‘Maritimotasunak’ Bildumako 8. Zenbakia, Itsasmuseum Bilbao

Aurton ere, duela zenbait denbora abiarazitako desioari eutsiz eta eginahala irmo jarraituz, 2021. urtea amaitu baino lehen, ‘Maritimotasunak’ Bildumako 8. zenbakia emango du argitara Bilboko Itsasmuseum erakundeak. Oraingoan Luis Bilbao Larrondo historialariak idatzitako Urbanismo en torno a la Ría del Nervión. El Gran Bilbao 1945-1975 titulua daraman liburua, alegia. Carlos Sambricio irakasleari sor zaion hitzaurrearen ostean, bere garaian Bilbo Handia edo “Gran Bilbao” eskualdea izendatu zutenaren xehetasun urbanistikoak maisutasunez eta erreferente mordoaz eguneratzen ditu, Bilboko metropolian hain garrantzitsua izan zen hiri-garapenaren argi-ilunak zehatz-mehatz xahutuz.

 

Ahanzturatik memoriara, liburutegitik plaza publikora, Bilbotik Abrara…

Hiriaren erraietatik hasi eta itsasadarrean behera, Bilboko porturaino milaka biztanlek pairatzen edo sufritzen duten/ dugun errealitate gordina izan zen Bilbo Handia. Hala ere, korporazio instituzionala kitatu zenean kontzeptua bera (eta bere baliokide urbanoa: metropoli-bihurtzea) desitxuratuak ez ezik lausotuak gelditu ziren haren balizko onura eta kalteak. Luis Bilbaok orain, hainbat atal eta kapitulutan, sekulako tamaina eta sona izatera iritzi zen hiri-fenomenoaren sustrai-erroak gogor astintzen ditu. XX. mende erdialdeko hamarraldietan hezurmamituriko edo proiekzio mahai-gainean geldituriko asmo hauskor eta batzuetan bortitzak egun-argitan jartzen dizkigu: hiri-ingurumariko txabolismoa, plangintza orokorrak, Asuako nazioarteko lehiaketaren porrota, kanpo-portua, trama urbanoaren egituraketa paradoxikoa, errepide eta komunikazio sareak.

Kontzientzia metropolitarrari gaindi eginez, orduko aurreikuspenek, zoruko lege-araudiek, behin-behineko bulego teknikoek, botereen arteko debate-eztabaida sutsuek eta planteaturiko erronkek zein profileko etorkizuna irudikatzen zuten aitzineratzen digu; dokumentazioa eta irudi originalak tentuz, sakonki miatuz eta artxiboetako apaletatik errekuperatu ahala oroimenera erakarriz, eginkizun horretan eskarmentu nabarmena duen Luis Bilbaok. Azkenez, industria-hiriaren krisialdiaz ere gogoeta sano zentzuzko batera gidatzen gaitu. Bibliografia-iturriek eta argazkiek izugarri aberasten dute ekarpen interesgarri eta baliozkoa.

Lerro hauetan komentatu dugun argitalpen berriaren aurrealdea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude