‘naturatik’ laborategira, eta hortik berriro ere ‘Naturarako’ jarraitasun lotura-hezlea: Artea eta lurraldeko espazio komunaren transformazioak (III. Mintegia)

Eten-bagako jauzi edota itzuli xelebrea benetan, lotzailea; hain zuzen ere, hiru kontzeptu horiek kontuan izanik: natura-laborategia-Natura, 2019ko urri-lehenaren 18 eta 19arekin batera Arantzazuko ‘euskal-paisaia’ indartsu eta maiz gogorraren baitako udazken-denboran egin genuena. Urte beteko tartea, justu-justuan eta zehaztasunez, Donostian Cristina Eneako II. Mintegia ospatu genuenetik. TECTar I+D+i proiektuko HAR2016-78241-P: “ARTEA ETA LURRALDEKO ESPAZIO KOMUNAREN TRASFORMAZIOAK (EBAKETA HARROBI ETA UR AURREEN JASANGARRITASUN ESTETIKOA)” ikerketa taldeak gonbitea jaso ostean, 2017-2019 hirurtekoan kokaturiko III. Mintegia burutu izan da bi egun horietan. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Eskultura Sailean antolatu, jaio eta jadanik fruituak emaniko ikertaldeak, lurraldearekin eta oro har, natura, ingurugiroa zein paisaia kontzeptu zabal-irekiarekin erlazioan, artearen ikuspegitik atzeman daitezkeen paradigma estetiko-etikoak –besteen artean jasangarritasun estetikoa– plazaratzea eta kontrastatzea du helburu. Sarritan beste diziplina batzuekin batera elkarlanean, hartu-eman oparo eta zintzoan dihardugula.

Besteetan ere orrialde hauetara bertara ekarri ditugun zenbait egitasmoen gisan, oraingoan bilgunea Euskal Herriko bazterrik apartenetarikoa izan dugu, alegia, XX. mendeko joan-etorrian ‘euskal-kulturari’ naiz ‘euskal-arteari’ edo behintzat haren irudimen eta imajinarioari dagozkion hamaika eta bat ekimen hartu dituen eta beste hainbeste etekin bultzatu dituen Arantzazuko ‘natura’; izadiaren erraietako ‘laborategia’, maiuskulaz ala minuskulaz izan beza, ez nolabait deitzearren… idaztearren baino. Naturari, kulturari eta historiari artea gehitzen zaion tokia, herri oso baten bihotz-taupada sentiberaren oihartzunaz bustia; toki-lur ferekatua, landua, hunkitua, babestua, mirespenez jantzia eta are gehiago… agian bedeinkatua.

1.- Mintegiaren irekiera eta sarrerako lehen-hitzak.

 

Arantzazuko Gandiaga Topagunean… Oteiza: natura-laborategia-Natura

Hau izan da aurton ere gogoeta-aldiak hartu duen ildoa ez ezik lema eta izenburua. Ingurumari horretan mahai-ingurura hurbildu genuen aditu-sorta, ikerketa-erroaren kanpotik eratorriak jakintza arloen arteko eztabaida aberasgarrian. Besteak beste, artearen mundutik paisaiara eta lurraldera urreratzean zeresana dutenen praxietatik aparte ere, maila teoriko praktikoan gauzatuko ziren lan-proposamen mamitsuak. Gure ustez zilegitasun osoa eta beharra ere baduten aldetik, zuzenean arte plastikoen atalean kokatu ditugun ekarpenekin osatuz (arte-sorkuntzaren barne funtsaz ezagupena duten artistak eta horretaz arduratzen direnak), arkitekturatik, arte-kritikatik, poesiatik eta zinemagintzatik ere urreratze emankorrak izan genituen, filma esanguratsu baten proiekzioa bitarteko. Ohikoa ez den bezala, bizpahiru emanaldik euren jakintzaren transmisiorako bide ez-arruntak frogatu zituzten ausardiaz; bai entzunena gailenduz, bai aretoko ‘laupareta’ zein leku itxi mugatutik at, ormak gaindituta ‘paisaiara’ eta bertoko lekuetara atereaz, mugimendu horretarako jende multzoaren partaidetza berezia eskatuz.

2.- Topaketa honen egitura ezagutarazteko atonduriko kartela.

 

III. Mintegi hau moldatzeko hausnartu eta erabili genituen sintesi-erako esaldiak:

<<Natura esparru menderaezin eta sendo gisa ulertu izan dugu, ezezagun haundi hori, eman eta kentzen duena; are gehiago, gure zentzumenetatik haratago doan lurralde gisa. Garai batean, akaso, hala izango zen, baina zentzu (instrumentala gehienetan) edo identitate (Kulturak adina) baten bila paisaiara egindako joan-etorri etengabeek maskara eta aurpegiz (irudi kulturalak azken finean) hornitu dute gaur egunean natura. Gu geu irudikatzen gaituzten aurpegi eta maskarak, denboran zehar geruzetan metatu direnak. Estratu eta sedimentu hauek izaera imajinariodunak dira, baina honek ez du salbuesten lurraldean eta bere prozesu biologiko, botaniko eta baita geologikoetan ere emandako arrastoen materialtasuna.

Honekin guztiarekin, zera galdetu beharko genuke, ea, besteak beste, panoptikoak eta antropozenoak definitzen duten garai honetan, lurralde guztia ez ote den jada irudi bihurtu, Kultura, gure Kultura, ia globala, kapitalismo paisajistiko eran materiala zein imajinarioa den guztiaz baliatzen dena. Ezezagun haundi horren irudia, akaso, lurraldean esku hartu duen gizakiak bereganatu du erabat, ekoizpenaren baitan ustiatu edo eraldatu du eta garai honekin lotuago dauden beste kontsumo batzuei eskaini: “natura”, “ondare naturala”, “aniztasun paisajistiko eta ekologikoa”, “begiratokiak”, “ibilbideak”, “aisialdi guneak”, “bidezidorzaleak”, “turismo aktiboa”, “misterioak”, “tradizioa”, “aurkitzear dauden kondairak”… identitate bidezko mekanismo kultural gisa bereizi daitezke. Erakundeak zeharka ezinak diren merkatu globalaren beharretara egokitzeko baliatzen dituzte.

Arteak, garaian garaiari sentibera, lurraldean ere bere lekua (imajinarioa zein materiala) hartu du, hori bai, identifikazio prozesu teknikoen multzoa den laborategi deserrotuak teologia gaiei erantzuten ez diela kontuan hartuta. Artea, akaso, “naturaren aurkako” (ez izatearen aurkako) etendura mugimendu bat izan daiteke, hautemateko, eraikitzeko, bizitzeko, pentsatzeko beste era batzuk bilatzen dituen neurrian, finkatu gabeak guztiak, finkatzear daudenak. Horretarako beharrezkoa zaigu -adierazteko hamaika era ditugu- espazio jakin edo maniobrarako tarte bat, estetikaren bidez lortzen duguna: argitze bat, azkenerako, lurraldeari nolabaiteko arrotz izaera itzuliko diona; hutsa aukera-Natura gisa.

Baina zulatzeak ere elementu material bat behar du eta eratorritako kultur alienazioen desnaturalizazio prosezu honetan, artista beste behin ere, alienazio katean erortzera bultzatua izan daiteke: arteak berezkoa du hori, eta honela, zehaztugabeak zaizkion zentzua eta esanahia prozesu kulturalen kateko segida estetikora itzuliko lirateke eta esanahi zehaztuak naturara.

Beraz, natura eta Natura, biak ala biak, gure paisaiaren atal?>>.

 

Akabuko galdera-ikur adierazgarri baizen txit korapilatsu baina erakargarriaz, alajaina, ostera ere laburbilduak laga ditugu nondik norako programatikoak, une oro gure ideiaren hari fin baizen sendoak ahalbidetzen eta bideratzen gaituen norabideari eutsiz.

3.- Ostiral goiz-arratseko saioan aritu ziren aurkezleen presentzia nabaria, entzuleriak aretoa betetzen baitzuen ezagutza-egarritan blai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude