HIRIA, IBAIA ETA ITSASOA. EUSKAL HERRIKO KOSTALDEKO PAISAIA ESANGURATSUAK (VII): ‘BAKIO-TONIK’ ETA HIRIGINTZA DESPROPOSITOA

‘Ikonoaren’ estetika handinahikeriazkoa, neurri apalagoan eta XX. mendeko erdialdeko jazarpen urbanistiko kontrol-gabearekin batera, Bakioko ur-fronteen konfigurazioan ere igarri ahal izango dugu modurik argienean. Izan ere, Bakioko elizateak hartzen duen kosta partean itsasoari hainbat harkaitz eta penintsula txikik erakusten diote muturra, denetatik ezagunena eta sinbolikoena Gaztelugatxeko Donibane izaki. Distantziak salbu, beronen puntan Urgull mendiko militar gazteluaz oso bestelako ermitatxoa badago ere, itsas bazterreko paisaia natural paregabeak eraginda ehunka bisitari eta turista bereganatzen ditu urtero. Hala ere, Alfontso XI.a Gaztelako erregearen setioarekin gotorleku izango zen denboraldi batez, 1334an. Hemen, fenomeno urbanoaren lehenengo aztarnak erlijioari loturiko monasterio eta komentuak izango ziren, biztanleria finkatu aitzin zeuden baselizekin batera, erdi aroa aurreratu ahala parrokia-eliza eta ondoren elizate bilakatuak, inguruan herrixka eratzen zutela.

Bakioko udalerriaren erdigunea ere Estepona ibaiak zeharkatzen du, Sollube eta Jata mendietako errekastoen urak jasota. Nahiz eta Bakioko Elizate zaharra itsasotik barnerantz aurkitzen ditugun nekazal lurretan eratu (hein baten itsasoari lepoa emanda, txakolina egitea tradiziozko lana zen, Donostia inguruetako sagardoaren gisan), ibaien ubidearen inguruetan eraikitako udalerrien tipologiara nolabait egokitua legoke, kostaldeen orrazean labarrak, badiak eta hondartzak tartekatzen dituztenak. Alabaina, Bakiok portu-herri izateko eta arrantzan zein itsasoko laboreetan aritzeko baldintza ezin txarragoak izan ditu beti, zabal-zabalean iparrera begira dagoen hondartza luzeak itsasontzien sartu-irtenak galaraziko zituelako. Hondartza izango zen, beraz, XX. mendearen hirugarren herenetik aurrera Bakion bultzaturiko baliorik preziatuena, 1970eko hamarkadan udaleku bihurtu arte, orduraino paraje horietan gutxi ezagutu zen itsas bazterreko hirigintza-garapenari kontrolik gabeko ateak irekiz. Bigarren mailako etxebizitzen ugalketarekin, beste kostako herri askotan bezala, behin-behineko udatiar biztanleriak okupatzen ditu itsas bazterreko espazio urbano gehienak, antzinako egituraketa sakabanatuaren ordez. Baserriek unitate produktibo eta ohiko jardueren suspertzaile gisa beraiei zegokien lekua galdu dute turismoarentzako prestaturiko itsas fronteko urbanizazioaren mesedetan (lehenago aipatua dugun bezala). Eraikin mota izan da, batez ere, Bakioko herriaren konfigurazio urbanoa zeharo eraldatu duena eta ez sorturiko zerbitzuek (hau da; eraikuntza bai baina zerbitzurik apenas) edota jatorrizko populazioaren gorakadak. Bakioko itsasadarrean eta ia-ia hondartzaren gainean (itsasoari lurra irabaziz) hirigune berria sortu izan da ikaragarrizko espekulazio ekonomiko eta hazkunde desordenatuaren bultzadaz, paisaia erabat narriatuak baldintzatuz. Gaur egun, hortaz, bi alderdi bereizi daitezke: alde batetik itsas bazterreko hiri-eredua, ‘desarrollismoaren’ urteei dagokiona eta bestetik barrualdeko auzuneak, tradiziozko bizimodua lagata asteburuetako eta oporraldietako biztanleen etxetxoak hartzen dituena (baserri munduko utopien eta arkitektura ‘neo-neoeuskaldunaren’ berpizkunde edo asmakizunarekin), entretenimenduzko nekazaritza berantiarrarekin. Kostaldean zein barrualdean, Euskal Herriko lurraldean geroz eta hedatuagoa dagoen urbanizazio modelo postmodernoa, alegia.

1.- Goian aipaturikoaren lekukotasuna erruz adierazten duen eta argitzen duen airetiko argazkia.

Nola edo hala, Bakioko itsas bazterrean tipologia arkitektonikoen nahasketa dakusagu, izan ere Donostian beste premisa batzuekin eta beste maila baten garatutako hirigintzaren parean paisaiarekiko, elementu urbano adierazgarriekiko eta, oro har, itsas bazterreko urbanismoan dautzan ikuspegi estetikoekiko atxikimendu askozaz urriagoarekin ez ezik errekurtso eskasiarekin ere, nahiz eta bai barroko garaiko etxetzarrek, bai Frantziako bigarren inperioko estiloko jauregitxoek, bai klasizismo, eklektizismo zein modernismoaren eraginpean diseinaturiko txaletek eta bai zaharberritze mugimendu herrikoietan euskarritutako eraikinek (‘neo-euskalduna’, ‘cottage’ ingelesa, e. a.) nolabaiteko presentzia izan duten. Hala eta guztiz ere, XX. mendearen amaierak itsas bazterreko espazio mila aldiz kaotikoagoak utzi dizkigu Bakion, udatiar dirudunen modak, neurri batean bederen, eragina izan zuen arren:

“Bakion, batez be, Bilbotik etozan familia aberats egarik egoitza barriak egin ebezan, kostaldeko inguru honetan bigarren etxeak eregiteko joera handia egon zan aldian. Sasoiko etxeak egiteko mugimendu indartsu hau izan zan Bakioko parrokiatik itsasorainoko bide osoan estilo mota askotako hainbat etxetzar egotearen arrazoia; ondoren etxeok gaur egun bide horren ondoan eginda dagoan errepidera be heldu ziran. Eraikin barri horreen ezaugarri nagusia kanpotik oso itxura desbardinetakoak izatea da, eraikintzarako eklektizismotik hasi eta joera historiko edo herrikoiko zaharbarrikuntzazaletasunagaz amaitzen diran estetika-irizpideak hartu ebezan eta. Kanpoko ugaritasun honek, ostera, helburu bera ezkutaten eban danetan, jabeen maila ekonomikoa, gizarte nagusitasuna edo ideologia besteen aurrean agertzea. Gai honi jarraituta, esan daigun etxebizitza barri horreetariko gehienak egin ebezanak batetik erosotasuna eta bestetik jabeen ‘propaganda’ nahiak uztartzen ahalegindu zirala”[1] (idatz estilo originala mantendu dugu).

 

2-3. Itsas bazterreko estanpa urbanoaren adierazle diren pasealekuak eta eraikin erraldoi bezain hutsalak.

 

 

4-5. Herri-barneko eraikuntza orotan nahasia, gaur egungo esku-hartzeekin, itxurosoki apur bat leundua.

Bakioren bilakaera urbanoak antzinako herrixkaren izaeratik burges-hiriguneraino garamatza, eta hortik XX. mendeko bigarren erdialdeko hirigintza kaotiko, nahasi eta troglodita. Egoera horrek itxura urbano konkretua nola baimendu izan duen ikusi dugu, azkenaldiko itsas fronte postmodernoen egituraketara heldu arte, munduko edozein tokitan errepikatu daitezkeen antzeko adierazpen estetikoekin. Bestalde, Ondarroako ur ertzetako espazio urbanoari tradizioaren usaia dario oraindik, denboraren poderioz eraldaturiko itsas kulturarena; baina gaur egun eskaintzen digun irudian antzinako ondarearen presentzia sinbolikoak bizirik jarraitzen duela apustu egingo genuke, imajina hori zeharo eraberritzen duten ikono enblematikoekin bada ere: Calatravaren zubia alegia, beste elementu batzuk garaian garaiko ikur errepresentagarri izan diren legez (burdinazko zubi mugikorra). Ezen ez baita Bilbokoa Bizkaian Calatravak duen zubi bakarra. Izan ere, Ondarroan ibaia zeharkatzen duena parekoa da, nahiz eta zertxobait txikiagoa izan.

6.- Ondarroako Calatravaren zubia, portuari ongietorria ematen.

Begiratzen dugun perspektiba orotatik, izan ere, itsas bazterreko espazio urbanoari entitate postmodernoa emango liokeen arkitektura boteretsu horren marra uhintsuak sartuko lirateke behin-behineko turistak eginiko argazki hipotetikoaren koadro txukunean. Koadro edota delako leihatila hori, halaber, Bakion nahiko eraldatua agertuko litzateke, hirigintzako ‘despropositoek’ eraginda; ‘Bakio-tonik’ izendun izozki bitxia hartzen dugunean gogora datozkigunak. Zumaia ere portu-hiri garrantzitsua izan dela begi-bistan genuke, izaera horri ur-fronteetako espazio urbanoaren trazak eta ertz horietako elementu sinbolikoek eutsiz. Eskala handiagoan, industriaren presentziak antzinako ontziolen eboluzioa erakusten digu, kirol-portuak ainguraleku zaharraren memoriaren zirrikituak aktibatuko lituzkeen bezala. Oroimenaz mintzo, beren-beregi itsasokoa ez den ‘oroimenezko mugarriak’ ematen dizkigula ikusi dugu Jabier Elorriagak, uraren eta lurraren arteko borroka-toki den kanpoko dike handian. Muga horiek izaera natural bigunagoan sumatuko genituzke, beharbada; kulturalki, intuitiboki eta emozionalki Zarauzko edota Donostiako hondartza eta pasealekuaren limite urbanoetan. Hala ere, E. Asins-en eskultura-blokeek porlanezko kremailera lez funtzionatuko lukete Zarautzen, Chillidak Donostiako harkaitzetan berriro ere itsasoaren kontrolaezintasunaren aurrean kokatzen gaituen moduan. Eskala handiko eta txikiko harreman hauen arteko loturez eta erlazioez ere aritu izan gara, hurrengo ataletan ere duda barik berreskuratuko ditugunak.

7.- Elena Asins artistaren “Canons 22” lana, Zarautzeko itsasbazterra markatzen diharduela.

8.- Jabier Elorriagaren ibilbide eskultorikoaren pieza adierazgarrienetakoa, Zumaiako dikeak lotura duen puntuan.

 

[1] ITURBE MACH, Ander. Bakio eta Lemoiz. Bilakaerea historikoa eta monumentu ondarrea, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia (‘Bizkaiko herrien monografiak’), 1995, 159-160. orr.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude