ITSAS BAZTERREKO ZEIN UR-ERTZEKO PAISAIAREN ANTOLAKETA BEREZIA ETA SINBOLIKOKI ADIERAZGARRIA (I): UR-FRONTEAK ERAIKITZEN

Donostiako ur-fronteetako paisaia adierazgarrietako hiri-egituraketaren garapena oso kontuan izan beharko dugu, batik bat hiriaren trazaketak zer-nolako eraginak izan dituen aztertzeko itsas bazterreko eta ibaiertzeko lurzoruen antolaketa urbanistiko, sinboliko eta estetikoan. Garaian garaiko baliabideek, ideiek, pentsamenduek eta gogoeta kolektiboen osteko proiektuek ‘hiriaren irudia’ eraiki dute, planoetan marraztua eta kaleetan, kaietan zein badian gorpuztua eskala handi zein apalagoan: itsas lerroko eta ibaien ertzetako hirigintza fenomenoa, eraikinak, monumentuak, arkitekturatxoak, eskultura edota elementu urbanoak.

Historian beraien presentzia fisikoa agerrarazteko indarra edota suertea izan duten egitasmoek beti ez dira hoberenak izan, lozorroan gelditu direnetako batzuekin alderatuz. Horietako zenbaiten gauzatzeak itxura askoz desberdina emango zion Donostiako hiriari, bai aspektu estrukturalak eta paisaiaren bestelako alderdi estetikoak kontuan izanda. Nola edo hala, batez ere modernitatetik hasi eta gure egunetarainoko ibilaldian XX. mendeko azken hamarkadetara helduz gero, momentu eta asmo klabe batzuk izan dira Donostiako itsas ondoko espazio urbanoaren antolaketa sinbolikoan. Hirigintzaren garapenetik haratago, arkitektura-eskultura binomioa eta itsasoaren hurbiltasuna konbinatu izanak kasu baten egi bihurturiko eta beste baten ezerezean geldituriko adibide paradigmatikoak eskainiko dizkigu, hiriari idiosinkrasia garaikidea gehitu diotenak. Horrela, Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia Jorge Oteizaren Izarrak Alde Ametzagainako hilerriarekin osatzea ez zen posible izango, 1985eko proiektu utopikoa berau.

1962ko aipatu plangintza urbano orokorrak lurzoruak erreserbatzen zituen jada Ametzagaina aldean kanposantu berria eraikitze asmoz. 1969an proiektua Luiz Arizmendi udal arkitektoari eskainiko zioten. Emaitza proportzio guztiak gaindi egiten zituen hilerria izango zen, landa-hilerriaren tipologia erabiliz. Proiektu honek ez zuen aurrera jarraituko arazo ekonomiko eta administratiboak medio eta 1985erarte ez zen lehiaketa antolatu, bertako aurre-proiektu irabazlea baina burutugabea Carlos Montes Serrano eta Antonio Vaíllo-k aurkeztua izanik[1].

  1. Donostiako zabalgunearen erdialdetik barrurantz dauden kota garaiagoko espazioak.

Ametzagainako parajean kanposantua egiteko aurre-proiektu horren nazioarteko lehiaketarako oinarriak 1984an onartuko zituen Udalak, ohiko hilerrien eskema eta eredu zaharkituari balio erantsia gehitzeko ahaleginarekin, oraindik ere nolabait zilegitasuna zeukan lehen aipatu dugun 1962ko Donostiako hiria ordenatzeko plan orokorraren baitan onartua. 1950eko hamarkadaren amaieran Roberto Puig arkitektoarekin Oteizak Montevideon eraikitzeke utzi zuen Batlle eta Ordoñez politikariaren omenezko monumentua gogoan (hau ere itsas bazterreko muino baten gainean), Donostian ere Juan Daniel Fullaondo, Marta Maíz eta Enrique Herrada arkitektoekin batera “26 11 41 Izarrak Alde” proiektua aurkeztu zuen eskulturagileak. Mendixkaren gainaldea hegazkinak aireratzeko pista lez geldituko litzateke, itsaso zabalera begiratuz, ezkerraldean Urgull eta eskuinaldean Ulia zituela.

  1. Ametzagainako kanposantuaren maketan eta irudietan oinarrituz egindako marrazkia. Jatorrizko argazkia: ARNAIZ, Ana (et al.). 261141 Izarrak alde. Donostiako hilerri-lehiaketarako egindako proiektua, Nafarroa (Alzuza): Jorge Oteiza Fundazio Museoa, 2010. Proiektuaren dokumentu grafikoak.

Hilerriak ohiko kanposantuen itxuratik diferentea behar litzatekeen ‘paisaia zibikoa’ sinbolikoki berrinterpretatu beharko zuen, 1958ko Montevideoko konkurtsoaren elementu estetiko formal batzuk eguneratuz. Batlle eta Ordoñez-en memoriari eskainitako monumentu hartan ere kareharrizko losa edo estela beltz handiak, lurretik metro eta erdiko altueran, meditaziorako eta isiltasunerako ‘lekua’ adierazten zuen, monumentuaren ideiaren plano estetiko eta izpiritualak konpartituz[2]. Beste grabitazio-kanpoa prisma laukizuzen batek bereganatzen zuen, itxia eta erabat funtzionala, mendixka gainean etzana flotazio linea bailitzan. Eraikin horren beheko aldean branka itsasoari erakusten zion murru ‘babeslea’ jaiotzen zen, horizontalki, ‘desokupazioz’ sortutako losa-estatuaren espazio hutsa ukitu arte luzatua.

Arteen eta arkitekturaren integrazioan aurkitzen zuen Oteizak monumentuari irtenbidea emateko soluzioa, hirian lan egiten duten diziplinen kolaborazioarekin batera. Garai bakoitzeko espresio kolektiboaren beharrizanak arte, arkitektura eta hirigintzaren arteko egiazko sintesi batukorrean bilatu beharko ditugu eta. Hala izanik, eskultura eta arkitektura harreman sinbiotiko horretan jartzeko moduen artean soluzio ‘integratua’ hobesten du Oteizak. Artistak eta arkitektoak elkarrekin hartu behar dituzte erabakiak, metodologia honen arabera (eredurik aipagarriena Montevideokoa litzateke). Bide honetatik, Walter Gropius-ek arkitektura funtzionala aurkezterakoan zihoena gauzatzen da nolabait; arkitektoa –eta artista– ‘ikusezin’ bilakatu behar da bere obraren aurrean, keinu pertsonal oro arbuiatuz, gauzen funtsezko esentziaren mesedetan[3]. Modernitateko proiektu kolektiboari lotuta, Oteizak edota Gropius-ek berak zihoen legez, lehenagoko esperientziak aprobetxagarriak lirateke egungoei loturik. Arkitekturan ez du beharrizan materialak soilik eragiten, eta erabilgarritasunak ez du beti materialismoa soilik inplikatzen[4]. Beste soluzio-bidea Oteizak ‘aplikatua’ ziona litzateke: esku-hartze artistikoentzako leku bereziak gordetzea. Artistak arkitekturaren eskarietara egokitzen du bere eginkizuna; era berean, tokiko bertako xehetasunetan ere pausatuz (jarraian ikusiko dugun Donostiako Haizearen Orraziaren monumentua bi bide metodologiko hauen tartean kokatuko litzateke, alegia). Toki-espazio horiek hiriaren estruktura fisiko eta geografikoarekin bat datoz, anatomia urbano eta zentzu espazialarekin.

 

[1] XX. mendeko azken hamarkadan Lau Haizetara parkea sortzeko koordinadora antolatu zen, garapen integrala eta gestioa kudeatuko zituena. Egitasmoak Ametzagaina mendi-tontorra ere hartzen zuen, San Marcos-eko fuerte eta zabortegiarekin, Txoritokieta, Larratxo eta Cuatro Vientos-eko ingurumariarekin batera (Altzako nukleotik nahiko gertu).

[2] Monumentu honek inflexio puntua markatzen du paraleloki kutxa hutsekin eta kutxa metafisikoekin zerabilen jarduera esperimentalean. Arte-arkitektura erlazioa hierarkiarik gabeko osotasun estruktural gisa gertatzen da, bai arkitektoari eta bai artistari (eskultoreari) konpromiso profesional eta esperimental berbera eskatuz. Izan ere, hiriaren diziplinarteko eraikuntzaz zeuden nazioarteko foro eta debateetan interesatua zegoen Oteiza. Honetaz gehiago jakiteko eta informazio zehatzagoa izateko ikus: ARNAIZ, Ana (et al.). 261141 Izarrak alde. Donostiako hilerri-lehiaketarako egindako proiektua, Nafarroa (Alzuza): Jorge Oteiza Fundazio Museoa, 2010. ARNAIZ, Ana (et al.). La colina vacía. Jorge Oteiza-Roberto Puig. Monumento a José Batlle y Ordóñez. 1956-1964, Bilbao: ehu press (Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU), 2008.

[3] XX. mende hasierako arkitekto haientzat beharrizanen arabera eraikinak egitea zegoen, bizitza modernoaren zentzua kontuan izanik eta, beraz, kanpoaldeak bigarren mailan geldituz. Efekturik gorena bitarteko gutxienekin bilatzen duen arkitektura litzateke, sinpletasuna monotonia bihurtu gabe. Arkitektura ulertzeko modu berri baten alde 1928 eta 1930 urteen artean Donostian zenbait hitzaldi ospatu ziren, arkitektura arrazional funtzionala ikergai izanik.

[4] Hala ere, Euskal Herrian eta Espainiako estatuan arkitektura hark ezingo zuen garaiko moda gainditu, faktore formalen atentzioari arreta berezia eskainiz. Funtzionalismoa ‘estetiko’ egiten denean espresionismo bilakatzen baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude