HIRIA, IBAIA ETA ITSASOA. EUSKAL HERRIKO KOSTALDEKO PAISAIA ESANGURATSUAK (III): ZUMAIATIK-ZUMAIARA MENDE ERDI ESKASEKO IBILIAN (BIGARREN ATALA)

Aurreko iruzkinean adierazitako plangintza estrategikoa 1990eko hamarkadan idatzi zuten, batez ere itsas bazterreko espazio urbano eta portuaren gorabeherak zeharo aldatuz; horien artean kirol portua eraikitzeko agertu zuten intentzioarekin. Hamarraldi berberaren amairen eta XXI. mendeari arrera egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Erreketako Bazterrak Ordenatzeko Lurralde Plan Sektoriala idatzi zela ikusi dugu aurretik. Gauzak ahala, lurraldea ordenatzeko plan sektorialek eta plan estrategikoek aldaketa handiak ari dira eragiten azken urteotan Gipuzkoako paisaian. Ibai arroetan eta portuetan ere aplikatu dira mota bateko zein besteko plan horiek. Zumaian bertan, aisialdirako eta kirol ontzientzat kai eta nasa bereziak egiten aritu izan dira azken boladan, Euskal Herriko kostaldeko beste portu askotan bezalaxe.

  1. Zumaia herriaren kostako lerrokaduraren ikuspegi partziala Santiagoko paduretatik eta kirol portutik.

 

Hain zuzen ere, 1990eko hamarkada horretatik aurrera Zumaiako portuan eginiko inbertsio guztiek azkeneko urteetako lozorro ekonomikotik ateratzea izan dute helburu. Merkataritzako sektoreen osasuna hobetzea lehen mailako nahia izan bazen orduraino, Zumaia 2005 Plan estrategikoaren baitan portu komertzial zaharra turismoko eta aisialdirako aktibitateetarako berreskuratzea hobesten zen, sektore tertziarioaren garapenari bultzada emateko azpiegitura berriak proposatuz. Horretarako bi eginkizun izan ziren garrantzitsuenak: dikearen luzapena iparralderantz barra berriro ere bideratzeko eta itsas kiroletarako espazioen instalakuntza. Izan ere, kirol-portua eta Balenciaga[1] ontziola modernoak izan ziren plangintza horretako gairik eztabaidatuenak, ingurugiroaren ikuspegitik zekarren arazoa zela eta; Santiagoko dunetan eta hezegunean obrak egitekotan baitziren. Azkenean Balenciaga ontzioletako tailerren jarraian kokatu zuten kirol-portua, hezegunearen erdia gutxi gora behera inbadituz.

  1. Balenciaga ontziolen fabrikak eta eraikin industrialak ibaian gora.
  2. Zubi-pasabide berreraikia ibaian behera kasik bokalearen ondoan.

 

Itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketak izan du Zumaian, azken hamarkadetan adierazpen estetiko, artistiko eta eskultoriko aipagarririk. Izaera berezi eta kokapenagatik testu honetan nabarmendu beharrekoa 1990ko hamarkadaren amaieran Jabier Elorriaga eskulturagileak itsasoa eta hiriaren arteko limitea markatzen duen aipatu dikean ezarritako piezak lirateke. Muga-espazio horren luzeran ibilbide konkretua markatuz (Julio Beobide zumaiar eskultoreak inguru hartaraino egiten zituen paseoak gogoan), marmol zurizko pieza batzuekin are eta esanguratsuagoak bilakatzen dira ur-fronteak, portuetako altzarien interpretazio eskultorikoaz gain Urolako trenbidearen memoria ere berreskuratzen duelarik, hiriko espazio batzuk oroimen-leku bilakatuz. Horixe bera aipatzen zuen zenduriko Xabier Sáenz de Gorbea arte-kritikariak, artelanaren alderdi funtzional eta sinbolikoak aztertzerakoan.

  1. Urolako trenbide zaharraren estazioko ingurumarian eta dikean kokaturiko interbentzio eskultorikoa.

 

1996an planteaturiko, marrazturiko eta hezurmamituriko egitasmoa, hogeita bost urteko aldearekin bada ere irmo defendatu beharko genuke, inolako artearen benetako ezagutza zein baliorik gabeko erreprodukzio ‘kitch neofiguratiboak’ bazter orotan han-hemenka agertzen ari zaizkigunean. Izan ere, pieza edo ‘eskultura-altzari’ horiek dikean dirauten beste objektu batzuekin elkarbizitzan eskaintzen zaizkigu artistak, ur-ertzeko egitura erraldoiari adiera iraunkor espezifikoak gehituz. Eskulturak arkitekturaren esanahiak areagotzen dituela sumatzen da kasu honetan, arkitektura bera jadanik txit adierazkor eta sinbolikoa izanik, ‘arkitektura-eskultura’ erlazioa ‘arte-estetika’ eta ingeniaritzarekin batera non hasten den eta noraino irauten duen argi jakiteke.

  1. Dike zaharrak berriarekin duen elkargunean jarritako interbentzio eskultorikoaren parte esanguratsua.

 

Sarrionandia euskal idazlearen Narrazioak liburuaren hasiera aldera, J. Elorriaga eskultore eta irakasleak Zumaiako kaiko interbentzioaren izenburutzat aukeraturiko pasartea agertzen da: “Estazio bat, aulki bi eta mila istorio asma ditzake tristurak”; Arroako estazioan zegoen aulki zaharra eredu lez izango zuen autoreak. “Zumaiak bazituen aspalditik estazio bat baino gehiago, hiru hain zuzen: Urolako bi eta Eusko Trenbidetako bat. Bi aulki baino gehiago, banko asko baitaude herrian sakabanatuta, eseri eta atseden hartu ahal izateko”[2]. Oraingoan, gure ‘begietarako atsedengarri’ liratekeen beste aulki bi jaio zirela zioten Zumaiako Arte Taldekoek, ‘okertutako itsas horizontearen aurreko atseden lekuak’. Bakardadean egindako ibilalditxoaren bidelagun (amaiaren beste norbait topa bagenezake ere), akabuko aulkietatik Zumaia dakusagu aurrean; aukera bakarra bueltako bidea hartzea hortik aurrera, itsaso zabalean murgiltzea arriskutsuegia izaki. Itsas muturreko obrak, beraz, hiru zatitan hiru geldiune proposatzen dizkio ibiltariari. Udal Kultur Batzordeak eta Zumaiako Arte Taldeak antolaturiko lehiaketa bikoitzean Jose Mari Herrera eskulturagile eta irakasleak ere saria irabazi zuen Narrondo ibaiaren ertzetako hobekuntza lanetan jarri beharreko Beobide aipatu pertsonaiaren omenezko piezarekin.

  1. Kai-muturreko eskulturatxoak, Urolako tren geltokiaren maketa marmolez egina eta oinarriko esaldia.

 

[1] 1921ean izen horrekin sortuak Arbillaga-ko pabilioi zaharrak aprobetxatuz, 1940tik aurrera bere instalakuntzak ugarituz joan da Santiagoko hareatzetan. 1960ko hamarkadan izan zuen loraldirik nabariena, ditxoak, muntaiako tailer berriak, forja eta gainontzeko instalakuntza zein bulego berriak irekiz, produkzioaren gorakada ikusgarriarekin.

[2] “Asmatutako istorioa” (erakusketaren katalogoa), Zumaiako Udala, 1996; z/g.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude