ITSAS BAZTERREKO ETA IBAIERTZEKO HIRI-EGITURAKETAREN TAUPADA URBANO, KULTURAL, SINBOLIKO ETA ESTETIKOAK (…II…)

Itsas bazterreko biotopoek pausu bat aurrera egiteko hamar mila urte behar badituzte, ehun urtetan hainbat pausu eman dituzte Euskal Herriko kostako hiriek. Donostiako espazio urbano historikoan, Urumearen bokaletik Kontxaraino zihoazen kale paraleloek beste zazpi kale zuzenekin gurutzeak sortarazten zituzten erdi aroko hirian. Santiagoren arkupetik Zurriolara heltzen zen luzera nagusiagoko kaleak baimenduko zuen hiriaren eta itsasoaren (portuaren) arteko komunikazio zuzena. Komunikazio horretan arazo espazialak nabariak ziren (moilako atearen estutasuna[1], portuko eraikinen posizio, e. a.), hiri harresituaren eta portu-hiriaren arteko bizikidetza behin baino gehiagotan oztopatuz.

Harresi horien desagertzearekin bultzaturiko zabalguneak ere ur-fronteak nekez balioztatuko zituela berretsi dugu aurreko lerroetan[2], batik bat udatiar burgesiaren ezarpen masiboa gertatu arte edota Urumea ibaiaren osteko Gros auzoko urbanizazioarekin, XIX. mendeko azken urteetan hasia. Izan ere, zabalgunearen limiteak (urarekin topo egitean) ez dira hiribildu zaharraren gisako limiteak izango; harresien ‘parapetoarekin’ topo egitean sorturikoak baino askoz zabalagoak eta haizetsuagoak. Abiada bizian, XX. mendeko bigarren hamarraldirako parte handiena okupaturik zegoen, zabalguneko espazio huts eskasak betetzen ziharduten bitartean. Zurriolako zabalgunearen eta hondartzaren sorrerak balio erantsiak ematen dizkio Donostiari, Urumeako paduren urbanizazioak balio erantsiak gehitu zizkion moduan.

1813ko suntsiketaz geroztik etxerik gabe gelditu zen jendearentzat Kontxako hondartza etxola antzeko txabolez beterik zenbait urtetan aurkitu bagenuen[3], udatiar bainularien kabinek XIX. mende amaierako eta XX. mendearen hasierako Donostia oparoaren irudia suposatuko zuten. Bitartean, Kontxako badiaren beste erpinean Antiguako auzo zaharrak hazkunde nabarmena izango zuen, espazio industrial izatetik (neurri batean bertako errekastoek baldintzatua) nortasun urbano txukun eta burgesagoa izateraino. Gerra zibilaren osterako Donostiako itsas bazterraren aurpegi berria definituko zuten, beraz, Gros eta Antiguako zonalde baliotsuek; Kontxa inguratzen duten ekotopo garrantzitsuenetakoak izateraino, kalitate eta estetika urbanoari begira, badia inguratzen duten mendixkekin batera: Igeldo, Miraconcha, Urgull, Ulia. Hauetako batzuetan elementu teknologikoen bitxitasunak teknikaren estetika berriak agerraraziko zituen (funikularra), hiriko ‘balio erantsi’ horien kontsumitzaile dirudunentzat bederen, Bilbo inguruko meatze-lurretan elementu horiek industriaren estetika petoa azpimarratzen zuten bitartean.

Orduantxe konfiguratu baitzen, izan ere, gaur egun dakusagun Donostia hiriko erdigune geografikoa; zabalgune prozesuak ideia urbano, funtzional eta estetikoak kudeatzeko mekanismo bilakatzen direnean. Zabalguneko planoaren erretikulak bide-sareak, espazio publikoak, eraikin esanguratsuak (monumentuak), etxebizitzak, zerbitzuak, industrigune aldenduak (ezkutuak) eta itsas fronteak eratzen ditu, amaiera teorikorik gabeko lurraldearen arrazionalizazio saiakeran. Zabalguneak, beraz, garaiko gizarteko ardurei soluzio holistikoak eta bateragarriak eskaini nahi zizkion, nahiz eta azken finean erlatiboak suertatu, nortasun politikoen eta pentsaera ideologikoen aplikagarritasuna planifikazioa proposatzen eta egiten zutenen eskuetan jarriz eta modu fisikoan plangintza horren tentsio funtzional eta estetikoetan agertuz. Donostiako kasuan, Bartzelonako Cerdàren ideietatik aldendua, Kortatzar ez litzateke hain berritzailea izango; Cerdàk komunitateko helburu orokorrak oso presente zituen bitartean, Kortazarrek burgesia dirudunari nahi zuen irudi urbanoa eman baitzion, lurzoruen jabeek lortuko zituzten etekin oparoekin ongi konbinatua. XIX. gizaldiko oligarkiaren ardurarik nagusienetakoa edertasuna ere bazela argi daukagu, etekin ekonomikoekin, turismoarekin, higienearekin, argiztapen eta aireztapenarekin batera. Horrek guztiak propaganda primeran elikatzen zuen, bien bitartean. Norabide aldakorreko limite urbano morfologikoekin, hiri nahiko konpaktua eta bateragarria lortuko zuten Kortazarren garaikideek eta ondorengokoek, lurraldearen konfigurazioan azpiegiturak liratekeen elementu batzuk gerora mugarri garrantzitsu lez berrinterpretatuz, zabalgunearen baitako tipologia estetikoen artean.

Zabalgune horren azken faseetan Urumea ibaiaren ertzetako urbanizazioa nola jarraitu zuten ikusi dugu lehenagoko ataletan, etorkizuneko metropoliko adarra izango zen direkzioan. Frantziako pasealekuan lorategi-hiriaren tipologia aurreikusi zen hasieran (ibaiertzeko fatxada guztiak estetika monumentalarekin tratatuz: dorreak, kupulak, elementu apaingarriak, txalet etxeak…). Era berean, Zurriola inguruko Ekialdeko zabalguneak itsasbeheran agerian gelditzen zen hareatza desagertu arazi ostean espazio urbanoaren hazkundea posible egin zuen[4]. Ardatz horren luzapenean oso inportanteak izan ziren, aipatu legez, trenbidearen sareak eta komunikazio zein garraioko beste azpiegitura batzuk (errepideak, besteak beste). Horiek guztiek definituko zuten, kasik gaurdaino, Donostiako estruktura urbanoaren limiteak (Kontxako badiak muga natural higiezina ezartzen zuen bitartean). Zabalgune txiki honek, alabaina, Kursaaleko eta Groseko zabalguneekin jarraipena izango zuen, itsas bazterretik Ulia azpiko Ategorrietaraino helduz.

[1] ‘Lurreko atea’ eta ‘Itsasoko atea’ bereizten genituen, 1575ean ireki zuten ‘Gazteluko atearekin’ batera (oso bigarren mailakoa). Alabaina, harresien lehen garaian zazpi omen ziren kanpoko espazioarekin komunikatzeko zituen ateak.

[2] Badiarekin, San Bartolomé mendixkarekin, Urumearekin eta Amararekin izango zituen lehen limiteak, lehendabiziko itsas lerroko etxeek eta jauregitxoek lorategiak zituztelarik atzealdean.

[3] Balio burges eta kontzepzio sozial urbano ororen kontra etekin ekonomikoagatik mantenduak.

[4] Errepublikako gobernuak oniritzia emanda, 1880ko hamarkadan burutuko ziren obrarik adierazkorrenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude