Hiri kultura-artekoen irudi eta irudimenak, modernitatetik abiatuta…I. Post-postmodernitateko eztabaidak, agian?

2021. urte konplexuko udazkenean “Planeta hiritartua” lelo nagusia izango duen ekimena antolatu da Bilboko hiru erakunde ezagunen egoitzetan. Jardunaldi – Hitzaldi Ziklo hau Euskal Herriko Unibertsitateko UPV/EHU Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzaren eta Deustuko Unibertsitateko Publicum ikertaldearen babes eta laguntzarekin eskaini ahal izan da. Era berean, Itsasmuseum Bilbao Museoak eta Euskadiko Antropologia Aplikatuaren Elkarteak ere kolaboratu dute. Bertan izen-emateko eta parte-hartzeko aukera, interesa duen ororentzat doakoa dela ohartarazi da, baina lekuak bete arte.

Hizlari gonbidatuak Euskal Herrikoak, Estatu espainolekoak eta atzerrikoak izango dira, urrenez urren. Horien artean, artistak, estetikan adituak, filosofoak, arte-historialariak eta antropologoak aurkituko ditugu oraingo honetan. Hurrengo atalean ikusiko dugunez, hitzaldiak hiru egun jarraituetan banatu dira, arratsaldez, kontzentrazio dentsoa ekiditeko: 16:00etatik 19:30etara bitartean.

 

Hiru egun, hiru egoitza, hiru gida-lerro

Guztira beraz, hiru ardatz tematiko egitura-emaile planteatu dira, arrats bakoitzean bana, eztabaidak finkatzeko eta lerratzeko asmoz. Hala izanik, Lehendabizikoa: “Hiri-mundu (in)imaginatuak eta fenomeno estetiko sinbolikoak” deritzon lerro-zuzentzaileak, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Isusko Vivas izango du saioaren sarrera egiteko. Hastapeneko hitzaldi horretan XX. mendeko ‘futurotopien’ bilakaera eta galeraz harituko da, zentzu orotan ‘airean’ tente leudekeen hiri-eskulturak bailitzan. Horren ostean Paisajes – (de) – ficción liburu kolektiboaren aurkezpena egingo da, 2018an Extremadurako Unibertsitateko Psikologia eta Antropologia Sailak argitaratu zuena. Hizketaldi printzipala, dena dela, Lisboako Unibertsitate Lusofonotik datorren Ana Paula Fitas irakaslearen partetik jasoko dugu. Hiri-konfigurazioez eta gizarte morfologiez jardungo du, espazioaren eraiketaz eta estratifikazio sozialaz.

Bigarren egunean “(Ez)hiriaren kimerak eta paisaia-fikzio-frikzioak” deituriko lemak batuko ditu ahozko azalpenak. Deustuko Unibertsitateko Fernando Bayón-ek (hiri)-izatearen hauskortasun jasanezina plazaratuko du, metropolian presente dauden aktore berriak argitara erakarriz: museoak, antzerkia eta zinema-irudiak. Hurrengo tartean Fenómenos – (in) – urbanos liburuaren aurkezpenean arreta jarriko dugu, 2021ean Abada Argitaletxe ospetsuak editatua. Arratsaldeko hiztun gonbidatua Granadako Unibertsitateko Juan Calatrava katedraduna izango da, irudimen nahiz imajinazio urbanoaren (balizko) errealitateetara bere interbentzioa bideratuko duena, hasieran hitza ala adreilua izan omen zen galdera erretoriko bezala entzuleriari zuzenduz.

Hirukotearen akabuko egun-arratsean, “Eraldaketan dauden itsas-hirien etorkizuneko aukerak” jorratuko dira. Saioaren gidaria eta aurre-hizlaria Extremadurako Unibertsitateko Juan Antonio Rubio-Ardanaz izango dugu. Hiri-itsastarraren ondare isilak hurreratuko dizkigu gogoetara, Bilborentzat oraindik gaur egun ere aukera garbiak izan daitezkeenak, ‘trans-maritimotasun’ delako kontzeptuaren ikerketa bidean. Gainontzeko egunetako moduan eta ohi denez, honetan ere Itsasmuseum erakundeak abiatu eta kudeaturiko ‘Maritimotasunak’ liburu-bilduma aurkeztuko da. Amaitzeko, Lisboako Unibertsitateko CIEBA Arte Ederren Ikerkuntza Zentroarekin lankidetzan dabilen António R. Delgado irakasleak hiri-irudimenetan ibaiek duten presentzia azpimarratuko du.

Interes-gune eta perspektiba aniztuna kontsideratu daiteke, hortaz, Hitzaldi Zikloaren egitarau-eskema, lokarri legez ezarri diren lan-ildoen eta hitz-jario seguruenik oparoen ondoren ikus-entzuleekin elkar trukeak ere baimenduz. Lehen egunean Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoak emango digu gerizpea, bigarrenean Deustuko Unibertsitateko Crai Liburutegia edukiko dugu batzartoki eta hirugarrenean Bilboko Itsasmuseum izango da egoitza.

 

Aurreko esperientzietatik ikasten…

Aurtengo ekimenak ahalegin nabarmenak izan ditu esperientzia sortzaile: hala nola, 2019ko irailean eta Rekalde Aretoan, batez ere Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailaren laguntzaz posible gertatu ziren Nazioarteko Kongresu Jardunaldiak: Hiriko estetikak: errealitateak eta kimerak metropoliko irudimenetan, eta horrez gain 2017ko urri-aldean: Fikzio-hiria. Zinema-paisaiaren espazioak, arkitekturak eta estetika urbanoak goiburuaz BilbaoArte Fundazioak hartu zituenak. Oraingo honetan gainditzeke dugun osasun-egoera berezia kontuan izanda, espazio-denborak zehatzago neurtu behar izan dira. Hurrengo komentarioan egitarau zehatza eskainiko dugu.

Kartela: 2021eko urrian Bilbon, aipaturiko hiru egoitzetan ospatuko den Hitzaldi Zikloa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude