Iragan uztailean Blog honetan bertan aurreratu genuenez, Nazioarteko Kongresu Jardunaldiak burutu berri dira Bilboko Rekalde Aretoan, honako izenburu adierazkorraz: “Hiriko estetikak: errealitateak eta kimerak metropoliko irudimenetan”. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailaren babesaz eta laguntzaz, irailaren 19 eta 20an, bertoko zein atzerriko aditu-sorta nabaria bildu duen ekitaldiak, jarraian laburki adieraziko ditugun lau ardatz nagusitan gorpuztu ditu ekarpen anitzen emariak.
Elkarrekintza artistiko eta arkitektonikoak
Arkitektura apal baizen eredugarriaren adibideekin egunerokotasunean erraz aurki ditzakegun elementuez gogoeta interesgarria planteatu zen hastapenean. Harrizko pareta, munatxoak, etxe kontzeptua bera, leihoa, zorua, lorategia, ingurunea, paisaia, kaleko egituratxo sinpleak lirateke ‘eguneroko’ ingurumariei bizitasuna eta habitagarritasuna baimentzen dieten forma sentikorrak, beraien aurrean esku-hartze minimoak baino ez proposatzearen beharra aldarrikatuz.
Eraikuntza-ezagutza herrikoiaren erroetatik jariotako eredu umil bezain esanguratsuetatik at, eraikinetan aspaldi gailendu zen aurre-fabrikazioaren aferaz ere mintzatu ginen; horren lekuko, duela hamarkada batzuk sortutako etxebizitza-aldra eta auzo azkarrak, kamioetan ekarritako materialak bitarteko. Erabat ahiturik zeutzan lurraldeetan hasiak eta aldi berean hesituak, urmael bihurturiko sasi-basamortuetan barrena, bertakoa ez den artifiziozko giro baten mesedetan. Eraikuntza-arinkeriak lurra beste zerbaitetan bilakatzen du laster, betirako hiria izatetik galkortasun data finkoa duen hiria izaterainoko abiadan.
Honako egitasmoek bestelako angelurik ere badute; gurean bertan behin baino gehiagotan sano eragin dutenak. Hor ditugu hamarraldi gutxi batzuen bueltan jaio ziren fabrikatzarrak, orain desagerpenaren eta suntsipenaren lozorroan, edota guregandik hurbilagoko garaietan ernaldutako industria-esparru abandonatuak, sarritan arte interbentzioen eskenatoki paregabeak suertatuz.
Hiriaz gaindiko urbanizazio metropolitarra
Aipatu zonalde hauek hirietatik harago dakusagun aldirietan aurkituko ditugu maiztasunez; ibai-hertzetan, kostaldean, erreka-arroetan, itsasbazterrean nahiz aran-bailaretan. Batik bat Hego Euskal Herrian ditugun lurralde-pasadizo estu hauek hiri-konektore gisa funtzionatu izan digute, Bilbotik Abrarainoko edota Donostiatik Paisaiarainoko nahasmen dentso eta nabarmenetara heldu arte.
Izan ere industriak, merkataritzak, garraiobideek eta komunikazio sareek mugetako espazio hiritartuak bultzatu dituzte askotan, gerora hiriak berak besarkatuko eta irentsiko zituenak, duela mende batzuk hiribilduekin eta hiri-nukleoekin gertatu zen legez. Metropoli-izate prozesua ez baita landa-eremuetan hasten hiriko muinoan baino, hiri-bihotzetik hiri-luzapenetara bidean.
Espazioaren gramatika xelebreak; toki-gune biziak eta amestuak
Fenomeno horiek guztiek hiri-gramatikak ezartzen dituzte, eraikin-modeloetan eta bizimodu posibleen zilegitasunean atzemanak. Maiz esnatuak izaten diren gentrifikazioak eta gainontzeko keriak zutik diraute bai modu erabat errealean, bai pertzepzioetan eta baita geruza sinbolikoetan ere. Horiek denak berton bizi edo bizirauten duten gorputzak astintzen eta asaldatzen baitituzte, afekzioz blai.
Zeresanik ez, arkitektura-objektua hiriko espazio publikoa izatera iragan zela urteen poderioz, kategoria honek dituen ikuspuntu eta ikusmira mordoaz batera. Hirietako erreformak plano sinbolikoetan haziak ereiten dituztela dudarik ez, hauen artean kultur eskaintzen aniztasunean sumatu eta aurkitu daitezkeenak. Lehengo denboretan hiria zena, dagoeneko ez da berriro izango, agian ez baitu zertan izan beharrik ere. Testuek eta testuinguruek sekula baino malguago eta mamitsuago lagatzen dute euren presentziaren aztarna, hiriko kale-hormetan.
Berreskurapenaren esku-hartze eremuak; eraikuntzatik haratago
Hala bada, hirien birsorpenerako bigarren/hirugarren aukerak, ostera ere irudimenaren ibilbideei atea irekitzen diela ohartu gara; literaturak, zineak eta, oro har, arte adierazpenek iratzartzen dizkiguten utopia, distopia eta irudi-kontakizuna oinarri bezala duten makina bat imaginarioetan euskarrituz. Zer egin zezakeen hiriak filmaziorik gabe? Alderantziz balitz, zinemak berak hiria faltatuz –izate urbanoaren gabeziaz– nola biziraungo zuen galdegin genezake. Postmodernitatearen gure egun hauskorretan, arte plastikoez eta bestelakoez ere antzekoa adierazi daiteke seguruenik; hiria sedimentazioaz gain talka-gunea baita, aldi berean plaka tektoniko fisiko eta kulturalen topaleku aberatsa.
Bilboko Rekalde Aretoan, 2019ko irailean izandako Nazioarteko Kongresu Jardunaldien identifikazio-irudiak eta lemak.