HIRIA, IBAIA ETA ITSASOA. EUSKAL HERRIKO KOSTAKO PAISAIA ESANGURATSUAK (V): UROLATIK ARTIBAIKO PARAJERA ‘ITSAS-BIDEAN’

Dagoeneko Bizkaiko jaurerriarekin kasik muga eginez, Ondarroako arrantza-herria Artibai[1] ibaiaren bokaleko ezkerrean dago; zeinak punta batean Saturrarango muturrak babesturik, mendebaldeko mugan portuko babes-dikea duela. Hemen, itsas bazterreko espazio urbano adierazgarri eta sinbolikoenetan (portuak, kaiak, eta abar), zeinu pertsonaldun adierazpen arkitektonikoak (Calatrava arkitekto ospetsuaren zubia) erabateko zigilua jarriko dio denboraren poderioz egituratutako fenomeno urbano historikoari, kontzepzio espazialetan eta ur-fronteetako estetikan daukan presentzia erabakigarriaz, ikur gisako irudi urbano boteretsu eta eraldagarria eskainiz.

Hain zuzen ere, mendeen joan etorriarekin zeharo aldatuko zuen Ondarroak bere irudi urbanoa, hasierako portuaren kokagunea elizak, zubi zaharrak (Zubizarra) eta bertan jaiotako herrixkak itsasadarrean gora zuten momentutik Artibai ibaiaren bokaleko azken meandroetara eraman arte, itsas bazterreko hareatzak eta lur lauak aprobetxatuz[2]. Beraz; ibaia, zubia, herria eta eliza, kostako herrien irudietan enblematikoak izan diren lau elementu funtsezkoenak aurkituko ditugu Ondarroan ere. Hala eta guzti, portuko obra garrantzitsuenek XIX. mendeak aurrera egin arte itxaron beharko zuten, Euskal Herriko beste ezein portu-herrietan eta kostako hiribilduetan gertatu izan den bezala[3].

1. Portu txikia, oraindik ere elizaren parean dirauena.

 

Ondarroako portuak lehenago ikusi dugun barraren problema ere baitzeukan, espazio arriskutsua bilakatuz ontzien tamainak handitzerakoan[4]. Zubizarra aipatu elementu urbanoak, modurik grafikoenean adieraziko luke herrixka primitiboaren estanpa urbanoa. Zubiak itsasontziak bertara lotzeko euskarriak ere baitzeuzkan, eskuinaldean herri-guneko iturri edangarri bakarra eta garbitegi publikoak finkatuz[5]; alegia, garai bateko portuko azpiegiturarik garrantzitsuenak liratekeenak. Ibaiertzeko etxeen oinetan, antzinako moila izan zitekeena aurkitu genezake, XVIII. mendean karga-toki sinple bat ere ezarri zutela uste izanez. Nola edo hala, Zubizarra harriz eraikitzean eta XIX. mendearen erdialdean Zubibarria eraikitzean itsas nabigazioari oztopoak jarriko zitzaizkion, portua itsasotik geroz eta gertuago egokituz. XIX. mende horretako obrarik garrantzitsuena Etxadizko murrua izango litzateke, Goiko Kaia delakoa eraikiz 1867-1868. urteetan, zenbait oztoporen ondoren. Geroago, egurrezko garabi bat jarriko zuten parrokia-elizaren altueran kabotaiako ontzien erabilerarako. Itsas ekonomiak, izan ere, aurrerakada nabaria izango zuen Berrizko errepidea zabaltzerakoan, beste hiribildu batzuen loraldian ere sano eraginez (ikusia dugu Donostiako kasua, besteak beste). Ibaiko uretan gora ontziola zaharra ere baitzegoen, itsasadarrak nabigagarritasuna galtzerakoan gainbeheran eroria[6]. Portuko erreforma behinenak, hala ere, Bilbon eta Donostian ere ikusitako A. Lazaro, F. Lafarga eta S. Goicoechea ingeniarien proiektuekin hasiko ziren, gaur egun Arrigorriko punta eta Kofradiaren moila (Arrigorriko kontra-moila) deituriko egiturek zailtasun itzelez gorputz hartu zutenean. Urak eusteko murruekin batera, geroz eta espazio gehiago irabaziko zaio itsasoari antzinako paduren zonaldean.

2. Ondarroako portuaren ikuspegi orokorra goitik begiratuta.

3. Itsasoari eusten dion portu-egitura.

 

Portuarekin batera, fenomeno urbanoaren hazkundea lehen mailako beharrizana izango zen Ondarroan XIX. mendeko azken herenean. Bertan ere, portuaren espazio handitzea edota etxebizitzak eraikitzea izan zen gakoa. Akabuan, bigarrengo joera izango zen nagusi, Kantoipe aldeko etxadiek itsasoari lekua irabaziz eta herriaren zabalgunea gauzatuz, traza zuzen eta artikulatua izango zuena, erdi aroko nukleoarekin alderatuz. Horrekin batera, sorturiko moila berriek karga eta deskargarako puntu anitz izango zituzten eta lehen esandako egurrezko garabia burdinazko beste batek ordezkatu zuen, ibaiertzeko irudiaren elementu funtzional eta estetikorik aipagarrienetakoa izanez, portuko beste altzari batzuekin. Hauen garrantzia XX. mendeko lehen hereneko pasarteetan ere argi gelditzen zaigu.

Zabalgune horren ostean, hain zuzen ere, Ondarroako egituraketan klabea izango zen mugarria aurkitu daiteke XIX. mende horren amaieran: Juan Egidazu ingeniariaren Ondarroako portu-ibaiak hobetzeko proiektua, itsasadarraren bi alderdiak definitiboki kanalizatu eta etorkizuneko kanpoko-nasa izango zen eremua irudikatuz. Ezkerraldea zuzentzeko kaiak, izan ere, inolako etenunerik gabe lotura izango luke hiri-espazioaren zabalguneko kaiekin, urari aurre egiteko lurmuturrarekin topo egiteraino luzatuz.

4. Itsasadarraren zuzenketaren ondorioz agerturiko burdinazko zubia eta gaur egungo ontziralekuak.

5. Portura heltzerakoan aurkituko dugun azken zubia; Santiago Calatrava arkitektoarena.

 

[1] Artibai ibaiaren arroa Bizkaian mendebalderago dagoena da, Gipuzkoarekin muga eginez. Kalamua, Landasko eta Santi Kurutz mendien gailurrek osatzen dute arroaren ekialdeko muga, aldi berean herrialde bien artekoa ere izanik. Ondarroako lehen biztanleek, Antiguako Amaren ermitatik itsasadarreraino zihoan hondar-lurra erabili zuten bizilekuak ezartzeko, itsasontzien ainguraketa posible zen zonaldean.

[2] Euskal Herriko beste hiribildu askok bezala, 1300. urtearen inguruan lortuko zuen fundazio-forua, Berriatuko Elizatearen lurretan ‘irla’ juridiko administratiboa bailitzan. Bilbon beste horrenbeste atzeman daiteke, Begoñako Elizateko lurretan jaioa.

[3] Kostako herri gehienek, salbuespenak salbu, itsasoarekiko hurbiltasunaz gain itsasadarren presentzia kontuan hartu behar izan dute fenomeno urbanoaren garapenean (gure adibideei dagokienean, Zarautz izango litzateke salbuespena).

[4] Barra, azken finean, material metaketa da; alde batetik ibaiak bere bokaleraino eramandakoekin eta itsasoak dakartzanekin eratua. Olatuen eta haizearen eraginez material hauek kostaldearen kontra apurtzean, delako barra aldakorra sortarazten dute.

[5] Zubizarraren aldamenean zegoen Santa Klarako kofradiaren eraikin zaharra, garbitegiaren gainean eta ontziralekuaren aurrez aurre, hain justu ere gaur okupatzen duen espazio berberean. Kofradiaren eraikin berria Ricardo Bastida arkitekto ezagunak proiektatuko zuen 1941ean Egidazuko nasan, bertako itsas bazterreko espazioa ‘agora’ bailitzan konfiguratuz, aurrealdea aterpez hornituriko eraikinak enparantza erako espazioa baimentzen zuelarik ur-fronteko lehenengo lerroan.

[6] Ontzigintzaren historiako momentu batzuetan Ondarroak nolabaiteko papera jokatu duela adieraziko digu Alfredo Morazak. Bertako ontziola primitiboen irudi zehatzik ez genuke izango, gutxi gora beherakoak baino. Nola edo hala, egitura nahiko sinple eta probisionalak ziren, paduretan eraikitakoak, trenak eta lanabesak gordetzeko txabolatxoekin batera. Eskema honek kasik modernitateraino jarraituko zuen, duela hamarkada batzuk desagertu zirenen antzerako lantegiak eraiki arte. Inguruneko kondizio naturalak aprobetxatzen jakin izan zuten, historian okupatu dituzten toki berdintsuak ikusita (Artibai ibaiaren bi alderdietan). Loraldia XIV eta XVI. mendeen artean eman omen zen kostaldeko bazter horretan, XVII-XVIII. mendeetan gainbehera nabarituz (bitarte horretan hamarren bat aroztegi zeuden ontzigintzari dedikatuta). Alabaina, XIX. mendean berriro ere bizkortuko dela dirudi (ibaiaren kanalizazioak ia itoko zituen arren), portuko espazioak izan zuen aldaketa eta hobekuntza morfologikoak ere bidea oztopoetatik garbituz. Gizaldi horretako azken hamarraldietako estanpa urbanoan, beraz, itsas bazterreko eta ibaiertzeko ontzigintzaren irudiak presentzia handia bereganatuko du (babes-neurriak ere hartu ohi zituen gobernuak). Egoera horrela, teknologiaren garapenak konplexutasunez beteko ditu antzinako azpiegitura soil hauek, eraikinek, garabiek eta abarreko tresneriak estetika ur-ertzeko estetika singularra baldintzatuz. Ontziolek, ordutik aurrera, entitate arkitektonikoa izango dute eta jadanik ez dira ontzi-eraikuntzarako espazio huts gisa bakarrik kontsideratuak izango (beste sektore produktibo batzuen instalakuntzekin ere gertatzen den moduan). XIX. mende horren amaieran bi faktore izango ziren garrantzitsuak ontzigintzako industriaren garapenean: baporezko ontziteria eta burdinazko kaskoen orokortzea. Tradiziozko ontziolek, aldaketa ugari egin behar izan zituzten bizirauteko, modelo berrien etorrerak ur-fronteetako paisaietan eragin erabakigarria izanik, maiz morfologian ere atzemangarriak liratekeenak. Arrakastaren urteak apurka-apurka iragan ostean, sektorearen beherakada oso nabarmena izango zen Ondarroan guda zibilaren garaitik aurrera, 1980ko hamarkadaren hasieran azken ontziolak atea utzi arte. Hauek utzitako espazioa kirolerako nasa bilakatu izan da, fabrika zaharren arrastoak erortzear dauden oroimenetan geldituz. Izan ere, ibaiaren sakontasun urriaren arazoa jasango zuten betidanik, itsasontzi handien enkarguak beste portu batzuetara desbideratuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude