Inguruaren transformazio anitzak eta ‘mutazioak’

Aurtengo udazkenean buruturiko egitasmoak, elkarlanean pentsaturiko eta gauzaturiko erakusketa izan du emaitzarik nagusiena. Bertan, ez dira artelan indibidualak eta pertsonalak erakutsi, ekintza kolektibo baten barnean eta tokian tokiko muntaketarekin sortuak baino. Tamaina erraldoiko argazkiek, gehienak zuri-beltzean, harrobietako ustiapenaren osteko harri-arrastoen testigantza eta ikuskizuna baimentzen digute begirada txit estetikoarekin. Harri biluzizko pareta itzelak, harlanduzko mendi bitxien hormatzar bertikaletan.

 

Paisaiaren eraldaketa estetikoak

Aurretiko ekimenari jarraiki, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Eskultura eta Artea eta Teknologia Sailean diharduen Eusko Jaurlaritzaren Ikerketa Talde egonkortuak, ekimen berria eskaini du 2021. urteko azaroaren 15etik 26ra Abanboibarrako Bizkaia Aretoan (UPV/EHU) ikusgai izan duguna. Aurtengo koska, alabaina, ez da izan soilik jardunaldi, bilera edota hitzaldi sorta batera urreratzea eta parte-hartzea, baizik eta arteari zuzenduriko erakustareto baten, hain zuzen, hiru ekintza jarri dira martxan: arte-erakusketa, tailerra eta mintegia.

Bidenabar, horiek lekuok lantzen eta orrazten, harriak kentzen zein metatzen bertan behera lagatzen direnean, paisaia orotan berantiarrak usten dizkigute begi-bistan; hutsune beltzak, pasabide ilunak, mota guztietako xehetasun grisaxka ia gardenak, zurixkaren eta beltzaranaren gradientean inskribatuak.

Erakusketaren erronkak gainontzeko egur-piezak, kutxa-tunel prisma gisakoak hartu ditu ‘in situ’ eraikiak eta gelako espazioan sakabanatuz ordenatzen saiatuak. Hauek eta harrobiek, elkar hartzen dute elkarri eskua emanez hantxe aurkitu ditzakegun bestelako irudiekin osatuz. Formatuak, distantziak, erlazio topologikoak eta gaitasun material oro zainduta, harri-natura elkarrekintza areagotzen duten bideoak funtsezkoak dira, alegia, harria batzuetan natura izango ez balitz bezala presente egiten zaigunean, giza azalez eta esku-arrotzaren hezurduraz fin tailaturiko bloke landuan zedarrituak.

Ezen, gure aburuz, ez baita bidezkoa inolaz, ere lehen mailako parajeak, bigarren mailakoak ezta hirugarren mailakoak bereiztea. Denak ere, euren historia antropiko arras desberdinen baldintzapean, estetikoki erakargarriak suertatu baitaitezke: abandonatuak, eraberrituak, jasangarriak, ahituak… e. a.

 

Irakaskuntzak, ikerketak eta sorkuntzak

Oraingoan beraz, “Paisaiaren eraldaketa estetikoak” izan da lema nagusia, eta: “Irakaskuntzak, ikerketak eta sorkuntzak” gidalerroari eusten dion azpi-titulua. Izenburuari men eginez, Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkun nazioartean maiz mugitzen diren artistekin topaketa Bilboko Arkeologi Museoan izan zen azaroaren 18ko arratsean, euren erakusketaren inaugurazioa bitarteko izanik.

Hauen ondoren, azaroaren 22ko goizean, geologian aditua eta aldi berean arte ikasketak dituen Luis Ortega gonbidatuak tailerra eman zuen Bizkaia Aretoan bertan, interesatuei ez ezik “Eskultura, arkitektura eta hiri-paisaia” edota “Eskultura espazioaren kontzeptuak” irakasgaietako ikasleei zuzendua. Publiko zabalagoarentzat konkretuki ideiatua, azaroaren 24ko bazkalostean zientzia fisikoetatik etorria den arren, idazle bezala ere kontsidera dezakegun Agustín Fernández-Mallok hitz zenbait azaldu zituen Bizkaia Aretoko Arriaga entzunaretoan. Esandakoaren jarraian eta itxiera legez, ikerketa-kideok 2021an argitaraturiko liburua aurkeztu genuen: Sostenibilidad estética. Las artes y las transformaciones del espacio común del territorio. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ehupress kalitatezko zigilupean editatua.

Aipatu ikertaldeak: “Sormena artean eta estetika aplikatuak hiria, paisaia eta komunitaterako” (KREAREak), UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean errotua, modu antolatuan eta egituratuan goi-mailako beste erakunde batzuekin barne eta kanpo lankidetza egin izan du 2013tik honaino. Osagarri lez, 2017tik 2020ra bitartean ikerkuntza, garapena eta berrikuntzako proiektu bat ere aurrera eraman du: “Arteak eta lurraldeko espazio komunaren transformazioak [ebaketa harrobi eta ur aurreen jasangarritasun estetikoa]” (TECTar). Fruitu mardulak izan dira aurretik garaturiko bizpahiru erakusketa eta beste horrenbeste topaketa-mintegi: Nafarroan (Huarte eta Altzuza), Donostian eta Bilbon lekutuak. Azkena: “Paisaiaren Eraikuntzak eta Deseraikuntzak”, hain justu ere duela urtebete ospatu zen egoitza berberean. Zortzi urte luzeren bueltan, hastapeneko interesgune eta helburu bertsuak darraio, gizartera irekitako ikerlanaren, transmisioaren nahiz arte praktikaren erpinetan eta sarri askotan, arte-egikeratik eratorritako aplikagarritasunaren mesedetan. Urtez urte pausoak sendotuz; mendi-magaletik itsasoraino, harri-mina darion sentiberatasunez.

1. Agustín Fernández-Malloren topaketa egunerako kartela.

2-5. Erakusketaren irudi, objektu, ebaketa, aretoko perspektiba eta saio batzuen argazkiak. Xabier Laka eta Ana Arnaizen prentsaurrekoa, Luis Ortegaren tailerra ikasleekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude