HIRIA, IBAIA ETA ITSASOA. EUSKAL HERRIKO KOSTALDEKO PAISAIA ESANGURATSUAK (IV): MUTRIKUKO ITSASBAZTERRA ARTEAZ ASMATUZ

Itsas bazterreko azpiegitura historikoak aprobetxatuz planteatutako beste interbentzio artistiko aipagarri bat Mutrikuko portuan burutzekoa, Pello Ulazia artistaren ideia litzateke. Kasu honetan proiektu soil gisa lozorroan gelditua, alderdi estetiko eta funtzionalak batuko lituzke, espazio konpartituak itsas bazterreko eremu emankorretan bultzatzeko. Mutrikuk itsasoarekin duen harremanaren irudi grafikoa gune urbanoen antolamenduan ere atzeman daiteke, hiribildu historikoaren kaleak portuko moilen araberako ardatz zuzentzaileak jarraituz eraikiak liratekeela kontu eginez (badiako eguteran bukaera izanik[1]). Portuko trazak, beraz, hiri-gunearen trazarekin sinbiosi ikaragarria duenik ezin ukatu eta kaia zaharberritzeko zein zabaltzeko proiektuetatik handizaleena XIX. mendearen amaieran pisu nabaria zuen Evaristo Churruca Brunet ingeniariak mamitu zuen (Mutrikuko aurreneko kondea), Bilboko Abrako kaian (Portugalete hiribilduaren aitzinean) itsas marrumak eratzen zuen barra arriskutsua kentzeko eraiki zuen burdinazko luzapen garrantzitsuaren egilea[2].

1. Mutrikuko herria eta portuaren ikuspuntu zehatza, kostaldetik hurbiltzen den errepidetik.

2. Tradiziozko portu-espazioan kokapena eta elementuak.

 

XXI. mendearen hasierarako, Eusko Jaurlaritzako garraio eta herrilanetako arduradunek Mutrikuko portuko hobekuntza plan berezia aurkeztu zuten 2001ean. Kanpoaldeko itsas muturra, arrantzarako portu berria, kirol-portua eta hondartza artifiziala aurreikusten zituen proiektuak (presupuestoaren arazoengatik obrak geldituta zeuden 2009ko azken hilabeteetan). Egitura berri hauen agerpenak, bainuetarako zonaldearen galera eta paisaian izugarrizko eragina suposatuko zuela kontu egiten du Pello Ulaziak berak, proiektu ofizial horren alternatiba aurkezterakoan, artea lanerako tresna gisa kontsideratuz[3]. “Itsasoarekin” deituriko egitasmo alternatibo horrek, beraz, bestelako adituekin diziplinarteko taldeetan elkarlanean arituko zen artistaren beharra sumatzen zuen, itsas bazterreko paisaia estetikoki diseinatzen eta eraikitzen duen eragile bezala (arkitektoekin, ingeniariekin, hirigintzan adituekin edota soziologoekin batera).

3. Dike berriaren sorrera ohiko portutik at.

 

Mutrikuko itsas bazterra bere osotasunean estetikoki eta sinbolikoki integratuko zuen proiektuak herriaren ingurune historikoenaren berreskurapena balioesten zuen, herriko beharrizan sozial eta ekonomikoei estetikaren garrantzia gehituz. Itsasoa baliabide urbanistiko, ekonomiko eta ludikoa litzateke, espazio eta funtzio desberdinen artikulazioa uneoro bilatuz. Horrekin batera, itsas bazterreko ur-fronteek osotasun kultural eta ekologikoaren irudi lirateke, naturaren eta gizartearen arteko mugak indartuz. Proposamenak portua inplikatzen zuen nukleo urbanoaren jarraipen legez, zentraltasunak aztoratuz ibilbide berriak sortzen ziren bitartean. Publikoa denari balio erantsia emateak artea ere barnebiltzen du kasu honetan, elkarrekintzazko espazioetan gizarte kohesioa bilatuz.

“Itsasoarekin” egitasmoak hiru atal edo zati hartzen zituen, elkarren arteko lotura estuekin. Lehenengo eta behin, “Kardaleko Moila” proposatzen zen dike hitzaren ordez zeren eta, bigarrengo honek, itsasoaren indarra eteteko soilik balioko luke, dimentsio arraz erraldoiekin. ‘Moila’ terminoak aldiz itsasoaren esparruko egitura izendatzen du baina eskala humanoagoan, itsasoaren eta lurraren arteko harremanetan bitartekari egingo lukeena. Modu batean edo bestean, 1889an Churruca ingeniariak eraiki zuen moilaren neurri eta orientabide berbera izango zuen beste bat proposatzen zuen artistak, aldaketa kontzeptualek bultzaturiko xehetasun estetiko eta teknikoekin. Horien artean, itsasoarekiko limite argiak ezabatzea edo difuminatzea litzateke erronkarik aipagarrienetako. Kostaldetik itsasora sartu ahala muturra urperatu arazteko aldapa izango luke (moila itsasoan barneratzen den ala itsasoak moilan gora egiten duen ikusleari erabat argitu gabe, olatuak harrapatzeko kurbarekin batera. Horrela, olatuen txoke bortitzak ekidinez modu askoz bigunagoan atzemango litzateke itsasoarekiko muga aldakorra, segun eta itsasgoran edota itsasbeheran geundekeen). Ehundura leundun hormigoi armatua eta herdoilezinezko altzairua lirateke eraikitzeko materialak, aldapa bera ‘itsaso gainean’ paseatzeko gonbitea izanik. Azkeneko partean, estrukturak kurbarik handiena duen muturrean, ikuslea edo ibiltaria hodeiertzari begira gelditu litzateke, itsaso zabalaren aurreko eta zeru infinituaren azpiko bakartasunean. Itsaso bazterrean, beraz, olatuak apurtzeko ez ezik kontenplaziorako lekua ere izango litzateke moila berria.

Bigarren interbentzioa itsasoko urarekin funtzionatuko lukeen ‘talaso espazioa’ edo bainuetxea litzateke. 1970eko hamarkadan, antzina erabiliak izan ziren murruak aprobetxatuz mareadun piztina eraiki zuten Mutrikun, herriaren eta itsasoaren arteko mugan. Limite horretako obrarik inportanteenetakoa izan da ordutik hona, elkarbizitzarako espazio publiko garrantzitsu bilakatuz kasik herriko enparantzaren gisan, baina itsasoko ur-frontean antolaturikoa, alegia[4].

4. Mutrikun existitzen zen eta oraindik badirauen mareadun piztina.

 

Bere forma geometrikoek presentzia estetiko nabaria gehitzen diote, herriko identitatearen tokirik singularrenetarikoa izanik. Okupatzen duen espazioaren forma laukidunetaz ohartuz, ‘piztina’ horren ‘negatiboa’ ateratzen zen bainuetxea diseinatzeko, elementu guztiak estetikoki eta sinbolikoki erlazionaturik geldituz. Horizontaltasunak eta naturarekiko fusioak itsasoaren eta horizonte urrunaren ikuskizunari ez liokete trabarik jarriko, Donostian adibidez historikoki gertatu izan denaren antzean. Talaso etxe honen gainaldea espazio publiko bilakatuko litzateke, hiru dimentsioko arkitektura baino plataforma lauaren itxura nabarmenagoa izanez, itsas frontea estetikoki artikulatuko lukeena. Azalera geometriko horren inguruneak harri-botearen itxura estetiko interesgarria izango luke, itsas bazterrean olatuak apurtzeko harri handiak maldan jarrita antolatzen ziren ur-fronteen memoria berreskuratuz.

Hirugarren proposamena Burumendi deituriko begiratokian legoke. Itsas gaineko balkoi gisako erabilera baitzuen, bi mendixken artetik harkaitzetara irekiz. Izan ere, urtean behin Mutrikuko jendearentzako batzartoki bilakatzen da, San Joan bezperan udarako solztizioa ospatzeko. Erdi-erdian, sua pizten baitute egun horretako iluntzean. Espazio uniformea aktibatuko lukeen izaera eskultorikodun plataforma zirkularra planteatzen zen bertarako, espazio horren erabilera sinbolikoaren oroigarri. Bestalde, plano horizontal eta bertikalaren lotura lez (limite naturalak markatzen dituena) harrizko horman jesartzeko gonbita egiten digun erremate urbanistikoa existitzen dela ohartu gaitezke. Alegia, moilako erremateen antzeko funtzioa erakutsiko ligukeena, horizontearen espazio absolutuaren aurrera erakarriz. Borne eskultoriko honek lurraldearen handitasunaz ohartaraziko liguke, ezkutuko emozio partikularragoak ere ernaraziz. Laburbilduz, “Itsasoarekin” proiektuarekin natura konprenitu eta interpretatu nahi izan duela diosku P. Ulaziak, herritarren beharrizan legitimoei forma humano eta urbano duina eman ahal izateko. Helburu honekin artea erabili izan da lanabes gisa, lurraldearen eta gizartearen arteko harreman harmonikoagoak berrezteko intentzioaz.

Akabuan eta denbora iragan ahala, arte-arkitektura bitarteko erlazioaz asmaturiko esku-hartzearen oihartzunik ere apenas dakusagunean, ustez itsasoko olatuetatik energia lortzeko dike-erraldoia nekez baina eraikia izan da herriko hiri-paisaia urruntasunean ere guztiz eraldatuz. Gerora, agian kontzientziak lasaitzeko edo, erabat zikindurik gelditzen den mareadun piztina berria ezarri dute paretatzarraren ingurumarian. Nolabaiteko beste “artista” kakotx-arteko bikote batek, “infernuko ateak” deituriko artelan edo soinu-grabaketa burutu zuten 2017an; ezen, ditxoaren kontrako olatuen borroka izugarrian gertaturiko garrasiak geoparkeko beste puntatik ere aditzen ohi dira.

5. Dike berriaren nasa erraldoiak espazio hutsekin.

6. Mareadun piztina berria, zenbaitetan egoera nahiko kaxkarrean aurkitzen dena.

 

[1] Donostia sortzeko idatzitako forua eta estatutu juridikoa eskuratu zuen Mutrikuk, merkataritza eta babesleku funtzioak nabarmenduz. Hemen ere, eliza izango zen portuko moilen buru. Moila hauek XIII. mendeko lehen erdian eraiki omen ziren, erdi aroko paramentuen ezaugarri arkitektonikoak agerian izanez, batik bat harlandu itzel irregularrak. Harresiaren barrualde txit trinko eta nahasiarekin, maldetan goranzko direkzioak jarraituko zituen hazkunde historikoak, suteak beti protagonista izanik. 1553koaren ostean, hondamendia erabatekoa izan zela deklaratu zuten. Hirigintza berrituak, hortaz, harresiaren kortsea ez zuen XVIII. mendearen azkeneraino gaindituko, mendi magalean gora garatutako udalerri eraberrituaren sinbolo baliotsuenetakoa enparantza berria izanik. Bertako eliza berri neoklasikoa Silvestre Pérez arkitekto sonatuak altxatuko zuen 1798an (Bilboko Bakearen Portuko zabalgune ilustratu eta utopikoaren bultzatzailea berori).

[2] Bilbon eta Mutrikun ohorezko monumentuak izateaz gain, Atxukaleko begiratokiak bere izena darama Mutrikun.

[3] Paragrafo hauetan 2002an Mutrikuko Zabiel kultur etxean publikoki aurkezturiko maketen eta dossierraren sintesia egiten dugu. Lan horren bertsio berriagoa eta osatuagoa ikerketa proiektu gisa aurkeztua izan zen 2009an. Eusko Ikaskuntzako XVII. Kongresuan. ULAZIA, Pello. “Itsasoarekin. Proyecto de acondicionamiento integral del perímetro de Mutriku (Gipuzkoa)”, in: Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresua. Gizarte Aurrerapen Iraunkorrerako Berrikuntza, Gasteiz: Eusko Ikaskuntza, 2009.

[4] 2010eko hasieran Elantxobe herrian irekitzeko zeuden Bizkaiko mareadun piztina bakarra. Atrakatzeko moilaren aldamenean kokatua, portu barneko olatuen eragina murriztuko zuen alde batetik eta bestetik, denbora-pasako espazioa bilakatuko zen, hormigoi armatuzko hormaren babesean. Marearen fluxua jarraitzen du urak, aisialdirako gunea bertan eraturiko eskaloi maldetan osatuz. Portua hobetzeko obren arteko egitasmoetan, oinezkoentzako pasealekuak ere ugarituko zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude