XXI. mendearen hasieran, izan ere, ehun urte lehenagoko hedakuntzaren inpultsoak nolabait baretuta[1], okupatu gabeko edota ezein funtzio bete ostean libre geldituriko espazio hutsetan esku hartzeko izango lirateke proposamenik ohikoenak. Bestalde, itsas bazterreko egitura urbanoan Ondarretatik Pasaiaraino bultzatu daitezkeen loturetan arreta jartzen du Donostiako Hiri-Ordenazioko Plan Orokorrak (oinezkoentzako pasealekuak, txirrinduentzako ibilbideak; ur-fronte historiko horiei nortasun berritua eta konpaktuagoa emanez), Pasaian La Herrerako parteari begirune gehiena eskainiz (trenbidearen bikoiztasuna bezalako proiektuak aurreikusten dira).
Izan ere, Ibaetako lautadatik itsas bazterreraino, eta Lugaritzeko magaletatik Igeldoko ekialderaino doan Ondarreta eta Antiguako kalitate urbano egokia azpimarratzen du Plan Orokorrak (aspaldi Donostiako industriaren eta bestelako zerbitzuen kokagunea: kartzela, militarren maniobra gunea…), bertako elementu bitxien eta berezien presentzia goraipatuz: Ondarretako pasealekua (Haizearen Orrazia, Erregenea…), hondartza, Miramar jauregia[2] edota Igeldoko parkea (lehentsuago lerro hauetan bertan komentatu ditugun guztiak). Hauxe baita, Plan Orokorrak ere estimatzen duenez, Donostiak itsasoari eskaintzen dion aurpegi ikusgarriena eta sinbolikoena. Paisaiaren balioak mantentzea eta areagotzea, beraz, Kontxako badiako ikus esparruan leudekeenak izanik, Donostiaren etorkizuna berrasmatzeko iraganera begirada ezinbestekoa litzateke; urteen joan-etorriak itsas bazterrean itxuraturiko kulturaren, ondarearen, memoriaren eta identitate urbanoaren agertoki oparoa, fenomeno urbanoaren estetikan ez ezik jendartearen bilakaera sozial, ekonomiko eta antropologiakoan sustraitua. Igeldoko mendian bertako herrixka historikoaz aparte ipar-mendebaldeko magaleko etxebizitzak genituzke, duela ehun bat urtetik hona eraikitakoak edo, mendi-tontorretik behera datorren errepide uhintsuan itsas fronte esanguratsua konfiguratuz (gaur eguneko paisaia kulturalki eta estetikoki estimagarria, alegia). Igeldoko herrian ere, 1995eko Plan Orokorrak egiten zituen jada gomendio batzuk, “Igeldoko Zabalpena” zeritzon prozeduraren baitako plan partzialarekin.
1. Igeldoko goitik beherako panorama-ikuskizun urbano bihurtua Kontxako badiaren erpinean.
2-3. Itsas bazterreko espazio esanguratsuetako altzari-elementu eta eskultura ezagunak Donostian.
Badiako beste muturrean ere, Sagües edota Ategorrieta aldean gauzatu beharreko hiri-antolaketaren artean Ategorrietako eta Uliako parkea hobesten dira, gaur egun aurkitu genitzakeen itsas ondoko bazterrik erabilgarri eta probetxugarrienetan (Groseko auzoari jarraitasun fisikoa eta irudizkoa emanez, barrera urbanistikoak desagertzen diren neurrian). Itsasoari irabazitako lurretan ur-frontea eraiki zuten aspaldi, gaur egun dakusagun Sagüeseko erpineko espazio urbano zabala. Jose Migel Barandiaran pasealekuko etxe-ilara eta bigarren lerro eraikia izango lituzke, espazio publiko librean hainbat ekipamendu aurreikusiz (esan bezala, gehienak itsasoarekin eta turismoarekin erlazionaturiko kirol-aktibitateei begira). Egitasmo horien artean Sagüesetik Monpaseko muturrerainoko pasabidea berpiztu da berriro ere, Groseko hondartzaren babesarekin eta litoraleko harkaitzen babeserako ekimen zorrotzekin bateragarrian den heinean. Gros bera ere (Ulia, Egia eta Txofreko mendixken oinean), zentraltasun urbano nabaridun eremua litzateke itsas bazterrean, baina aldi berean bere limiteen eraginez historikoki mugatua: Urumea, trenbidea, Ulia eta Zurriola. Groseko zabalguneak hiri-bilbe garrantzitsua suposatu du Donostiaren irudiarentzat, aipatu Sagüeseko lur-saila ur-fronteen egituraketarako pieza klabea bilakatuz, segun eta Egitamu Orokorrak dioskun (itsasoari eta kostako paisaia zein jarduerei loturiko instalazioekin, eskala apalagoan, Mutrikurako hurrengo atalean ikusiko dugunaren antzeko intentzioak izan zitezkeenekin). Horrekin guztiarekin batera, oinezkoentzako zonaldeen areagotzea eta bide-gorriak bultzatzen dira garraio kolektiboekin batera, erabilera tertziarioak ere izango lituzketen partzelez konposaturiko ordenazio hierarkiko agertuz.
4. Ategorrieta aldeko errepide-ondoko pieza historiko eta gaur egungoak. Erlojua eta modu metaforikoan kolore gorriz izenari aipamena egingo liokeen ate geometrikoa.
Zurriolako partean litoraleko ur-fronte historikoaren berreskurapenerako xarma handiko interbentzio urbanistiko arkitektonikoak izan ditugu, batik bat Moneo arkitektoaren eskutik aipatu Kursaal berriko eraikuntzarekin. Itsas bazterreko hiriaren zonalde adierazgarria bilakatu da, beraz, kalitate arkitektonikoaz gain morfologiaren eta hiri-ehunduraren aldetik ere, Plan Orokorreko Ondarearen Katalogoan dauzkagun hainbat elementurekin. Etxebizitza nagusi den lurzoru hauetan sektore tertziarioaren estimulua ere proposatzen da, bateragarriak izan daitezkeen beste aktibitate ekonomiko eta industrial gehigarriekin, Grosen beti atzeman izan ditugun bezala. Ingurune urbano dentsoa errespetatzea legoke, zabalguneko traza urbanoaren parekoa kalitate urbano onargarriarekin. Groseko hondartza ere pieza klabea litzateke Urumeako ezkerraldeko dikearen luzapenaren ostean, Donostiarrentzat premiazko aldarrikapen historikoa izandakoa. Itsas bazterreko esku hartze urbanoek 1988ko Kosta legearen araudia bete beharko dute, tokian-tokiko hiri antolaketaren plan partzialak edo plan bereziak eginez. Honetara egokitu beharko da Kursaal zentro kulturalaren balizko hazkundea, eraikitze kondizioak eta programazioak eraz aurreikusiz, oreka funtzionalaren mesedetan.
5. Kursaal berriaren perspektiba Ulia mendiaren igoeratik, itsas bazterrean pausaturiko harri-makla bitxia.
6. Rafael Momeoren eraikinaren argazki-muntaiak, norberak egindakoak.
Eskala handiko natur espazioen sistemaren barnean Urgull mendia aurkituko genuke Donostian, Ulia Donostia eta Pasaia tartean eta Jaizkibel Pasaian. Horrez gain, Txingudiko espazioa genuke. Elkarren hondoko mihiztadura urbanoak sarritan josten dituzten mugako espazio gisa funtzionatzen dute oso maiz gune hauek, jadanik ezagunagoak eta hiriaren trazan bilakaera historiko luzeagoa duten beste parke urbano edota periurbano batzuekin batera (Donostian, Cristina Enea, Aiete eta abar genituzke). Zonalde hauetako batzuk nahiz eta hasiera baten periferiakoak izan, hiria puztu ahala bilbe urbanoan integratzen dira eta parke urbano legez jokatzen dute. Donostian, ikusi dugu garai baten periferikoak izan ziren auzune batzuk (itsas bazterreko Gros eta Antigua kasurako) nola hiriko ehundura sortuz joan diren, populazioan ere gero eta dentsoagoak izanik. Urumeako korridorean, hurrengo atalean ikusiko dugunez, azken hamarkadetan eratuz etorri izan den modelo urbano argirik gabeko hirigintza maila garrantzitsuak ez du aparteko soluzio ikusgarririk, zabalgune urbano berrietarako erreserbako lurrak eta garapen integralerako potentzialtasun handiko altxorrak ere hiri barreiatuaren espazio sasi urbano horietan kondentsatuz.
[1] Modu batean edo bestean, Plan Orokorrak barnebiltzen dituen eta guri dagozkigun ia zonalde guztietan ez dugu aurkituko eraikuntzen dentsitatea igotzeko asmorik. Salbuespen eskasetariko bat Ondarretako lorategi-hirian topatuko genuke, Planeko irizpideak jarraiki etxebizitza gutxi batzuk gehiago planteatu daitezkeela kontu eginez. Horrez gain, lorategi-hiriaren traza eta morfologia zabaltzea ere aurreikusten zuen Ondarretako zabalgunearen plan partzialak (1989koa), aldaketa puntual batzuekin 1995eko aipatu Plan Orokorrak beregain hartu zuena.
[2] Miramar Jauregia, lorategiak eta Haizearen Orrazia ondare babestuaren katalogoan ditu Plan Orokorrak.