HIRIA, IBAIA ETA ITSASOA. EUSKAL HERRIKO KOSTALDEKO PAISAIA ESANGURATSUAK (I): PORTUAZ, HONDARTZAZ ETA HIRIGINTZAKO FENOMENO URBANOAREN ESTETIKAZ MINTZO

<<Nahiago dut jendeak nere eskulturarik zergatik ez dagoen galde dezala, zergatik dagoen baino>>.

Catón

 

Aurretik beste zenbait aldiz esan bezala, eskultura publikoak postmodernitateko espazio urbanoaren ia bazter guztiak ‘argitzen’ dizkigu, bere lengoaia sinboliko eta estetikoaren presentziaz, hiri-antolaketaren morfologian eta traza urbanoaren estruktura ordenatuz edota, azken boladan, ornamentuzko elementu soilen gisan. Gipuzkoako eta Bizkaiko lurraldeetako kostan, uraren eta hiriaren arteko espazio adierazgarriak historikoki, estetikoki eta funtzionalki egituratzeko elementu sinbolikoen garrantzia aintzat hartuko dugu dozena-erdi adibide hauetan.

Zenbait hiribildu eta espazio urbanoen garapenak aldi berean antzekoak baina desberdinak edota kontrakoak izan diren bideak jarraitu ditu, litoraleko itsas kultura komun baten lekuko izan daitezkeenak baina, tokian tokiko aldaeren arabera modelatuak eta ebatziak. Kasu batzuetan, Donostiaren bilakaeran ikusi ditugun faktore berdintsuak nozitu izan dira fenomeno urbanoaren lekukotzean eta beste batzuetan, jarduera ekonomikoaren eraginez morfologia anizkoitzak eratu dira. Denetan ere aspektu urbanistiko, arkitektoniko eta monumentalak erabakigarriak izan dira gune horiek gerora irudikatu izan duten irudian. Horrela, Zarautz, Zumaia, Mutriku, Ondarroa eta Bakioko adibideek itsas bazterreko espazio urbanoaren eraiketa eta egituraketa esanguratsuaren ateetara eramango gaituzte, beti ere monumentaltasuna eta adierazpen estetikoak gure ikerketa esparruaren ildoan bete-betean eragingo dutela kontu eginez. Adierazpide estetiko horiek jatorri ugari izan ditzakete eta, era berean, hainbat agerkari izango dituzte itsas bazterreko eta ibai ertzeko ur-fronteetan. Horrek guztiak justifikatuko ditu, baita ere, hemengo azalpen eta komentario luze edo laburragoak.

Euskal Herrian horren erabakigarria izango zen XIII. mendean sortuko zen Zarauzko hirigunea ere, XX. mendera arte mendebalderantz hasiz itsas bazterreko ibar lau eta zabaletan, Ipar-mendebaldeko haize zakarretatik Santa Barbara mendixkak babestuta. Hirigune, hiribildu zein hiri anitzetan ohikoa izan den gisan, XIX. mendearen azkenaldia klabea izango zen hemen ere hirigintza jarduerak sano bizkortuz, 1857an babes-portua eraikitzeak eraginda. 1865etik aurrera kostaldeko errepideak eta Donostiatik Bilborako trenbidearen ekarrerak ere premia bereziak agerian utziko zituzten kosta parteko espazio urbanoetan, ur-fronteetako paisaiaren aldaketa funtzional, sinboliko eta estetikoak eraginez, Donostian ikusi dugun udatiarren eta turista aberatsen etorrerarekin batera:

“1865, 1866 eta 1884. urteetan Isabel II. erreginak Zarautzen igaro zuen uda. Ondorioz, XX. mendearen hasieran Donostiaren babesean udako hiri gisa erakargarri bihurtu zen. Orduan egin zen Zarauzko ibarraren itsas ertzaren ondo-ondoko zonaren lehen partzelazioa. […] 1925ean <<Zarauzko Hiribilduko Ekialdeko zona Urbanizatzeko Proiektua>> egin zuen Ramón Kortazar arkitektoak. Horren bidez Mendilauta-ko hareatza eta dunetako lurrak finka handitan pribatizatu eta partzelatu ziren. 1900 eta 1930. urtea bitartean aldaketa garrantzitsuak izan ziren. Hiribilduko jarduera sozio-ekonomikoak garapen nabarmena izan zuen. Ordura arte jarduera nagusi izandako arrantzak eta nekazaritzak industriari eta ‘udatiarrentzako’ zerbitzuei leku utzi zieten. Ehungintzako jarduerari hasiera eman zitzaion, zurgintza eta altzarigintzarekin zerikusia zuen jarduera garatu egin zen eta turismo-sektorearentzako jarduerak nabarmen areagotu ziren. […] 1930ean Ramón Kortazar arkitektoari <<Zarauzko hiribilduko zabalgune eta Lerrokadura Plana>> egin zezala agindu zioten”[1].

1-2. Zarautzeko itsas ondoko pasealekuan dauden aterpeak eta elementu urbanoak.

 

Gerra zibilaren ostean ere hiri garapenak jarraituko zuen Zarautzen, itsas bazterreko lerro eraikiaren adierazgarritasuna izanik hondartzaren aurre-aurrean. Elementu estetiko eta sinboliko esanguratsuei dagokienean, Luis Peña Ganchegui arkitektoaren indibidualtasuna ere agerian gelditu zen, kasu aipagarrienetakoa izanik Euskal Herriko panoraman. Hemen, Vista Alegreko dorreak (1958) mugarri bat markatzen du itsas bazterrean. Objektu arkitektonikoa itsas bazterreko paisaiari gehitzen zion elementu konfiguragarri bezala.

3. Vista Alegreko dorrearen ikuspegia.

 

Zarauzko itsas bazter esanguratsuan, Elena Asins eskulturagileak lurraren eta itsasoaren arteko marra sinbolikoa goraipatuko duen ‘lerro tektonikoa’ ezarri zuen itsas aurreko pasealekuaren eta hondartzaren arteko muga-limitean. Muga horretan lurzorutik jaiotako zementuzko blokeak kai-muturretako kubo erraldoien pilaketari ordenu bisuala ematen diete, eskalaz askoz txikiagoak eta espazio-harremanei dagokienean aktiboagoak diren bitartean. Hala ere, hondarretara jaisteko bloke horien artean iragateak hiriaren eta itsasoaren arteko muga horretaz kontzientzia piztea eragiten digu, nahiz eta muga erabat iragangarria, atsegina eta sarritan jostagarria izan, segituan Zumaiako dike handiaren puntan ikusiko dugun ‘muga iragangaitzaren’ aurrean; askozaz latzagoa, bortitza eta une oro giza eskalatik at legokeena.

4. Elena Asins eskultorearen obra bitarteko, lorturiko irudi partzialak eta itzalak.

5. Dora Salazar artegilearen eskulturak (argazki partziala) eta Getariako kostaldea Arautzetik.

 

[1] GALARRAGA, I.; UNZURRUNZAGA, X.; LÓPEZ DE ABERASTURI, A.; AZPIRI, A.; ALKORTA, J. M. Hiri zabalguneak Euskal Herrian, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza (Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila), 2002; 324-326. orr.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude