ITSAS BAZTERREKO ETA IBAIERTZEKO HIRI-EGITURAKETAREN TAUPADA URBANO, KULTURAL, SINBOLIKO ETA ESTETIKOAK (I…)

Harresiak jaurtikitzeko baimena eman zietenean poztasunez eta alaitsu abiatu ziren donostiarrak egun horretarako hiriko agintariek antolatu zuten prozesioa eta guzti, Santesteban maisuaren melodiak eta kantuak interpretatuz. Antzeko bizipenak erakusten zituzten koadroak ohikoak izan ziren Europako erdi aroko hirigune harresituetan; haien desagerpenak espazio urbanoa garai berrietako moldeetara zabaltzeko eta inguruko lurraldeetara hedatzeko aukera ezin hobea ziurtatzen baitzuen, hiri-barneko estutasunetatik at. Horrela, harri jaustearen iskanbila eta zalapartak guretzat klasikoak diren musika soinuez zipriztinduak izaten ziren.

Hiri-zabalgune berriak modernitatearen adierazle bikainenetakoak izan ziren. Harresien galera, beraz, antzinatik lepo gainean zeramaten harria birrintzea eta aire berriei ateak eraikitzea suposatuz; ospatu beharreko gertakaria nonbait. Toki batzuetan beste batzuetan baino lehenago nabaritu zen modernitatearen taupada hirigintzaren alorrean, eta Donostian XIX. mende hasierako pasarte historiko traumatiko eta lotsagarriak (frantziar armadaren kontra espainiar monarkia zale atzerakoiek ingelesekin eta portugaldarrekin zeukaten fronte bateratuak eragindako suteak) bizkortuko zituen modernitatearen hastapenak hirigintzan, ez horrela garaian Fernando VIIak Espainian berrezarritako erregimen politiko absolutistan.

Hasieran Donostiako hiri zaharrak kostako harkaitzen oinetan topatu zuen kokaleku estrategikoa, aspaldi genionez. Urgull mendiko gaztelupean eta itsasoak ia inguraturik izan zuen hastapena Donostia hiriko fenomeno urbanoak. Mendeak iraganda, itsasoari gerturatzen zaion zabalguneak, aldiz, badiako lurralde paduratsuak izango zituen halabeharrezko eskenatokiak. Bataren eta bestearen artean hiri-kontzeptuaren aldaketa nabarmendu behar da, garai bakoitzeko beharrizan produktibo, ekonomiko eta kulturalak aintzakotzat hartuz. Argi dago defentsaren beharra XIX. mendearen erditik aurrera eroria zela jada (errege-erregina katolikoek ordurainoko merkatal kokagunea gotorleku bilakatu zuten bezala), hiriko forma eta antolakuntza beste aktibitate komertzial (lehenengo) eta turistiko (bigarrenik) batzuen menpean jarriz. Azkenik, itsas bazterreko lehenengo lerroetara hurbiltzen den hiri modernoan turismoak bereganatu zuen indarrik gehien.

Alabaina, itsasoko eta ibaiko ur-fronteetara urreratzen den hiri moderno horretan planteaturiko hirigintzak helburu jakin batzuk bilatu nahi izan ditu eta jomuga horien fedea izan da gidari nagusia. Hirigintza teleologikoak, hortaz, hasiera baten merkatalgoa eta gero turismoa izango zituen helburu hegemonikoak, horrekin batera intentzio finko bati loturiko apaingarritasuna ere hirigintzaren parean garatuz, ‘estetika teleologikoa’ bailitzan: burgesia udatiarraren gustu estetikoa asebetetzeko, hain zuzen. Bilboko hiribilduaren eboluzio urbano historikoak lehendabizi merkatalgoa (erdi aroan), ondoren industria (modernitatean) eta azkenez turismoa (postmodernitatean) izan ditu, laburbilduz, garapen motore garrantzitsuenak. Alegia, Bilbon premiazko lekua topatu zuen industriak itsasadarraren ertzetan eta ez da sekula estalia edo ezkutatua izan (azken boladan bultzaturiko ‘desafekzioa’ gertatu arte, gutxienez). Onura ekonomikoen isla sinbolikoa suposatzen baitzuen industriaren estetikak ere, burdinaren arkitektura enblematiko batzuetan agerian gelditu zen gisan; esate baterako mundu mailan onarturiko ondare pieza esanguratsua den Portugaleteko zubi transbordadorea. Donostian, aitzitik, burdinaren arkitektura edota eraikuntzako prozedura teknologiko batzuen erabilerak (ormigoi armatua), azalezko estalketak behar izan zituzten (zentzu honetan, lehenagok sarreretan aipatu dugu ur-fronte horietako ikonoa den Mª Kristina zubia, besteak beste) ‘revivalismo’ historikoaren, eklektikotasunaren eta modernismoaren premisa estetiko-ideologikoetara egokitzeko.

Donostian ere, merkatal hiriaz gain industriak izan zuen nolabaiteko garrantzia, Groseko eta batez ere Antiguako adibideetan ikusi dugunez. Udarako hiri erakargarriaren bultzadak, ordea, eragin ‘itsusi’ eta ‘desatseginaren’ irudiak ezkutatu nahi izango zituen kostaldetik barnealderantz eramanez. Kortazarren zabalguneak merkatal hiriaren kontzepzioa mantenduz, ez zituen itsasoko eta ibaiko ertzak maitasun gehiegiz tratatu. Gerora, Urumea ibaiaren bokaleko kanalizazioetan gustu estetiko burgesaren adierazpen arkitektoniko zein eskultoriko bikainenetako batzuk agertuko ziren, aisialdirako hiri atsegingarri eta apaingarriaren sorkuntzan. Itsasadarrean gora, aldiz, industriak eta langile auzoek paisaia barreiatuak eta nahasiak eratuko zituzten, Donostiako ingurune metropolitarra barnealdeko lurretarantz hedatuz, Bilbokoa itsasalderantz luzatuz zihoan heinean. Aspektu geografiko eta produktiboek, hortaz, natura-kultura lehia horretan sano eragin dute Donostiako eremu metropolitarraren ereduaren finkapenean (Gipuzkoako nekazal lurrei lotua), Bilboko metropoli industrialaren iruditik desberdindua nahiz eta, Donostian ere, kostako ardatzean Pasaiako badiara luzatzen den hiriak zeinu eta izaera industrial ezkuta ezina erakutsi. Pasaian Donostia ‘apaingarri’ horren ‘atzealdeak’ leudeke (baita Usurbilen, Hernanin edota Lasarte-Orian ere); tradizioa, portua eta industria hirutasun historikoa bilduko lituzketen espazioak, Bilboko metropoli eremu luzean Portugaleteko hiribilduak edota Sestao industrialak beteko lituzketen funtzio urbano zein sozial espezifikoak neurri batean berretsiz. Horiek lirateke begirada baldintzatzen duten ‘limiteko espazio’ batzuk, muga urbanoak ez ezik muga moralak ere deskribatzen dizkigutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude