ITSAS BAZTERREKO ETA IBAIERTZEKO HIRI-EGITURAKETAREN TAUPADA URBANO, KULTURAL, SINBOLIKO ETA ESTETIKOAK (…IV…)

Donostiak itsas bazterrean izan duen hazkundearen egituraketa konplexuaz aritu izan gara, beraz, ekialdetik mendebaldera doan Kontxako badiako kosta-lerro uhintsuan, Urumearen arroak ere itsasoarekiko bizkarrezur gurutzatua ezarriz hiri-egituraren morfologian. Ikuspuntu geografiko honetatik bai Gros-Zurriola eta Antigua-Ondarretako espazioak gurutze horretan itsasoarekiko bornea markatzen duen ardatzaren luzapena lirateke, estruktura horrek itsasoarekin sortuko lukeen paralelotasuna azpimarratuz.

Ikuspegi urbanistikotik, interbentzioen dentsitate eta mailarik gorena espazio hauetan gertatu izan dela konturatu gara, periferiako lehen koroetako ‘zirrikitu urbanoak’ askoz geroago sortuz, izaera desberdineko poligonoetan (langileen etxebizitzak, familia bakarrekoak, burgesak, e. a.) baina ekotopo kaskarragoetan gorpuzturiko konurbazio hiriarekin (adibidez Urumea ibaian gora etekin industrialetara dedikaturiko lurzoruak). XX. mendeko 60. hamarkadatik aurrera Urumearen ertzetako hazkundeak jarraituko badu ere, dispertsio handiagoko auzuneek nukleo berriak sortuko dituzte, garaiko plangintza partzialen filosofiatik eratorriak.

Bestalde, XX. mendeko 30. hamarkadatik aurrera ikusi dugu nola Donostiak udatiar turismoaren pisua zeharo galduko zuen, desagerpena baino gehiago transformazioa gertatuz baina urrezko garaiak betirako itzaliz. Ziklo historiko batek badirudi bere helmuga izango zuela gerra-aurreko urte horietan. Paraleloan, aktibitate ekonomikoek produzitzen dituzten fluxuak hobesten dira hiriaren egituraketan eta eraiketan, etxebizitza merkatu espekulatiboak ere indar handia bereganatuz guda zibilaren ondorengo hamarkadetan. Donostiako eta bere eragin esparruko ordenazio planek eta probintzia mailako antolaketa planek eragingo dute horietan, 1962an Donostiako hiria ordenatzeko plan orokorra agertu arte. Zonifikazioaren ereduak hiri barreiatua sortarazten duela ikusi dugu, lurraldearen praktikagarritasuna eta periferiak bizkortuz, erdigunearen balioak oraindino hor dirauen arren. Ikuspegi estetikoari dagokionean, orduraino hiri-zabalguneek espazio historikoak gainjarri bazituzten, okupazio urbanoaren kontrolik gabeko hazkundeak hartuko zuen indarrik gehien. Horiek guztiak konpontzeko ahaleginekin idatziko ziren ondorengoko hiria ordenatzeko plan orokorrak (1970eko eta 1980ko hamarkadetan, 1995ekoa, 2006-2008ko erabili dugun dokumentua eta beste batzuk).

Hedapen urbanoak lehen aipaturiko ardatzen norabideak jarraituko ditu esfortzu handirik gabe: Urumearen ertzak eta Pasaiarekin lotura baimenduko duen korridorea, alegia; Udalak zailtasunez kontrolatu zitzakeen egitasmo pribatuen nagusitasunarekin. Kursaal-Gros-Ategorrietako aipatu zabalguneak ere XX. mendeko erdialdean arkitektura modernoaren emaitza duin edo traketsagoak agerian utziko zituen, eraikuntzako forma eta elementu arras desberdinekin. Beste muturrean, 1947an Ondarretako kartzelaren eraispenaren ostean ezarritako zerbitzu berriek aristokrazia udatiarra Antiguarantz hurbilduko zuten, lehenagoko industriguneak eta langileen auzune batzuk bertan zirauten arren. Urumeako itsasadarraren ertzetan Atotxa edota Egia auzoek ere langileria eta industria batzuk biltzen zituzten, etxebizitzak gero eta ugariagoak izanik trenbideak kausitutako trintxeraren segregazio erlatiboarekin. 1940ko hamarkadaren hasieran zabalgune proiektua aurkeztuko zuen Machimbarrena udal arkitektoak: hurrengo hamarraldiko hazkundearen abiapuntua, alegia. Paisaian gertaturiko eragin estetikoak kontuan izanda, argi genuke bikoiztasun nabaria sumatzen dela Donostiako auzorik gehienetan: klase altuko biztanleriak ur-fronteetako espaziorik pribilegiatuenak dituen heinean ur-fronte horietatik aldenduta gelditzen dira langileriaren auzoak, industriak edota azpiegitura komertzialak, espazio urbanoaren edota hiriko egitura geografikoaren ikuspegitik aldaketa hauek tratatu dituzten autore anitzek adierazi duten bezala. Hala ere, kontrako norabideko mugimenduak izan dira noizean behin, Bidebieta eta Altza inguruko nukleoetan agerturiko kalitate handiko etxebizitzen adibidearekin (Pasaiako portu inguruko lurzoru kaotikoetan), Ametzagainako partean (biltegi zahar eta tailerrak zeuden parajean), Miramon aldeko paisaia ederretan, Uliaren magaleko urbanizazio frakasatuen zirrikituetan[1] eta, nola ez, Antiguako ardatzaren luzapenean.

[1] XIX. mendean udatiar burgesiarentzat familia bakarreko etxeak aurreikusten ziren bertan. Urbanizazio egitasmoek ez zuten jarraibiderik izango eta XX. mendeko azken herenean okupazioa oso eskasa zen oraindik. 1962ko hiria ordenatzeko planifikazio jarduera globalak planteatuko ziren (1971 eta 1972an) eta baita Udalak onartu gabeko plangintza atalkakoagoak ere (1979-1980ko Plan Orokorrarekin).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude