ITSAS BAZTERREKO ETA IBAIERTZEKO HIRI-EGITURAKETAREN TAUPADA URBANO, KULTURAL, SINBOLIKO ETA ESTETIKOAK (…V…)

XIX. mendearen erdialdetik aurrera izan bazen ere, aldaketa urbanistikoek eragin bortitzak izan zituzten Donostiaren izaera historikoan. Hitz gutxitan, gudarostearen plaza militar izatetik hiri turistiko izatera eginiko jauzia. Hau izan daiteke Donostiako aldaketa kultural eta antropologikorik handienetakoa, aspektu urbanoan, estetikan eta artean ondorio ikusgarriak dituena.

Izan ere, defentsarako gotorleku baino lehen merkatal gune bazen bertako populazioa, merkataritza izanik jarduera ekonomikorik garrantzitsuena XIX. mendetik XX. menderako tartean turismoko hiri bilakatu arte. Bitartean, ikusi dugu nola sektore industrialen argazki arbuiagarriak eta horiekin batera eraikin fisikoak ‘Easo ederretik’ desagertzen ziren, fabrikak eta lantegiak itsas bazterreko espazio urbano baliotsuenetatik hiriko ‘atzealdeetara’ marjinatuz. Aldaketa horien guztien lekuko Donostiak mende eta erdiko denbora tartean garatuko duen harremana bai itsasoarekin kosta partean (hondartzako lehen-lerro eraikietan) eta baita Urumea ibaiarekin bere bokale esanguratsutik barnealderantz (ibai ertzeko ur-fronteetako hiriaren egituraketan). Donostiako ingurune metropolitarrak ere elementu berbera (ur gazi-geza) protagonista duen mugako eta borneko espazioak egituratuko ditu, itsasadarreko arroan eta Ulia azpiko badia uhintsuetan (Pasaia).

Honen guztiaren oinarrian dago lurraldearen antolaketarako tresna eraginkor eta plangintzen aldaketa etengabea. Epe luzerako plangintza estrategikoa gaur egun eraldatu egiten da gestioan oinarritutako tresna ‘arinagoekin’. Kudeaketa eta transformazioa daude, beraz, plangintza moldaerrazen kultura berrian, baldintza ekonomiko aldakorrak interes pribatuei erantzuteko. Hor tartean agertzen da ‘proiektuaren’ garrantzia, epe luzerako planak lagata. Zurruntasun gutxiago izateaz gain parte-hartzearen aukerak ere murriztu egiten dira, hierarkiaren eta ‘lidergoaren’ eraginagatik. Ekintza-marko honek modelo espazialak ere eraldatzen ditu kapitalismo aurreratuaren edo berantiarraren garaian, sistema ekonomiko globalak zeresan izugarria izanez hiri-espazio ‘globalen’ antolakuntzan. Alabaina, sekulako interbentzioak aurreikusten dira, maiz sektore pribatuak jasan ezin dituenak. Ondorioz, gestio tresna berrien beharra argiro ikusten da, fundazio publiko pribatuen adibidea argigarria izaki. Hau da, sektore publikoek fundazio horiekin lan egiten dute inolako kontrolik gabe, lurraldearen antolaketarako plangintzak ere sektore pribatuen mesedetan eginez. Honen adibidea da lurraldearen plangintza sektoriala, printzipioz lurraldearen antolaketarako artezpideen edota lurralde plan partzialen azpian egon arren bereganatzen duen garrantzia, plangintza sektoriala azkenean jaun eta jabe izanez. Tresna oso malguak izaten dira, aldakorrak, merkatal ikuspegi ekonomikoak euren erara antolatzen dituzten balioekin. Kuantifikagarria ez denak ezin du funtzionatu merkantzia gisa eta gainera kostuak sortarazten ditu ia beti.

Hala ere, ikuspegi ekonomiko honetatik paisaiaren eta inguruneen bestelako balio natural, kultural, antropologiko, historiko edota estetikoak ezin daitezke kuantifikatu; espazioak balio-sistemak baitira, mekanismo konkretu batzuen arabera funtzionatzen duten sistema holistikoak alegia, faktore anitzen eragina kontuan hartuz. Jasangarritasunaren eta ‘garapen iraunkorraren’ arteko kontrakotasun-erlazioaren eztabaidak ere badaude honen atzean eta batez ere ‘Cities’ proiektuaren ikusmoldea, lurraldea beste era batera ulertzen duena, munduko hainbat hiri, erakunde eta unibertsitateren partaidetzarekin. Konurbazioaren (amaierarik gabeko jarraitasunean hedatzen den hiri-elkarketa) eta metropoliaren ideia goresten da dokumentu hauetan baina apenas kontsideratzen dira paisaietan gelditzen diren antzinako funtzioen arrastoak eta erabilera zaharren trazak (paisaiaren etnografiak islatzen digun kultura materiala eta ondarea), sano eraldatuak edota zuzenean ezabatuak izan direnak. Ez dira horiek gauza oro nibel berean kokatzen eta guri dagokigun maila apalagoaren aldetik, itaun diezaiokegu geure buruari nola aldarrikatu daitezkeen gure hirietan, portuetan, ur-fronteetako pasealekuetan eta bestelako espazio urbanoetan dauden elementu xeheak, oroimenaren gotorleku direnak eta kasik balio kuantifikagarririk ez dutenak. Galdetu genezake adibide gisa nola barneratu daitekeen artelan publikoen, monumentu eskultorikoen eta hiri-altzarien afera gaur egungo plangintzetan, zein pisurekin edota soil-soilik kontu estetikoa izan daitekeen. Guztiak ere erantzun zail eta konplexua duten itaun sozialak, kulturalak eta antropologikoak nonbait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude