HIRIA ANTOLATZEKO PLANGINTZA OROKORRA (II): IBAIERTZEKO AUKERA BALIOTSUAK

<<Ez dugu ulertzen mugako hiri Irun, Irun-Hondarribia honetan pentsatu nahi gabe jarraitzea, aspaldi egon behar baitzuen moldatua>>. Jorge Oteiza

 

Amara aldean[1] Donostiako Hiri-Ordenazioko Plan Orokorrak planteatzen dituen proposamenen artean Urumearen arroak tratatzen dira bereziki, Anoeta, Morlans edota Mundaizko penintsula inguratzen duen meandroa etorkizun gerturako egitasmoetan agertuz. Amarako azken zabalgunea denaren trazak eta eraikuntzak agerian zeuden jada 2009. urtean, Loiolaraino luzaturiko ur-fronteak txukunduz.

Autobidearen parte baten lurperatze lanak Kristina Enea parkeko pasabidearekin ez ezik Amaiur-eko parkearen eraikuntzarekin hein baten osatuko ziren, burdinbidearen trazan ere hobekuntzak planteatuz. Lurzoru urbano berri horiek Loiola auzoan gaurdaino burutu izan den hiri hedapenari behingoz fisikoki atxikiak gelditu daitezen, zonalde horretako erriberan eta Morlans-en etxebizitza garapen berriak gainjarriko zaizkie, jadanik ingurumari horiek erakusten diguten irudi urbanoari. Rol garrantzitsua jokatzen baitu gaur ere Amarak ibaiertzeko metropoliaren loturetan eta mugikortasunean, zenbait errepidek bertan baitute hasiera edota amaiera. Barnealdetik hirira sartzeko bide hauek, alabaina, inpaktu handia izan dute paisaian askotan barrera gisa funtzionatuz. Oztopo hauek ekiditea ere lehen mailako helburua izanik, trafikoaren ordenakuntza ez ezik Urumeako ezkerraldeko oinezkoen pasealekua hobesten da, burdinazko zubitik Loiolaraino abiatuko litzatekeena, aldi berean Kristina Enea parketik Egia[2], Atotxa eta erdialderaino ailegatuz, urte luzez lozorroan geratutako aldarrikapen historikoaren lekuko, alegia. Urumearen bokalean hasitako ur-fronteetako espazio adierazgarriek, beraz, nolabaiteko jarraipena izango lukete Loiolako erribera eta Morlans-Beherako parajeetaraino.

1-2. Kristina Enea parkera nahiz lorategietara oinezkoentzako sarrerak hobetzeko pasabide aireratua eta bertatik ibaia iragateko zubi berriak.

 

Egituraketa hauen inportantzia Urumeako arroan leudekeen bigarren mailako zentro urbanoen ordenazioan erabakigarria litzateke, hiriko eta periferiako estrukturari dagokionean. Beraz, Urumeako ibaiertzen tratamendu urbanorako, itsasadarreko ibilbidearen ordenaziorako azterketa hidraulikoa idatzi zuen Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolaketa eta Ingurugiro Sailak. Hortik aurrera, Donostiako Hiri-Ordenazioko Plan Orokorrak bizkarrean hartuko dituenak, Urumeako ur-fronteetan planteatu beharreko interbentzio urbano guzti-guztietan, esandako Kosta legeaz gain. Ondorioz, lurzoru interbenituetako plan bereziak idatzi eta bultzatuko ditu Udalak Egitamu Orokorra behin betiko onartu eta hurrengo urteetan.

Ur-fronteetako arazo guztiak asaldagarriak ez direlakoan eta, bai komunitatearen memoriari eta baita kultur ondareari begirunezko begirada ez hain ugarien artean, arestian guk geuk ere elementu adierazgarri gisa aipatu izan dugun Loiolako garbitegi zaharraren eraikina Ondarearen Katalogoa sartzea erabaki du Plan Orokorrak. Izan ere, itsasadarreko erriberan segurtasun zona zaindu beharra agintzen du legeriak, bertako aprobetxamendu urbanistikoa askoz murriztuagoa izanik. Ibaiaren kanalizazioak, alabaina, militarrek bertan dauzkaten instalakuntzen zati batzuk hartzen ditu, ordenaziotik kanpo gelditu beharrekoak, antza denez Defentsa Ministerioak kokagune hobeagorik aurkitu arte. Trenbidearen instalazio berriek ere lekua izan beharko dute, kondizio egokiak izan beharko dituen ibaiertzeko pasealekuarekin batera. Ez da ahaztu behar, goian berretsi dugunez, antzinatik itsasertzeko auzo honek atxikiak dituen herentzia industrialak eta beste zenbait baldintza: kartzela, komentuak, futbol-zelaia, e. a.; horietakoren bat edo beste kulturarentzat eta arte garaikidearentzat ekipamenduak bihurtuak (adibidez Kristobaldegiko ARTELEKUren tailerrak, liburutegia eta espazioak, gaur egun TABAKALERA zentroak gaizki ordezkatuak). Auzoko ikuspegi berri horretan txertatuko litzateke, hain zuzen ere, Urumeako hertzetako ur-parkea[3].

3. Tabakalera fabrika zaharra eraberritu aitzin zeukan aurrealdeko itxura eta parean, Bilboko Zorrotzaurre penintsulan zaharberritua izan zen Artiach lantegiaren fatxada.

4-5. Tabakalerako gaur egungo barnealdea eta Duquesa María Artiach usinaren espazioak Zorrotzaurren.

 

Bailara honen luzapenean eta Loiolatik haratago Martutene ere bagenuke, Donostiako barnealdeko ingurune metropolitarrean itsatsia eta azken mendeko garapen industrialak sano baldintzatua (gaur egun ere aktibitate ekonomikoekin nahiko okupatua). Loiolaren luzapena ere balitekeen neurrian, hirigintza barreiatuak, anabasak eta oreka faltak baldintzatu izan ditu hemengo parajeak, gaur egun Urumeako autobidearen eraikuntzak edota abiadura handiko trenbidearen etorrerak hipotekatua, hiriek periferiara ‘aldentzen’ dituzten zerbitzuez hornituriko eskenatokietan. Aurreikusitako espazio libre batzuk ur-fronteetakoak lirateke, erriberako pasealekuetatik Loiola, Amara eta azkenik erdialdearekin lotura izango zuen hiriaren luzapenean. Aurretiaz, etxebizitzek eta bestelako erabilera ekonomiko industrialek egokitzapena izan beharko lukete, eraikitzea galarazita duten inguruneetan aspaldidanik existitzen diren batzuk kenduz. Urbanizaziorako proiektuek eta programek errepideekin eta trenbidearekin izan beharko dute harremana (trenbide berriaren etorrerak espazio urbano batzuk jango baititu, Martuteneko pasealekua trenbide gaineko zubiarekin lotzen zuena besteak beste); baita ibaiaren kanalizazioarekin ere. Martuteneko paseo horren jarraipenak transformazio batzuk beharko ditu etxebizitzen eta ekipamendu tertziarioen artean, planifikazioak soluzio biderik egokienak hartu beharko dituelarik, eraispenek sorturiko traza berriekin orekatuz.

6. Tabakalera eraikinaren goialdeko eta, era berean, Igeldo mendi tontorreko Donostia hiriaren gaineko dorre-zaindariak eta Urumea bailara zein itsas bazterreko begiratokiak.

 

Honenbestez, ibaiertzeko ur-fronteei zuzen-zuzenean dagokienean zenbait puntutan jartzen du arreta Plan Orokorrak: itsasoaren eta lurzoruaren domeinuen errespetua, babestu beharreko ur-lerroak eta hertzak, area ureztagarriak eta lurrazpiko ur-korronteak (guri dagokigunaren aldetik, lehenengo biak lirateke funtsezkoenak)[4]. Horrez gain, lurrazalean Txingurriko, Molinaoko eta Añorgako erreken zein errekastoen berreskurapena eta kanalizazioak proposatzen ditu Plan Orokorraren dokumentu osagarriak, Urumea gaineko beste zenbait zubi eta pasabideren eraikuntzarekin batera (Loiola, Txomin Enea…).

Bestalde, baina aurrekoari zuzenean loturik, ibaietako eta erreketako ur-fronteetan gaur egun burutu beharreko interbentzio urbanistiko guztiek Euskal Autonomi Elkarteko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Plan Sektorialaren[5] araudia kontuan izan behar dute, kasu honetan Kantauri isurialdeari dagokiona. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Artezpideen 8. atalak (ingurune fisikoaren antolamendua) lurrazaleko uren babesa jasotzen du ordenazio-kategorien artean, ibai eta errekak eta horien babes-zonak osatuta[6]. Konkretuki hirigintzari dagokionez, lau alderdi desberdintzen ditu: landa-eremuko hertzak, hiriarteko komunikazioetarako azpiegiturek betetzen dituzten hertzak, eremu garatuetakoak (nahiko edo oso finkaturiko hiri-garapena duten hertzak) eta etorkizuneko garapen urbano potentzialak izan ditzaketen ur-fronteak[7] (hirigintza-okupazio prozesu berriak izango dituztenak). Hortaz, ubideen lerroetan eraikuntzarako eta urbanizaziorako gutxieneko erretiro-lerroak ezarri behar dira, nahiz eta hurbileko hiri-bilbea egokitzeko jarduerak egin ahal izango diren; hala nola parkeak, oinezkoentzako erriberako pasealekuak edota ibaietarako sarbideak. Hirigintza-garapen berriko areetan, ibaien bizitasun ekologikoa errazteko, uholdeen prebentziorako eta landaretzaren zaintzarako irtenbideak (ezponda berdeak, berriro landatu daitezkeen harri-lubetak, ubide bikoitzak eta halako obrak hobesten dira. Ubide bikoitzak hobeto egokitzen dira ibaiko uren maila baxuetako baldintzetara eta dinamika hidraulikoetara. Formula horiek kontuan izanda, erriberako landaredia eusten lagunduko duen eta uholdeetarako beharrezko ubiderapen obren bideragarritasuna bermatuko duen eraikuntza-erretiroetarako araudi berezituak planteatuko dira.

Ubideen ertzak zonatan banatze aldera, berreskuratzeko premia duten ur-fronteek hondakindegiak, zabortegiak eta degradatutako beste hainbat area hartuko dituzte. Halaber, kategoria honen barnean batu dira beste edozein arrazoi dela ere kalitate ekologikoa gutxitu duten edota aktiboki birsortu behar diren inguruak; lehenago edo beranduago zaharberritzeari heldu beharreko enklabeak hain zuzen. Hauetan, ingurugiroa hobetzeko jarduerak sustatuko dira, ubideen morfologia naturalak errespetatuz eta erriberako landaretza edota padurak zainduz. Ibaien arro hidraulikoak kontuan hartuz kategoria anitz ezartzen ditu planak, horien artean agertzen direlarik bai Urumeako, Oriako edota Urolako ibilbideetako zati desberdinak, batik bat gure lanaren ikuspuntuari dagokionez. Araudi eta antolaketa plan hauek neurri handiagoan edo txikiagoan eragingo dute ibaien ertzeko paisaiaren konfigurazio urbanoan, garai bateko paisaia horren estetika ur-fronteen gehiegizko aprobetxamenduari eta urari behin eta berriz espazioa irabazteari lotuta bazegoen (hiri-zabalguneen aroan), hiri-paisaiaren irudi konkretuak laga dizkigunak; gaur egun paisaia horiek beste estetika lausotuago bat erakutsiko dute, ustiapen urbanistikoa beste era batekoa izaki. Bien artean, XIX. mendetik XX. menderako bidean industria handiak Euskal Herriko ur-ertzetako parajeetan izan zuen garapen bortitzaren arrastoak suma ditzakegu, ur-fronte horien garapen urbanistiko berriak oraindino guztiz ezabatu ez dituenak. Momentu historiko desberdinek, hortaz, badute itsas bazterreko eta ibai ertzetako paisaietan eragin estetikorik franko.

 

[1] Zabalgunearen trazaz XX. mendeko 1940-1970ko hamarkadetan hedaturiko parte urbano garrantzitsua, oro har, etorbide zabalak eta etxadi handiak dituen morfologia erakusten du Amarak. Itsasadarreko ur-fronteak kontuan izanda, Bizkaia Pasealekuko irudi urbano historikoa mantentzea proposatzen du Plan Orokorrak, bertan etxeek izan dituzten lorategiak eta elementu urbanoak zainduz.

[2] Gros, Amara, Loiola eta Itxaurrondo auzoen artean kokatua, Urumea ibaiak mugatzen du erdialdearekin. Lur lauak eta aldapak ere baditu, batez ere etxebizitzekin okupatuak eta ekipamendu gehigarri batzuekin: tabako fabrika edo justizia jauregia. Urumeako pasealekua RENFEko trenbidearen paraleloan aurkituko genuke hemen. Tabako fabrika zaharra ekipamendu kultural eta artistiko bilakatzea izan da, hain zuzen ere, azken urteetako ekintza enblematikoa. Izan ere, eraikina bera berreskuratzeaz gain, ingurumari guztiari eskaintzen zaion begiradan txertatuko litzateke, Kristina Enea ere beregain hartuko lukeen ‘ibaialdeko’ eremuan (Plan Orokorreko irizpideen arabera).

[3] 2007an onartu zen jada zonalde honen ordenazio urbanorako plangintza berezia.

[4] Paisaia urbano berri horietako landaretzari ere arreta eskainiko lioke Plan Orokorrak, garrantzizko liratekeen zonaldeen babesa etorkizuneko ordenazio plangintzetan aurreikusiz.

[5] 415/1998ko dekretuaren araberako 1999ko plana.

[6] Era berean, lurzoru urbaniza ezinezko ubideen ertzetan Lurrazaleko Urak Babesteko Lurzoru Urbaniza ezina kategoria ezarriko du Udal-plangintzak.

[7] Plan berezien erregulaziopean gelditzen dira biotopo babestuak eta biosferaren erreserbak (besteak beste Urdaibai Bizkaian eta Txingudiko badia Gipuzkoan).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude