ITSAS BAZTERREKO ZEIN UR-ERTZEKO PAISAIAREN ANTOLAKETA BEREZIA ETA SINBOLIKOKI ADIERAZGARRIA (III): PASEALEKU BERRIA

Arestian komentatu dugun Haizearen Orraziaren parean, erabat bestelakoa litzateke Paseo Berriko Oteizaren eskulturaren kokapena (2003), bertako paisaiaren anabasaren eta gehiegizko elementu urbanoen zein azken boladan eraikitako arkitekturatxoen artean. Itsasoaren, mendiaren eta hiriaren arteko bitarte horretan panorama estetiko arras zaratatsua aurkitu genezake, auto-trafiko etengabearekin areagotua.

 

1-2. J. Oeizaren pieza eskultorikoa Haizearen Orrazia aurkitzen den muturretik ikustatua.

 

Inguruarekin lotura estetiko estuak bilatzeari neurri batean muzin eginda, 2002. urtearen hasieran Bilboko ‘Campo de Volantín’ pasealekuan ezarritako Oteizaren beste eskulturaren kasuan[1] parte hartu zuten Frabcesc Bacardit eta Manuel Ruisánchez arkitektoek lagundu zuten obraren kokapenean. Izan ere, Udalak Oteizaren eskultura bat nahi zuen Donostian nola edo hala, artista honen ondarearen gestoreek bere eskulturatxo txikiak eskalaz handitu eta gune publikoetan jartzeko hartu duten ildoari jarraituz atzean ez gelditzeko edo. Bide hauetatik, izan ere, sarritan ‘keriak’ ‘tasun’ bilakatzeko gaitasun eta zaletasuna beldurgabea erakusten digu, Oteizaren obrak inoiz izan ez dituen erreferentziak, adierazkortasun-nahiak eta inguruarekiko elkarrekintzazko propietate txit arraroak asmatuz:

 

“Donostiako Udalak Oteizaren eskultura bat nahi zuen hirian, aspaldiko gabezia ezagun horri amaiera emateko. Pasealeku Berriko lekuren batean instalatu behar zen. Izan ere, Pasealeku Berria Donostiako leku esanguratsua da, zeinak, Urgull mendiaren hegala defendatu eta egonkortzeaz gain, aukera ematen baitu itsasoaren albotik egunero paseotxoa egiteko (oso jarduera donostiarra da hori); gainera, inguru hori autoen aparkaleku periferikoa ere bada. Lekua dinamikoa da: itsasoaren oldarra, jendearen mugimendua, autoak… Eskultura hori elkarrekintzan aritu behar zen aipatutako mugimenduarekin, eta, era berean, itsasoaren, mendiaren eta hiriaren arteko bitartekaria izan behar zen. Altzuzako baserria bisitatu ostean, Oteizak Eraikuntza hutsa, lau unitate laurekin, positiboa-negatiboa lana aukeratu zuen. Ukitu, zeharkatu eta barruan sartzeko aukera ematen duen pieza bat da. Une magikoa, ibilbideko mugarria. Lekua eta kokapena bilatu zuten. Eskultoreak leku erabatekoak eta amaituak bilatzen zituan, ez baitzuen nahi eskultura hori hiri-dekorazioko elementu hutsa izaterik. Azkenik, aurkitu zuten lekua: Santa Klara uhartetik hurbileko ertzean, antzina eraikin bat egon zen lekuan, mendiaren hegalean. Espazio osoa hustu nahi zuten, baina, azkenik, aparkalekuaren zati handi bat kendu eta ibilgailuen trafikorako zoladura errespetatu zuten, orduantxe amaitu zituzten-eta zolatze lanak. Hormigoizko oinarri batek apur bat altxatzen du eskultura, ibilbide berriak sortuz; beste alde batetik, ipe-egurrezko zoladura batek kortenezko piezaren eta hormigoiaren arteko elkargunea leuntzen du, itsasontzi zaharretako egurrezko bizkarretan bezala”[2].

 

1957ko serie esperimentalaren baitako saiakerak (Sao Paulo-ko bienalean aurkeztuak), espazio hutsak eta planoak elkarrekintza aktiboan jartzen ditu. Zenbaiten esanetan, hiriaren hiru alderdietara irekiko litzateke Paseo Berriko kokagune horretatik: itsasoa, lurra eta airea, artistak berak adierazi ohi zuenez. Nola edo hala, Haizearen Orraziarekin parekotasunak bilatzea baino ez litzateke izango intentzioa, nahiaren eta ezinaren arteko borroka-gune eta muga-limite horretan Txomin Badiolak behin eta berriro salatu duenez, Oteizaren lana eta kontzeptua beste momentu (beste garai) eta beste espazio batekoa dela aldarrikatuz, eskala aldaketa sasi monumental eta zentzugabekoen aitzinean.

 

3-4. Pasealeku Berriko eskultura eta Bilbokoa urrenez urren, biak ala biak ur-fronteetako espazio urbanoetan; bata itsas bazterrean (Donostia) eta beste itsasadarraren ertzean (Bilbo), hain zuzen ere itsastar hiri-paisaia horiez daukagun irudizko gomutaren ondare-arrastoak apurka argalduz doazenean.

 

Indibiduoaren eta kolektiboaren, ‘polis-aren’ (hiriaren) eta gizabanakoaren arteko muga iheskorrean tente ikusten du eskultura publikoa E. Kortadi historiagileak, Donostiako panoramara erakarriz bederen. Hiriarentzako eta jendartearentzako onuragarriak izan diren zenbait pasarte sinbolikoki adierazteko erritoen antzean, monumentuek eta eskulturek irudizko euskarriak lagatzen dizkigute espazio publiko urbanoan, euren presentziaz eta itzalaz komunitatearen oroimena eta memoria-pilaketa horiek sedimentaturiko identitateak era kolektiboan plazaratzeko funtzio historiko eta sinbolikoarekin.

 

Denboraren iragapenarekin, halaber, monumentu horien izaera hein batean ‘hilezkorrak’ aztoratu daitezke testuingurutik erabat aldenduta edota ahaztuta (zentzurik leunenean) nahiz guztiz zapuztuta (zentzurik txarrenean) geldituz. Iragandakoarekiko errespetuaren galerak etorkizuna ere nolabait kolokan jarriko luke, gure kasuan itsas bazterreko espazio urbanoen xarma sakonki hipotekatuz. Betiko irudikapen sinboliko eta adierazkorren parean (monumentuaren logika, pertsonaia esanguratsuen oroimena[3]) eskultura abstraktuen agerpena oparoa izan da XX. mendeko azken hamarkadetan, XIX. mendetik zetorren hiri-zabalguneetako tradizioari neurri apalean eutsiz. Joera hauek periferiako landa-guneetan gero eta gehiago atzematen dira ‘gorputz geometriko abstraktu’ gainjarriekin, hiri-ehundurak zabaldu ahala edota errepideen bide-gurutze eta errotonden ‘apaingarritasun’ kurioso baizen inozoarekin (batik bat, 1970 eta 2000ko hamarraldien artean zeharo goraka egin du zonalde barreiatuak eskulturez hornitzeko moda xelebreak). Horietako batzuk eskulturaren eta hiri-altzarien arteko limite estetikoetan kontzeptualki kokatuak.

 

5. Auto-aparkalekuaz, hiri-altzariz, errepide-seinalez eta mendi-maldaz inguraturiko toki-lekua.

 

[1] Bilboko adibidea are eta grabeagoa da, udaletxe aurreko zubiaren simetria erabat zapuzten baitu, ingurumariko paisaia urbano historiakoaren perspektibak eta eraikinen aurrealdeak oztopatuz.

[2] Oteiza eta arkitektura. Jorge Oteizaren jaiotzaren 100. urteurrenaren ospakizun gisa (eskuko katalogoa), Iruñea: 2008ko urria eta azaroa, z/g.

[3] Jakina den bezala, zenbait adituk tratatu dituzte monumentuari eta eskultura publikoari dagozkien antzeko gaiak; besteak beste, Rosalind Krauss, Javier Maderuelo, José Luis Brea edota Calvo Serraller aipatu genitzake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude