URA ETA HIRIA: PLANGINTZA URBANOAREN ERRONKAK DONOSTIAN

“Hiriak behin eta milaka urtetarako egiten dira, eta egiterakoan asmatzen ez bada, ez dago erremediorik. Hortik datorkeen kaltea mugagabea izango da; oraingoek ezezik, etorriko direnek ere jasango dute, irauten dueino, eta Donostiako lurjabe aberats askonahiek beren proiektua lortzen badute, suteak eragindakoak baino kalte handiagoak ekarriko dizkiete hain aberats ez direnei”

Pedro Manuel Ugartemendia[i]

 

XX. mendeko lehen eta bigarren herenetan bezala, gaur ere Donostiak hedatzeko lur guztiak amaitu dituela ziurtatzen da, mendietako maldan gora hasiko ez bada behintzat. Hala ere, Martutene, Loiola eta Urumearen beste hainbat ur-fronteek aukera ezin hobeak eskaintzen dituzte inguralde metropolitarrari forma emateko. Hauek parekatu beharko lirateke itsas bazterreko egitasmo berritzaileekin.

Batzuk eta besteak, 2008an hasierako onarpena izan zuen Donostiako Hiri-Ordenazioko Plan Orokorraren irizpideetan eta asmoetan aurkituko ditugu nola edo hala islatuak. Plangintza horretan, hiriko espazio urbanoek eta auzuneek propioki izan dituzten arazoak, beharrizanak eta abar kodifikatuko lirateke, kalitatezko ingurune urbanoa egituratzeko intentzioarekin. Aipatu beharrizanei erantzuna emateko testuinguruak Donostiako hiria gainditzen duela kontu eginez, Donostialdeako, Oarsoaldeako eta Bidasoaldeko eskualdean txertatzen den errealitate urbanoak (Donostiako Area Funtzionala barne) Gipuzkoako eta Euskal Herriko litoralean eragin erabatekoa izanik. Txingudi, Pasaia eta Kontxako badien artean, Jaizkibel, Ulia, Urgull eta Igeldo mendiek babestua eta Bidasoa, Oiartzun, Urumea eta Oria ibaiekin.

Deskribapen bitxia, izan ere, lehenagoko ataletan lerro hauetara ekarri ditugun zenbait bidaiarien ikuskera estetikoaren antzekoa, itsas bazterreko paisaiez jarduteko. Hiri-antolaketaren esparrutik aldarrikaturiko hirigintza jasangarriak, horrenbestez, etorkizuneko belaunaldien hipotekak arintzea du helburuetariko bat, lurzoruaren antolaketak inguruneari sor dion begirunearekin batera. Dokumentuaren oinarririk gertuenetariko, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1995ean onarturiko hiria ordenatzeko plana izan dela esaten da, zenbait plan partzialekin aldaketak jasan izan dituena duela hamabost urtetik hona. Plan hura osatzea eta ordezkatzea litzateke, hortaz, 2006-2008ko egitamu berriaren xede nagusia (2004an aurreneko erredakzioa eta publikoaren aurreko erakusketa izan zuena)[1].

Helburu eta irizpide horiek berrikusiak eta osatuak izan dira 2008ko proposamenean, Donostia bere ‘interland’-eko lurraldean integraturiko eta egituraturiko hiria izaki (udalerri konkretuez gaindiko eragina duen Euro-hiria), medio natural eta urbanoen arteko armonia une oro bilatzen delarik. Funtsean, litoraleko elementu natural zein urbanoetan edota ibaien hertzetako zainketan garrantzia handia jartzen da, bai paisaia eta bai ekologia aldetik balio izugarriak dituzten zonaldeak kontsideratuz. Hau dela eta, kosta parteko ardatza eta Urumearen hertzetako paisaiak lehen planora ekarriak ikusten ditugu, Donostian bertan tabako fabrikaren berreskurapenari (Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa) eta periferia aldean Loiolako erriberak edo Martutene auzoei, besteak beste, garrantzia eskainiz (Martuteneko kartzelaren trasladoa, uren garbiketarako eta hondakin solidoen tratamendurako instalakuntzak, tren geltokiak, horietako batzuk lurperatuz –abiadura handiko trenarentzako– eta ekipamendu berriak, Urumeako autobidearen proiektua, itsasadarreko pasealekuak, ur-fronteetako parkeak, e. a.). Hau da, hiriak lehen ikusi bezala ingurune metropolitarrera jaurtikitzen dituen zerbitzuak. Guk geuk zenbait aldiz defendatu izan dugun gisan, garapen urbanoen ‘lurralderatze’ prozesuez kontu egiten du Plan Orokorrak, ‘lurralde hiritartuaren’ aipatu ideiaren baitan (batez ere ibaien arroetako barnealdeko periferiari dagokionean, eta bereziki Loiola-Martutene korridorean: Loiolako lorategi-hiria, kuartel militarren etorkizuna, kirol zentroak eta Urumearen hertzak). Ondorioz, hiru parte desberdintzen ditu Plan Orokorrak: litoraleko itsas bazterra, Irun-Donostia korridore ertaina, ibaiertz batzuk modu perpendikularrean hartzen dituena eta barnealdeko sektoreak.

Errealitate bitxi batzuen trataera singularra hobesten da beraz, litoraleko espazioetan eta ibaien hertzetako korridore ekologikoetan, Urumea eta Oria premiazkoak izanik. Ingurune metropolitarrean, Pasaiako badiako berreskurapenaren debatean kanpoko-portuaren egitasmoari egiten zaio gain-begirada, Donostialdean eta Gipuzkoan izan daitezkeen aldaketa urbano, politiko eta sozial handienetarikoak aurreikusiz. Hondarribia Oriorekin lotuko zukeen kostako korridorean arreta berezia jarri izan da, Jaizkibel eta Uliatik iraganez Donostia barneratuko lukeena. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolaketarako Artezpideek ziotenez, Donostia inguruko udalerriekin akordioetara iriztea ezinbestekoa litzateke, batik bat Urumearen hertzetako eta Pasaiako gune urbano dentsoak ikusita (La Herrera), bertako ehundura urbanoetan funtzio bateragarriak bultzatzeko. Honen atzean lurraldearen mugaz gaindiko ikuspegia legoke, limite ‘nazionalak’ baino ‘arrazionalak’ eta lurraldearenak hobesten dituena (pena, horrenbestez, lurraldearen antolaketako eta hirigintzako dokumentu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko markoan mugatu beharra izatea).

Jasangarritasunaren ideia hiritarrei beharrezko zerbitzuak eskaintzearekin erlazionatzen du Plan Orokorrak, espazio publikoen diseinuan eragiteko premisa garrantzitsua delarik. Zentraltasun balioak izango duen inportantziaz gain ondarearen zaintzak ere interes arkitektoniko, urbanistiko, kultural eta artistiko estetikoen alde jokatuko duelarik. Lehen mailako zentro metropolitar gisa Donostiak izan dezakeen paperak, ingurunearen balioekin batera, sektore berritzaileak erakartzeko aukera irekiko luke (industria garbiak, zerbitzu tertziarioak…) kalitate teknologiko altuko ekonomiak ikerkuntzara eta ‘kulturaren’ alorretara bultzatuz, batik bat justifikazio sozial gisa balioko lukeena (erresidentziekin eta etxebizitzako poligonoekin batera ezartzeko, ohikoa izan den funtzio nahasketa eta populazioaren mugimendua aprobetxatuz, ustez Urumeako hertzetako periferiako auzoen zentraltasuna areagotzeko). Itsas bazterrean, Igeldoko parkearen berreskurapena adibidez planteatzen da, etorkizunerako apustuetariko bat litzatekeena. Donostiak bildu ditzakeen aktibitate ekonomiko dibertsoak, beraz, industria berrian eta sektore tertziariotan jarraipena lukete, beste hiriburu askotan gertatzen ari den moduan.

Espazio libreen ordenamenduak ere paper protagonista jokatuko du ur-fronteen bilakaeran, jarduera ekonomiko, kultural eta sozial berriak erakartzeko. Parke urbanoek hiriko idiosinkrasian duten sinbolo izaera onartzen da, eskualdeko beste parke periferiko batzuekin osatuz (hemen ere ibaiertzen eta batez ere Urumeako ardatzaren onurak aintzat hartuz; Loiola eta Martuteneko erreferenteekin). Kosta partean, Ulia eta Jaizkibelek duten potentziala erakustea komeniko litzateke, espazio libreen sare nagusiagoan barneratuz)[2]. Honekin lotuta, oinezkoentzako eta txirrindularientzako sareak eskualde-eremuarekin elkarlotzea proposatzen da, bai Urumeako bailaran eta kostaldean ere, ibai-gaineko zubi txiki eta pasabideak ugarituz. Urumeako parke linealak hortaz, Astigarraga eta Hernanirekin limitea egingo luke, Loiolako erriberak ere Kristina Enea parkearekin eta Egia auzoarekin kateatuz.

Gaur egun, Urumeako arana zeharkatuko duen autobideak izugarrizko eragina du bertako paisaian, Loiola auzotik trenbidearen paraleloan Donostiara sartuz. Alabaina, XX. mendeko erdialdetik Amararekin etenda geldituriko loturei soluzio bidea irekiko diela suposatu beharko genuke (interbentzio guzti hauek Mugikortasun Urbano Jasangarriaren Planean aurkituko genituzke, 2008-2024 urteen arterako aurreikusia). Ur-fronteen morfologiari sor zaion errespetuak mendeetako esku hartze urbanoak gaur egun izan dezakeen eragin erreala baino karga ideologiakoa argiago destilatzen duela uste dugu, paisaiaren balioari behingoz dagokion arreta eskaintzen diogun neurrian; bizitzeko edo lan egiteko lekuak ez ezik zaindu beharreko altxorrak kontsideratuz gero.

1-3. Amaratik metropoliaren barrualdera doazen zabalgune berriak eta autobide uhintsuak kasik ibaiaren antzinako meandroen tankerakoak. Trenbidea zein autoak iragateko zubi berriak XXI mendearen atarian.

 

Ur-fronteetako kultura-materialaren zein ondare historiko, artistiko, monumental eta arkitektonikoaren babeserako katalogoa ere argitaratu du Egitamu Orokorrak eranskin gisa, 1995eko Ondare Urbanistikoaren Plan Bereziaren irizpideak jarraituz (bultzatu beharreko egitasmoa, babeserako ezaugarriak dituzten elementuen sistematizazioa egiteko ere). Ezarritako babes-graduak lau lirateke. Lehenengo graduan babes espedientea duten eraikinak leudeke, bigarrenean beraien balioa onartua duten eraikinak eta babestuak izan daitezkeenak, hirugarrenean eraikinen kanpoaldeko elementu baliotsuak direla eta babestu daitezkeenak eta azkenik, laugarren graduan, kokatzen diren ingurumaria kontuan izanda kanpoko itxuran edo irudian elementu babesgarriak dituzten eraikinak. Horrez gain, zenbait esparru urbano ere hartzen ditu bere osotasunean delako katalogoak; guri dagokigun aldetik Urumearen bokaleko Okendo enparantza edo Frantziako pasealekua, eta bereziki hiri-altzarien baitako elementu sinboliko eta adierazgarriak, itsas bazterreko fenomeno urbano esanguratsuaren irudi historikoa eta identitatezkoa konposatzen dutenak.

Plan Orokorrean agertzen diren xehetasun hauek hona ekartzea hobetsi dugu, bertan atzematen delako espazio urbanoaren bilakaeran izan duten leku estrategikoa, bai praktikoki eta bai kontzeptualki ere, jendartearentzat identifikagarri eta espazio-denbora bateko lekukotasunaren adierazgarri artistiko, estetiko eta monumental izan daitezkeen neurrian (adiera sinboliko eta adierazkorrekin), gizarte jakin baten irudizko kultura-material izateaz gain. Ikusten denez, elementu apaingarriez aparte (hiri burgesaren izaera gogoratuko liguketenak), pieza funtzional erabilgarriak ere baditugu (portukoak) eta gehienak egituraketa urbano esanguratsuari atxikiak, hiriko zein tokitatik gabiltzan argitzen dizkigutenak, maiz identitatezko mugarriak bailitzan. Izan ere, itsas bazterreko espazio urbano historikoetatik ibaiertzeko aukera baliotsuetara garamatzan ibilbidean.

 

[1] Lurraldeari dagokion legedia ere oso kontuan hartzen du: 1990ko Lurzoruaren Antolaketako legea eta 2007ko Lurzoruaren legea. Horiez gain, 1988ko Kosta legea, 1990ko Ondare Kulturalarena eta 1994ko Euskal Autonomia Erkidegoko Naturaren Zaintza legea aintzat hartzen dira, 2003an dekretu bidez erregulatua, ingurugiroan sorturiko eraginak ebaluatzeko. Bestalde, 1989ko Errepideen Plan Orokorraz gain 1997 eta 2007 arteko plangintza sektorial gehienek ere eragiten dute (beste batzuen artean 1998ko Ibaien eta Erreken Ertzak Ordenatzeko Atalkako Planak, 2004ko Euskal Autonomia Erkidegoko Zonalde Hezeetako Plan Sektorialak eta 2007ko kostaldearen antolaketarako planak). Honi guztioni gehitu behar zaio 2010. urte aldera Eusko jaurlaritzak Udalarrantz erakundearen bitartez irudikaturiko ardatz estrategikoak, kostako udalerrien berreskurapen urbanistikoari begira jarritakoak Euskal Herriko litoraleko garapen plangintzan txertatuak. Hauetatik aipagarriena eta guri zuzenen dagokiguna itsas kulturako ondarearen baloraziorako asmoak lirateke; hauek itsas kulturaren existentzia eta garrantzia egiaztatzen duten heinean.

[2] Berebiziko garrantzia lukete Natura 2000 sareak biltzen dituen espazioak; guretzako Ulia, Urumea eta Oria ibaiak.

[i] SAMBRICIO, Carlos (ed.). Donostiako alde zaharraren berreraikuntza, Donostia: Donostiako Udala. Ekipamendu Handiak, 1991; 11. or.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude