ITSAS BAZTERREKO ZEIN UR-ERTZEKO PAISAIAREN ANTOLAKETA BEREZIA ETA SINBOLIKOKI ADIERAZGARRIA (II): HAIZEAREN ORRAZIA

Amets hutsean gelditu ez ziren asmoen artean, ordea, urte batzuk lehenagoko “Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia gaur egun ohiko ibiltarientzat, Donostia bisitatzen dutenentzat erreferentzi leku bat da, eta hiriaren beraren ikur bat”. Beraz eta hala izanda:

“Duela 30 urte amaitu zuten instalatzen eta denboran horren hurbil izan arren, obra honen jatorria, bere sorkuntza artistikoa eta bere kokapen fisikoa, dirudienez pertsona askoren oroimenetik desagertu diren gertaerak dira, baita gertaera horiek bizi izan zituzten pertsona horien oroimenetik ere. Urte asko dira Haizearen Orrazia harrotasun kolektiboa eragiten hasi zenetik, bere presentzia ukaezina da, beti hor egon izan balitz bezala. Alabaina, ingeniaritza lan luze eta konplexu batzuei esker dago hor obra hau. Lan horiek amaitu izana ez zen sekula ospatu, ez zen askorik nabarmendu”[i].

Goiko aipuaren jabea ‘harrotasun kolektiboaz’ mintzo zaigu Haizearen Orrazia hizpide darabilenean. Beharbada, hiritartasun sentimendu konpartitua garaian izan zezakeen jendarteak, donostiar izatearena alegia, ez zen oso era motibagarrian igarri Haizearen Orraziaren kasuan, gizarte eta kultur arloko sektore jakin batzuetan ezpada[1].

Hala ere, urteen joan-etorriarekin urte haietako beste ‘berotasun’ batzuk freskatu ez ezik izoztu direnean, halako obra sinboliko eta identitatezko elementu bilakatuetan gelditzen da ‘harrotasun kolektibo’ horren sama eta aztarna. Lehen komentatu dugun Oteizaren Batlle eta Ordoñez-en monumentuak ere herrialde bateko (Uruguay-ko) eta batik bat hiri bateko (Montevideoko) biztanleen talde handi baten memoria eta ‘harrotasun kolektiboa’ irudikatuko zituen itsas bazterreko mendixka sinbolikoan. Momentu hartan Oteiza eskultoreak eta Puig arkitektoak bat egin zuten sentimendu konpartitu haiei gorpuzkera fisiko eta sinbolikoa proposatzerakoan. Donostiako kasuan Peña Ganchegui arkitektoaren enparantzak hiri-eskenatoki aparta eskaini zion itsas bazterreko espazio urbano bortitz eta basatia orrazteko Chillidak korapilatu zituen burdinei. Oraingoan, ingeniaritza lanek ere berebiziko garrantzia izango zuten kokaleku zail hartan esku-hartzeko, berauek José Maria Eloseguik eta beste hainbat kolaboratzailek maisuki burutuak (enpresa eta ekipo batzuk ordainsaririk gabe eta beste batzuk materialak soilik kobratuta). “Horren saria oso bereziak diren Donostiako arroka batzuetan behin eta berriz olatuak haustean sortzen den etengabeko ikuskizunaren sorrera gogoraraztea da soil-soilik”[ii].

1. L. Peña Ganchegui eta E. Chillidaren interbentzioa Donostiako Ondarretako erpin-muturrean.

Horrela, ingeniaritza ere artearen osagarri gisa agertzen zaigu hemen arkitektura eta hirigintzarekin batera, itsasoaren, hiriaren eta burdinaren sinbiosia posible egiteko. Itsasotik Donostiara datorren haizea orrazten duten hiru piezak, beraz, magiaz bertan agertu zirela uste izan arren operazio konplexuak eta arriskutsuak behar izan zituzten, nahiz eta erabilitako materialaren eta tresneriaren arrastorik geratu ez zaigun, hilabete haietan jasotako dokumentazio grafiko eta argazkietan izan ezik. Tenis-eko pasealekua deitzen zuten zonalde zakarraren[2] akabuan itsasoan irmoturik zegoen arroka bakartian eskultura kokatzea izan ohi zen Chillidaren hasiera-hasierako intentzioa, herdoil-ezinezko altzairuz egina, ur gaziaren eta haize gogorraren erasoak jasango zituen material bakarra izaki.

2. Pieza eskultorikoen kokapena garaian bilduriko irudietan (1977).

3. Urte bete geroago, artista batek pasealekutik hurbilen dagoen figura etzanaren gainean buruturiko esku-hartze sasi piktorikoa (Cloc, 1978).

Itsasoak Chillidaren obran beti izan duen eraginaren lekuko, Haizearen Orraziaren serieko eskulturatxoak 1952an hasi zituen, 2002raino hogeiren bat eginez. Donostiakoak serieko hiru izango ziren, 14, 15 eta 16 zenbakiei dagozkienak[3]. Harkaitzetako zulaketak behin-behineko muntaia eta estruktura probisional mordoa behar izan zuen, gainean burdinbideak zeuzkaten zubiak barne, eskulturen hamar tonako pisua jasateko modukoak. Hasieran, itsasoa zegoen harkaitz horretan bertikalki iltzatuko zen pieza pentsatu zuen Chillidak, Gastón Bachelard filosofoak zihoen ‘burdinazko zuhaitzaren’ gisan[4]. Geroago, elkar erlazionatuta zeuden hiru piezetan erreparatu zuen Chillidak, itsas bazterreko eta hiriko limiteko espazio horren itxieran ibilbide bisual bitxia eratuko zutenak. Formaz, bolumenez, pisuz eta eskalaz oso antzekoak diren haizearen ‘orraziak’ adieraren aldetik esanahia bateratuak iragartzen dituzte.

4. Harrizko ainguraleku aproposetara bolumenak irizteko jarri behar izan zuten pasabide aireratua.

5. Aipatu behin-behineko zubitxoaren planoak.

6. Haizea orrazten duten formak Igeldo azpiko harkaitzetan.

Chillidarekin lan egin zuen Elosegui ingeniariak Nestor Basterretxeak esku hartu zuen Arriaraneko presaren diseinuan ere izan zuen parterik. Bere esanetan, soluzio urbanistiko eta estetikoak bilatzea gogoko izan du beti, eta Haizearen Orrazia modu konkretuan Donostiako hiriaren irudi estetiko sinbolikoa bilakatu izan dela defendatzen du, Kontxako barandaren parean alegia, biak ere hiriaren eta itsas bazterreko ur-fronteen mugak izaera estetiko adierazgarriarekin taiutuz.

[1] Haizearen Orraziaren hasierako ideia, Donostiak Chillidari edota Chillida berak Donostiari eskainitako omenaldi gisa, obra publiko baten gorpuztua, 1968an jaio omen zen liburutegi baten Ramos haizpek antolatzen zuten tertulian. Garaiko Aurrezki Kutxak gogo onez hartu zuen egitasmoa, eta kultur arloko jende piloa ere laster hasiko zen handitzen, omenaldia bultzatzeko hiritar komisio ez-ofiziala konposatu arte. Hastapenean arte erakusketa arrunt bat egitea pentsatu bazuten ere, eskulturagileak berak proposatu zuen etorkizunean iraungo zuen zerbait hiriari ‘oparitzea’. Komentatu dugun Oteizaren Montevideoko kasuan ere populazioaren arteko diru-bilketa martxan jarri nahi izan zuten, bultzada instituzional eta politikoa nolabait ‘ofizialagoa’ bazen ere.

[2] Donostiako alkateak enparantza horren konponketa Peña Ganchegui-ri enkargatu zion.

[3] 1968tik 1977rako tartean ideia garatuz joango zen Chillida, pieza bakarra izatetik hiruna izateraino.

[4] Egitura prismatikoa duen enborra lau beso edo abar sendoetan biderkatzen da prisma horren altuera jakin baten, ‘arbola’ edo ‘orrazia’ eratu arte. Ongi kalkulatutako asimetria batzuk armonia ematen diote elkarketari.

[i] ELOSEGUI ITXASO, María. El Peine del Viento de Chillida en San Sebastián. Ingeniería de su colocación por José María Elósegui (1977), Donostia: Dr. Camino Institutua, Kutxa Fundazioa, 2007; 11. or.

[ii] ELOSEGUI ITXASO, M. El Peine del Viento… op. cit., 12. or.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude