ITSAS BAZTERREKO ETA IBAIERTZEKO HIRI-EGITURAKETAREN TAUPADA URBANO, KULTURAL, SINBOLIKO ETA ESTETIKOAK (…III…)

Donostian aipaturiko hiri-hedakuntzek Kortazarren planoaz bestelako espazioak zituzten lehengai gisa; denak ere nola edo hala itsasoari edota itsasadarrari irabazitakoak eta aurretikako presentzia arkitektonikoen gainean eraikiak. Bai Grosen eta Antiguan ere industriak eta langileak zeudela ikusi dugu honen aurretik, eta horrek tresna urbanistikoen konplexutasun handiagoa ekarriko zuen irudi homogeneoak lortzeko orduan (Kursaal-Gros-Ategorrieta partean tipologiak aldatu behar izan zituzten eta Ondarreta-Antiguakoa partzialki eraikiko zuten).

Espazio horiek garaian bereganatu zuten esanguraren lekuko, Kontxako itsas bazterreko estetikaren eta bizimoduaren baitako ekipamendurik sinbolikoenak (“La Perla del Oceano” bainuetxeak), Zurriolan ezartzeko baimena eskatu zuen, ezezkoa erantzun bazioten ere, eraikitzen zeuden Kursaalarekin bateragarria ezelakoan. Dena den, XX. mendeko bigarren hamarkadarako, hirigintza jardueretan Europako beste hiriburu handiekin konparatu zitekeen eskala txikiagoko espazio urbano orekatu eta aurreratua erakusten zuen Donostiak, elementu urbanoen trataera zaindu eta uniformeak kontsideratuz gero (horien artean kaleak eta enparantzak, zubiak, pasealekuak, lorategiak eta parkeak, garraiobideak, argiztapena zein hiri-altzarietan agerpena duten bestelako zerbitzuak).

Berriro ere aurretiaz hobetsitako perspektiba honetatik begiratzen badugu, eskulturek eta ohiko monumentuek baino arkitekturak eta hiri-altzariek ur-fronteetako espazio publiko urbano sinbolikoenetan garrantzia handiagoa bereganatuko dutela konturatu gaitezke, askotan donostiar izaeraren irudizko ikonoak bilakatuz. Portuko altzariek itsas bazterreko espazio urbanoa izaera kultural, antropologiko eta estetiko konkretuaz janzten baitute, funtzio anitzak betetzen dituzten elementuak agertuz. Portuan distantzia jakinez eta erritmikoki errepikatzen diren lotura-puntuak (kanoiak, norayak eta bestelakoak) ikonografia adierazkorraz hornituriko barandak bihurtzen dira burges-hirian edota portu historikoan barometroak direnak erloju monumentalak izango dira hondartzako lehen lerroetan (lau esferakoak Donostian). Jendearen usadioak eta errutinak ere desberdinak baitira segun eta zein espazio den (arrantzaleen kaia, merkatal zein industrial portua, hondartza edo gaur egun kirol-portua). Itsasontzien antzinako masta-basoak, garabiak eta itsas nabigazioaren argiztapenerako dorretxoak, aldiz, lanpara modernistak eta gainontzeko seinale bertikalak irudituko zaizkigu hiri modernoko urbanizazio-lerro esanguratsuetan, are eta sinbolikoagoak ur-fronteetara urreratu ahala. Erdiguneko duintasunak, ostera, periferietako transformazio izugarriak nola eragin zituen ere ikusi dugu, zenbait autoreren ahotan ez ezik paisaia kulturalaren gure pertzepzio eta interpretazio kultural estetikoan (paisaiaren etnografia delako horretan) oinarrituta ere.

Itsas bazterra utzita Amarako zabalgunean gora eginez, aldiz, berau etenda geldituko zela gogoratu dugu XX. mendeko 1940ko hamarkadaraino. Sintesi eskematiko gisa, alegia, lurraldearen estruktura antzekoa zuten Urumearen ertzeko zabalgune hauek, elementu geografiko eta arkitektoniko berberen konbinazioak modu oso antzekoan garatuz beti ere; hau da, itsasoko edo ibaiko urak mantentzeko murruak, hertzen tratamendua, lursail ortogonalen prestaketa –ahal izanez gero–, ur-fronteen errespetua, paisaiaren balio erantsien miresmena eta begiramena (turismoa erakartzeko), Kontxako itsas lerroarekin artikulazioa eta Urumeako ibaiertzen apaingarritasuna. Uste osoz defendatu daiteke, momentu honetan, Kortazarren zabalgunearen osteko beste zabalgune historiko burgesek sentsibilitate handiagoko jokaera izan zutela ur-fronteekin (ez Urumearen ardatzean soilik, baita Grosen edota Antiguan ere). Noski, ordurako hiri komertzialaren eta turismorako hiriaren arteko eztabaida bigarrengoen alde zuzendua zegoen jadanik. Aitzitik, zabalgune modernoen premisa teoriko estetiko eta filosofietatik aldenduta, itsasoari eta ibaiari lurrak irabazteko proiektuak izan ziren geroko gehientxoenak. Denetara, behin funtzionatu zutela ikusi zuten egitasmoen errepikapen nahiak ere han-hemenka igartzen ziren; adibidez Ulia azpitik Pasaiaraino itsas bazterretik abiatuko zen Mompas-eko errepidea, Paseo Berriaren antzeko burutapenarekin. Hurrengo hamarkadetan, Donostiak metropoli itxura hartuko zuen, alde batetik Pasaiara eta bestetik barnealdera bidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude