Duela gutxi argia ikusi berri du Euskal Herriko gure kostaldeko itsasoarekin eta oro har, pertsonok itsas bizitzarekin hartu-emanean sortarazten ditugun afera eta gatazka batzuk modu ulerkor bezain atseginean erakusten dituen haur-ipuina.
Egitasmo xelebre baizen beharrezko hau Iratxe Rubio Benito del Valle eta Amelia Benito del Valle Eskauriazaren ideiari esker heldu zaigu eskura, bai liburutegietara, bai umetxoen imajinaziozko munduaren aberastasuna eta gaur egun itsasoko ustiapenari loturik dugun produkzio zein bizibidearen arteko uztarketa kontakizunez eta irudiz hornitzera. Izan ere, Iratxe Rubio itsas biologian aditua eta ikerlaria da; bitartean, Amelia Benito del Valle literaturan jaioa eta irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Bien elkarlanak fruitu oparoa izan du agertoki koloretsu honekin.
Ipuin erako antolaketa
Istorioa, bere horretan, “atunaren arrantza ezagutzeko ipuin bat” bezala defendatzen da, eta argitalpenari babesa eman diotenak, hain zuzen, itsasoko ikerkuntzari arreta eskaintzen dioten entzute handiko erakunde akademikoak izan dira: Future Oceans Lab (Centro de Investigaciones Mariñas – CIM), Vigoko Unibertsitateko ikerketa laborategia, eta Klima Aldaketa Ikergai (BC3). Bitartean, beren beregizko ilustrazioen autorea Javier González Berruete dugu, arte ederretan graduatua eta artista pintorea, batik bat. Egileek burutu duten gainontzeko esfortzuaren artean oso aipagarria da testua konkretuki Bizkaiko Bermeo hiribilduko euskara-aldakian aurkeztearena, atun-ontzia bertakoa baita. Itzulpen-moldaketan lan eskerga egin dutenak Jon Martínez Mardaras eta Juan Antonio Apraiz Zallo izan dira, berau ere arrantzaren etnografian txit jantzia.
Neskato txikia bere aitarekin portuan zehar osteratxoa egiten ibilita, aitak esaten dio biharamuna Tuni-Ontzi bisitatzen iragango dutela. Eskerrean testua eta eskuineko orri osoetan irudia tartekatzen dituen diseinu argigarriaz, neskatilaren itaunei arrain-bilketaren prozesuak, izozketarenak, itsasontziaren zubiko aparailu-sorta eta gora beherak, neurtze-tresnak eta bestelakoak deskribatzen dizkiote aita-patroiaren arrapostuek. Gakorik nabariena, berotegi-efektuak urpeko izakiak nola aztoratzen dituen azaleraztea da, batez ere tenperaturaren gorakadaz. Aipaturikoarekin harreman estuan, atunen talde-bizitza eta arrantzaren jasangarritasuna nolatan lortu daitezkeen azaltzea izan du helburu nagusia, 25 orrialdetan. Irakurgai-atalak elkarrizketa bidez ematen dira eta irudiek, bizitasunez eta kementsu margoturiko azalerak marrazkiarekin konbinatzen dituzte. Euren artean barne-espazio geometrikoak eta itsaso zabalekoak (organikoagoak) aurki ditzakegu, une batzuetan arrain-taldeak islatzeko gardentasunetara errekurrituz.
Dibulgazioaren kezka
Hortaz, gaztetxoentzat prestaturiko material ikusgarri honen erabilgarritasuna eta egitekoa bikoitza da; alde batetik, bertako euskal produktu duin bat eskaintzea, erabat gaurkotua gaiei dagokienez, eta bestetik gizakia eta itsasoa erlazioari buruzko alderdi ekologikoak, nahiz klimaren berotzeari dagozkienak, galdera-erantzunen elkarketaz edota elkarrizketa-baliabidearen segidaz hurreratzen saiatzea. Arrera ezin hobea izan duenez, hurrengo ekimena atontzen dihardute egileek.
Lerro hauetara ekarri dugun argitalpenaren aurrealde-atzealdeak. Formatu karratuan, 21.5 zm x 21.5 zm. Tapa gogorrez josia.