‘Eraikitzen’ ala ‘deseraikitzen’?: Arteak eta lurraldeko espazio komunaren transformazioak (nazioarteko IV. Mintegia)

‘Eraikitzen’ ala ‘deseraikitzen’, ez da koska makala. TECTar I+D+i proiektuko HAR2016-78241-P: “ARTEA ETA LURRALDEKO ESPAZIO KOMUNAREN TRASFORMAZIOAK (EBAKETA HARROBI ETA UR AURREEN JASANGARRITASUN ESTETIKOA)” ikerketa taldeak 2017-2019 hirurtekoan kokaturiko IV. Mintegia: “Eraikuntzak eta Deseraikuntzak. Ekintzak, kontraesanak eta paradoxak” antolatu eta deitu du 2020ko abendaren 16 eta 17rako. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Eskultura Sailean jaio, ernaldu eta jadanik fruituak emaniko ikertaldeak, lurraldearekin eta oro har, natura, ingurugiroa zein paisaia kontzeptu zabal-irekiarekin erlazioan, artearen ikuspegitik atzeman daitezkeen paradigma estetiko-etikoak –besteen artean jasangarritasun estetikoa– plazaratzea eta kontrastatzea du helburu. Sarritan gainontzeko diziplina anitzekin elkarlanean, hartu-eman oparo eta zintzoan dihardugula.

Oraingo honetan bilgunea Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoa izango dugu, Bilboko Abandoibarra pasealekuan kokatua. Mintegiaren sama nagusiena presentziala izatearen aldeko apustu sendoa eta erabakigarria egin da aurtengo egoeran izanda ere, beraz eta beti bezala, sarrera librea proposatu da baina aretoa bete arte, aurretiko izen-ematearekin. Horrek ez du esan nahi, behin behineko eta tokian tokiko aldaketak bitarteko, urrutitik ere jarraitzeko eta parte hartzeko medioak aurreikusi ez ditugunik.

Posible baldin bada, behintzat, bertaratuak izango dira –erakarriak adieraziko genuke, alegia– hainbat gonbidatu entzutetsu. Lehenengo eguneko saioetan (abenduak 16), goiz-arratsez, Yayo Herrero ekofeminismoan eta politika ekologikoetan ikerlariak, Sabino Ormazabal aktibista-ekologistak, Xabier Salaberria zein Elena Aitzkoa artistak eta Mursego musikari-irakasleak jardungo dute. Hurrengo egunean (abenduak 17), Luis Patiño zinegile zein artista edota Toni Gironés arkitektoa arituko dira goiz partean. Arratsaldean jada eta IV Mintegi honi amaiera emateko, Madrileko Unibertsitate Konplutentseko katedradun den Tonia Raquejok aurkeztu eta moderatuta, mahai-inguru aparta eskainiko da bertoko eta atzerriko aditu sorta gaituarekin; besteak beste, Uruguay, Brasil, Extremadura eta Nafarroako Jorge Oteiza Fundazio Museotik etorriak.

Mintegiaren egitura ezagutarazteko atonduriko kartela.

 

Mintegia moldatzeko hausnartu eta erabili ditugun sintesi-erako lerroak:

<<Paisaia orok beharren eta proiekzioen arrastoak gordetzen ditu. Errespetu hala-askoko kultura eta ekonomietan islatzen bukatzen dute, espazio eta denbora bidezko egitura kolektibo batera daramatzatenak, existentzia mota batera, bizitzeko era batera. Partaide garen, ohitu garen eta onartu, geureganatu eta zalantzan jarri ditugun paisaiak mugimenduan daude.

Lekuan bertako biztanleak kanporatzen eta suntsitzen dituzten paisaiak dira. Gertuko zein urruneko beste leku batzuen eraldaketaren kontura eraikitzen diren paisaiak dira. Leku horietatik elikatzen dira, ondorio guztietatik erabat kanpo. Gure garapen propioak lurralde-paisaian utzitako ondorioekiko nagikeriak eta, neurri batean, ezjakintasunak, gaitz horiek lurralde mailako mapa hierarkizatu eta, horrenbestez, kategorizazio bat marraztea dakarte; begirada eta tratua bereizten dituena, ez bakarrik funtzioari dagokionean, baita sinbolikoari dagokionean ere, paisaiaren kondiziotik baztertzen dituen neurrian. Era berean, aurrerapen teknologikoetan oinarritutako garapen baten aurrean gaude, zeintzuek han eta hemen eraldaketa handi eta azkarrak ahalbidetzen dituzten; hori bai, arrazionaltasun ideologiko batekin nahastuta, giza zibilizazioaren bideragarritasunaz arduratzen ez dena eta ondorengo arau deontologikoetatik abiatzen dena: zilegitasun soziala dutenak, ekologikoki arrazoitzen eta ekonomikoki edo teknikoki bideragarriak direnak eta espazialki onartu eta kulturalki iraungo dutenak.

Gizakiak, kolektibo gisa porrot ez egiteko, ekoiztea + zaintzea ekuazio banaezinaren bi arlo funtzionaletan jardun behar du. Zainduz ekoiztu, non zaintzea bera ere lehen mailako ekoiztea den; zaintzea + ekoiztea. Paisaia babestea. Ingurumenaren edo kostunbrismoaren ikuspegi sinpleetatik haratago, paisaia babesteko modu honek mugimenduan dauden paisaiekiko arduren katean izan behar du jatorria. Era berean, hasieratik lortu behar du iraunkortasun funtzional eta estetikoa, kexu berantiarra ez dena.

Artea, bere agerpen modu ugarietan, paisaia eraikitzaile handi bat da. Pertsonon eta bizi ditugun lurraldeen inguruan egiten diren irudikapenen zirrikituen bitartez, beti mantentzen du arteak gizarte-egiturarekiko beharrizan-harremana. Egiten gaituena da, Rilkek dioen bezala, “gure jakintzak atzeman eta jaso dezakeena baino gehiago ikustea, gure sentimenduen aurrekariak baino apur bat haraxeago joate bat”>>.

Testu-atal honekin, laburbilduak utzi nahi izan ditugu ikertaldearen nondik norako programatikoak, une oro gure ideiaren hari fin baizen finkoak eta tinkatuak ahalbidetzen eta bideratzen gaituen norabideari eutsiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude