GETXOARTE 2022. Erakusketak, ekitaldiak, hitzaldiak eta ibilbideak: ekimen artistiko ugariak itsasadarreko parajeetan

Aurtengo Getxoarte 2022 edizioak egoitza nagusi gisa eraikin enblematikoa izango du: Algortako Ereaga hondartza eta lurmuturrean oraintsu zaharberritze prozesuan dagoen Punta Begoña Galeria ezaguna. Bertan, Getxoarteko erakusketa-egitarauak bere kokagune-punturik gorenena topatu eta fintasunez antolatu du; itsasoari, Bilboko portuari eta urrutiago mehatz aldeari aurrez aurre begiratzen dion egitura arkitektoniko xelebrean. Bilboko ingurumarian eta itsasadarrak baldintzaturiko hiriguneetan, hortaz, Getxoko Udalerrian, aspalditik urtero errepikatzen den ekimen artistiko hau garatuko da gaur bertan hasita, uztailaren 15etik 17ra bitartean.

 

Urteen iraganaren poderioz metatuz eta hobetuz doan erreferentziazko jarduna

Getxoarte 2022ko aktibitate-bilduma aberatsak sendotasunezko jarraibidea izan du, bere lehendabiziko ikustaldietatik hasita gure egunotaraino, ez soilik herrian bertan baizik eta esparru geografiko zabalagoan ere. Maiz ikasketak amaituta, hastapeneko goraldian dauden sortzaile eta artegileentzako abiapuntu aparta izan da beti. Orduko ahaleginek emaitza paregabeak izaten ari dira gerora, antolakuntzaren pisua daramatenei ere eskerronezko keinua sor baitiegu. Gaur eguneko erronka ez baita erakusketetara mugatzen; ongi eginaren adibide eta isla bitartekaritzako fruituak ere badira; hala nola tailerrak, “artista bat auzoan” zita, egoitza-bekak nahiz artea eta hezkuntzaren uztarketarako programa propioak.

1.- Getxoarte 2022ko erakusketaren kartela.

Paisaia zeharo ikusgarrian, Getxoarte 2022ko arduradun eta komisarioek interesdun ikuslegoarekin bezainbat autoreekin harrera-solasaldiak bultzatu dituzte, edota adituen hitzaldi-sortak, antzezpenak, musika kontzertuak eta Punta Begoñarako espresuki sorturiko soinu-emanaldia. Aurtengo egitasmoen artean, halaber, Getxoko Udalerriko arte publikoa ezagutzeko eginiko ibilbideak ere aipagarriak ez ezik goraipatzekoak dira. Horien artean, marrazketa kolektiboko praktikak aipu berezia merezi du, beren beregi marrazteko grina partekatzen duten pertsona ororentzat eskainia baita.

2.- Abrako parajean maisutasunez integratzen den arkitekturaren kanpoaldea.

 

Arkitektura nabarmena, galdua eta arte-adierazpenentzat berreskuratua

Ricardo Bastida arkitekto ospetsuak hogeigarren gizaldi-hasierako ohituren, gustuen eta eraikitze-tankeren arabera altxaturiko elkargune eta galeria-pasarte horizontalek, hamaika pasadizo ezagun eta ezezagun nozituak izango dituzte jadanik. Bilboko metropoliko burgesia industrialaren moldeetara eta beharrizanetara egokituriko azpiegitura pertxenta, gizatalde boteretsuaren seinale, modernitate historiko eta ekonomikoaren aurrerapenean murgildua egoteagatik ere, agian pentsamenduz eta ideiez zenbaitetan sano kontserbadorea nabaritzearen kontrakotasunaz jokatuz. Horien artean, aitzitik, bazeuden aurrerakoiagoak ere, gudarostearen eraginez egoera aldrebesteko eta txarrera egiteko tertzioan gainbeheran eroriak.

3.- Urte luzez bere horretan utzitako edo abandonaturiko Galerien goialdea, errekuperatze prozesuan.

Garai bateko kostaldeko harkaitzei egokitua, mendi hauskorrari hormigoizko paretak jarriz lur soltagarriak tinkatzeko asmotan edo, flysch delako eraketa geologikoaren santsuak atzeko iluntasun ezkutuan mende osoa lagata, naturak harri-tailuz landutako profil uhintsuari gizaki-eskuek sigi-sagan erantsitako artifiziozko parapeto mardulak berriro bizitza bereganatu baitu. Bizi-berri horren harira, izan ere, bisitarientzako ikustaldiak eta ezein aktibitate tentuz berpizteaz gain, Getxoarte 2022ko erakusketa-deialdiaren emaitzarik behinenak plazaratzeko toki-espazio apropos gisa kontsideratu da. Leku bitxia, hala ere, darion usaia erromantikoari hormetako gerra-irudiak eta ondorengoen itzalak itsasten zaizkio; denbora askoz aurreratuagoaren geruza estratigrafikoak bailiran, flysch kultural modernoaren oinordekotza grisaxka inprimatuz.

4.- Sabaiko barandatik atzematen den itsasbazterraren ikuskizuna.

Galeriako aurre-sala nagusienean eta gainontzeko bazter-gorde edota iskin batzuk aprobetxatuz, beraz, Euskal Herritik eta Estatu espainiarreko beste herrialde batzuetatik etorriak –orotara, kasik berrogeita hamar eskaera– hautaturiko hamar artista gazteen obra plastikoek inguruarekin jolas dezaten saiatzeko hutsunea aktibatzea izan da helburu. Hala bada, aukeraturiko eskultura-piezek, pintura, marrazki eta argazkiekin batera aretoa atontzen dute behin-behinekotasunez baina hausnarketarako eta elaborazio materiala gauzatzeko izandako denbora-etenaren ostean. Kanpo-pasabideak eta ertz estrategiko batzuk ere irudiz eta artelanez jantzi diren bitartean, beheko solairuan, egitura erraldoiak barneko harriarekin elkarrekintzarik oparoena duen partean, azken boladan nazioartean dabilen Amaia Molinek artistak, bere artelanak kokatu eta erakusgai lekutu ditu, bertako atmosfera bereziaz kontaktuan. Plan ezin hobea, esango genuke, artea lagun asteburu pasa Algortaraino saltotxo bat eman nahi dutenentzat.

5.- Eraikinaren barruko gune printzipaleko erakusketan: Pablo Zabala, Sergio Daneri M. Guzmán, Mikel Erkiaga, Rocío Kunst, Iñigo Villar, Eva Kareaga, Gabriele Muguruza, Martin del Busto eta Luciana Rago. Barnetik gorantz doan eskaileran eta arroka-biluziaren tarteko zuloan, bideo-instalakuntza planteatu du Nahia Bedialaunetak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude