); katea teknologiko produktiboaren urrats soilak, edota ‘kontainer’[1] huts gisa agerturiko ‘ez-tokiak’[2]. Kontainer hauekin alegoria eginda, etorkizuneko etxebizitzak ikusten ditu autore honek, Bilboko Zorrotzaurreko penintsulan bertan behera utzitako hirigintza-proiektu arkitektonikoaren antzean.

3. Pasaiako inguraldearen ikuskizuna.

Hiri industrialekin dugun zor historikoa berretsita, paisaiari atxikitako nozio kultural eta estetikoek kontrakotasuna agertzen dute Pasaian (Ulia eta Jaizkibel-eko berdeguneetatik itsasoaren urdintasunera, edota portuko usai arreetatik industriak lagatako paisaia etnografikoen ondare material eta sentsazio estetikoetara), Euskal Herriko modernitateko adibiderik adierazgarrienetakoa izaki. Mendebaldar kulturako eta, hurbilago, Europako hiri-kontzeptu ‘harmoniko’ eta ‘humanistikoaren’ erronkak Pasaia aldean lehen aipaturiko ‘atzealdea’ izan baldin badu, batez ere XX. mendeko gertakizunen harian, XXI. mendea hastearekin batera hainbat egitasmo eta ideia hasi dira pizten Pasaiako eragile sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalen artean. Horietako askok hirigintzaren alorrean eragina izan dezakete baina kontu egin behar da portuko aginteak duela zeresanik handiena, lur-sail gehientxoenak bereak dira eta. Ikustear dago, hortaz, zein bide jarraituko duen etorkizunean, azkenaldiko mugimenduak anitzak baina erdi hutsalak aurreikusten direla sumatzerakoan. Irudiari eta ikus aspektuei dagozkien proposamenak ari dira indartzen, atzerriko teknikoen gonbidapenean edota maketa urbano ponposoen aurkezpenean gelditzen direnak, beste hiri postmoderno eta postindustrialetan ere atzeman daitekeenez.

4. Pasaiako portuko egiturak.

5. Pasaia Donibaneko ontziralekuak eta badiako lehen lerroko etxe-ilarak.

6. Pasaia San Juaneko moilak eta kanpoko itsas porturako egitasmo batzuk.

Bien bitartean, R. Ugarte-ren aingura-eskulturaren zulo geometrikoetatik tximiniak ikus ditzakegu, galzorian egon daitekeen portu-hiriko ondarearen lekuko. Kultura-materialaren baitako ondare estetiko horien berreskurapenaren funtsa lerro xume hauetatik at balegoke ere, uste dugu ildo horretan kokatu daitezkeen lan-proposamenetarako eta bestelako hausnarketa akademikoetarako atea irekita edo ibilbidea hasita utzi dugula oraingo honetan. Gure ustetan, norberaren lanaz gaindi egiteko kolektiboa litzateke delako afera, konpartitu beharrekoa bederen.

Bukatze aldera eta honaino esandakoarekin erlazioan, Pasaiako ingurune metropolitarrean ez ezik Kontxako badian eta itsasadarreko hertzetan ondo atzematen ditugu Donostiako hirigintzaren etapak, garai bakoitzeko eta batez ere modernitateko garapen politiko eta kulturalari atxikiak. Lehen adierazi dugu Fleming doktoreari omenaldia egiten dion Chillidaren itsas bazterreko monumentu abstraktuak material konpaktuaren zirrikitu geometrikoetatik nola Donostiako iragana ikusten usten digun; izan zitekeenaren ametsa (Santa Klara uharteko Mª Kristinaren monumentu zibikoa, burutu gabea) eta gorpuztu zenaren artekoa (Urgulleko Bihotz Sakratua). Azkeneko honek, Chillidaren eta Peña Gancheguiren Haizearen Orraziarekin batera Kontxako badiako itsas bazterreko ardatzari konnotagarritasun estetiko eta monumentalak areagotuko lizkioke, garai bakoitzeko pentsaera eta ideologiaren berri ematen digutenak. Era berean, Santa Klara irlako Mª Kristinaren monumentuak aurrekoaren ardatz perpendikularra eratuko zukeen Ametzagainako Oteiza eta Fullaondoren proposamenarekin. Eraiki izan balitz, Oteizak beti amestu izan zuen eskultura-arkitektura integrazioaren adibide bikaina lortuko zitekeen, seguruenik, Ametzagainako hilerrian. Esperimentazio artistiko eskultorikoa arkitekturaren eta hiriaren menpean geldituz, orduantxe bereganatuko luke Oteizaren prozesu esperimental luzeak zentzurik definitiboena, gerora nonahi agertu izan diren eskala handiko erreprodukzioetatik salbu. Hirigintzaren etapekin eta faseekin batera, partzialki imajinaturiko ikuskizun xelebre horrek adierazpide artistiko eta estetikoen ‘etapak’ ere begi-bistara dakarzkigu, eskulturak ez eze hiri-altzari sinboliko eta esanguratsuen garapenarekin batera. Bestalde, monumentuez gain itsas bazterreko zein ibai ertzeko estetika urbanoaren baitan estatua erromantiko alegorikoen ugaritasunaz ere jabetu izan gara (horietako batzuk burdinaren industrian eginiko piezak), gaur eguneko paisaia postmodernoetan estetika abstraktuaren baitako figura batzuk izan dezaketen funtzio sasi-apaingarrien antzeko estrategiak eguneratuz. Era batean edo bestean, jendeak kokapen-estrategiak barneratuta ditu nahiz eta balio estetikoak ustez aldatu.

7-8. Espazio historikoak eta eguneratuak Kontxako badian. Pasealekuak eta arkitekturatxoak.

9. Ibaiertzeko norabidean sorturiko urbanizazio prozesuaren santsuak.

10. Donostiako espazio hiritartua Ulia mendialderantz igotzen.

Izan ere, estimulu bisualen saturazioan tranpa hedonista ikusten zuen Oteizak, hiritarra ikusle soila bihurtzeko ahaleginetan entretenigarriak eskaintzen baitzaizkio, artearen indar transformatzaileaz ohartu gabe. Hiri-espazioaren tratamenduan, beraz, adierazpen estetiko eta plastikoetan, artearen garrantziak gorderik jagon beharko du; eraikina arkitektura bihurtzen denean orduan bilakatuko da hiria bera artelan, beti ere hiri-paisaia osotasun estetiko, artistiko, urbanistiko eta arkitektoniko baten barnean ulertuz, guri dagokigunean itsas bazterreko eta ibai ertzeko muga-lerroei loturik.

[1] I. Iraolak ‘etxearen’ metafora bezala erabiltzen ditu ‘kontainerrak’: mundu globalizatuko bazter orotan ikusten ditugulako, inmigranteek zenbaitetan ‘zorigaiztoko etxe’ moduan erabiltzen dituztelako eta nortasun gabeko tokien estandarizazioa direlako (Pasaiako badiako ikuskizunaren parte estetiko garrantzitsua gure kasuan). Nola edo hala, aipatu ere egiten ez diren ‘ez-tokietatik’ operazio hauen ondorioz ‘identitate-lekuak’ bilakatu daitezke kontainerrak.

[2] Beste batzuen artean, Marc Augé antropologoak hizpide zerabilen termino ezaguna ‘ez-tokiak’ edo ‘ez-lekuak’ izendaturikoa zen (‘no-lugares’, ‘non-lieux’), postmodernitateko espazio batzuen kasurako (aireportuak, ezein garraiobideren geltokiak, supermerkatuak…). Ikus: AUGE, Marc: Los “no lugares”. Espacios del anonimato. Una antropología de la sobremodernidad, Bartzelona: Gedisa, 1994. Originala: Non-Lieux. Introduction à une Anthropologie de la surmodernité, Paris: Seuil, 1992.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude