Hiriaz eta ingurukoetakoaz: metropoliko irudimenetan dautzan errealitateak eta kimerak. Nazioarteko Kongresu Jardunaldiak

Uda honetako azken hilabetean, hain zuzen ere udazkenari ongietorria ematen dion irail-erdialdean, Nazioarteko Kongresu Jardunaldiak burutuko dira Bilboko Rekalde Aretoan, aipatu izenburuak adierazten digun lemarekin: “Hiriko estetikak: errealitateak eta kimerak metropoliko irudimenetan”. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak (Kultura Zuzendaritza Nagusiak) babestuak, irailaren 19 eta 20an, bi egun osoz, Rekalde kaleko 30. zenbakian izango da topagunea. Bertara hurbiltzeko, izen-emateko eta parte-hartzeko aukera interesa duen edonorentzat doakoa dela ohartarazi baita. Nazioarteko aditu zein profesional talde nabari batek parte hartuko du, eta edozein baldintza nahiz jatorri eduki dezakeen entzuleria interesatuaren aurrean bere hausnarketak plazaratuko ditu.

 

Bilbon, arkitekturaz, arteaz, hirigintzaz, historiaz, literaturaz eta zinemaz mintzo

Gai hauek batez ere tratatuko dituen hizlari-sorta gonbidatua oparoa eta dibertsoa da bere horretan. Unibertsitateko irakasleak, arkitektoak, artistak eta ikerlari profesional zein akademikoak Euskal Herritik ez ezik Frantziatik, Portugaletik, Espainiar estatuko Granada edo Zaragozatik eta Mexiko nahiz Ekuador bezalako herrialdeetatik ere etorriak dira. Lehen eta bigarren eguneko hitzaldiak, hiruna ordenatu dira goiz-arratsetan, erdi-guneko etenaldiekin eta saio bakoitzaren akabuko eztabaidekin batera. Hastapeneko arrats-iluntzean, 18:15ak aldera, ekitaldiarekin bat datorren pelikularen proiekzioa aurreikusten da Rekalde Aretoan bertan, zine-kritika aditu baten laguntzaz.

1.- Kongresu Jardunaldien kartela euskaraz.

 

Programa: iraileko topaketen nondik norakoak eta ildo nagusiak

Orotara lau ardatz tematiko edo egitura-emaile planteatu dira gaiok batzeko eta koordenada ulergarrietan finkatzeko. Hala bada, Lehendabizikoa “Konfigurazioak eta elkarguneak: testuinguruaren arteko elkarrekintza artistikoak eta arkitektonikoak” deritzon lerro-zuzentzaileak arte-arkitekturaren erdibideari hasiera baimenduko dio, segidan garai bateko etxebizitzak izan zituen aurrerapenei ere arreta eskainiz. Era berean, hiriari baina hiritik at zilegi diren paisaia-begirada bitxiei ere gaur egungo artearen eskutik so-egingo diegu.

Bigarrenez, “Urbanizazio zabala eta hinterlandaren okupazio intentsiboa: betiereko mutazioen domeinu egokituak” izenburupean agertzen den jarraibideak Bilboko itsasadarreko lurzoruaren larregizko erabilpenean eta horren ondorioetan barneratuko gaitu, XIX eta XX. mendeei dagokien patua, alegia. Izan ere, hirien metropoli-zurrunbiloetatik harago, berauek berriro asmatzea posible ote den galdetuko diogu geure buruari, ideia hauekin batera oroimenaren eta memoriaren hiri-ibilbideak hor dirautela kontu eginez.

Hurrengo egunarekin, “Gramatika espazialak eta soziokulturalak hiritik haratago: toki-gune habitatuak, biziak, amestuak” badirela eta, gidalerro honek merkatu-hiria bezainbat kale-antzerkia bezalako ekimenen mugan jarriko gaitu; osoro ezagunak ditugun eta ohikotasunez gure denboraltasunaren espazio puztuak bilakatzen diren hiriek, nolabaiteko eraiki ezintasunak eta galerak erakusten dituztela argudiatzerik balegoke. Beraz, istorio mila beharrezkoak dira maiz, hiriak eurak kontatzen dituztenak edo opatzen dizkietenak; oro har, monumentuetatik haziz behin-behineko akzio puntual galkorretara doazenak.

Bukatze aldera, “Berreskuraturiko hiriak eta bizi-ingurune sinbolikoak: eszenatokiak, ekintzak, esku-hartze esparruak” izen-deitura duen ardatzak ‘hauts trinkoak’ harrotu edo aztoratuko ditu seguruenik, berriro ere hiri-geografiarekin erlazioa duten arte-kartografia zein topografiako elementuekin, gainera horren orografia asaldatua baizen traketsa duen Bilboko paisaia eta ingurumariko landa-eremuetan. Profil literarioago batetik, Harkaitz Cano euskal idazlearen ‘flâneur’ gisako keinuen kariaz New Yorken, beste interpretazio batzuk eguneratuko dira: W. Benjaminen hiri-ulermena, txit modernoa berori.

Betea eta perspektiba aniztuna hortaz Kongresu Jardunaldiko egitarau-eskema, lokarri lez ezarri diren lan-ildoak eta hitz-jarioak zuzentzeko beste hainbeste mahai-inguru eta aurkezpen egokituko baitira, entzuleriaren partaidetzarekin:

 

2019 – IX – 19

10: 00. Kongresu Jardunaldien inaugurazio instituzionala. Bizkaiko Foru Aldundiko

ordezkaria, Kultura Zuzendaritza Nagusia. Alicia Fernández, Rekalde Aretoko zuzendaria.

Batzorde Zientifikoko kideak.

I. ARDATZ TEMATIKOA. Konfigurazioak eta elkarguneak: testuinguruaren arteko

elkarrekintza artistikoak eta arkitektonikoak

10.30. A) MAHAIAREN aurkezpena. Gidaritza eta moderazioa: Oihana Garro doktorea (Euskal

Herriko Unibertsitatea UPV/EHU. Eskultura Saila)

10:45. Hitzaldia: Imanol Esperesate jauna (Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU);

Gorputza hartu: begia, eskua eta orpoa arkitekturan

11:15. Hitzaldi nagusia: Pilar Salazar doktorea (Nafarroako Unibertsitatea UNAV):

Estatu Batuetatik piezetan. Etxebizitza “prefabrikatuak” eta Amerikako eragina Espainian

12:00. Etenaldia

12:30. Hitzaldia: Olaia Miranda doktorea (Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU):

Uhin hedakorrak eta itxiera geologikoak. Hiriarekiko bi begitada

13:00. Hizlari eta parte-hartzaileekin eztabaida

[Eguerdiko atsedenaldia]

II. ARDATZ TEMATIKOA. Urbanizazio zabala eta hinterlandaren okupazio intentsiboa:

betiereko mutazioen domeinu egokituak

16:00. B) MAHAIAREN aurkezpena. Gidaritza eta moderazioa: F. Javier Muñoz doktorea (Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU. Artearen Historia eta Musika Saila)

16.15. Hitzaldia: Susana Serrano doktorea (Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU):

Bilboko itsasadarra: lurzoruaren erabilpena eta larregizko ustiatzea (XIX. eta XX. mendeak)

16:45. Hitzaldi nagusia: Ricardo S. Lampreave doktorea (Zaragozako Unibertsitatea UNIZAR); Lisboa: hiria berriro asmatzea posible

17:30. Etenaldia

17:45. Hitzaldia eta zinema kritika: Memoriaren hiri-ibilbideak. “En remontant la rue Vilin” dela eta (Robert Bober eta Georges Perec). Eneko Lorente doktorea (Euskal Herriko

Unibertsitatea UPV/EHU). Pelikularen emanaldia aretoan. Aurreikusitako ordua: 18:15

19:15. Eztabaida filma ikusi ondoren

 

2019 – IX – 20

III. ARDATZ TEMATIKOA. Gramatika espazialak eta soziokulturalak hiritik haratago:

toki-gune habitatuak, biziak, amestuak

10.30. C) MAHAIAREN aurkezpena. Gidaritza eta moderazioa: Leire Azcona doktorea (Euskal

Herriko Unibertsitatea UPV/EHU. Arkitektura Saila)

10:45. Hitzaldia: Juan C. González doktorea (Mexikoko Nazio-Unibertsitate Autonomoa UNAM): Hiri eraikia eta eraiki ezina den hiria; lorategiak, eraikinak eta monumentuak berrikustea. Hiriaren arkitekturan beharrezkoak eta ez-beharrezkoak diren esanahien funtzio psikologikoa

11:15. Hitzaldi nagusia: Béatrice Bottin doktorea (Paueko eta  Aturriko Herrialdeetako

Unibertsitatea UPPA): Kale antzerkia edo hiriei istorioak kontatzeko artea

12:00. Etenaldia

12:30. Hitzaldia: Claudia P. Cartuche andrea, Iván Jiménez jauna (Lojako Unibertsitate Tekniko Partikularra UTPL): Pilatu eta antolatu. Merkatuaren eta hiriaren arteko analogia

13: 00. Hizlari eta parte-hartzaileekin eztabaida

[Eguerdiko atsedenaldia]

IV. ARDATZ TEMATIKOA. Berreskuraturiko hiriak eta bizi-ingurune sinbolikoak:

eszenatokiak, ekintzak, esku-hartze esparruak

16:00. D) MAHAIAREN aurkezpena. Gidaritza eta moderazioa: Juan A. Rubio-Ardanaz doktorea (Extremadurako Unibertistatea UEX, Psikologia eta Antropologia Saila)

16.15. Hitzaldia: Flávia Costa andrea (Zientzia eta Teknologiarako Fundazioa erakundea);

“Hauts trinkoa”: Bilboko kartografiaren aldi baterako profila

16:45. Hitzaldi nagusia: Dolores Thion doktorea, Christian Manso doktorea (Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertistatea UPPA): Harkaitz Cano ‘flâneur’ bat New Yorken

17:30. Etenaldia

18: 00. Bukaerako hitzaldia: Juan A. Calatrava doktorea (Granadako Unibertsitatea UGR): Walter Benjaminen hiriak

18:45. Liburu-aurkezpena: Paisajes-(de)-ficción… Luis Bilbao, Juan A. Rubio-Ardanaz (zuzendariak)

19:15. Eztabaida. Kongresu jardunaldien amaiaera eta itxiera ofiziala

 

HITZALDI GONBIDATUAK:

Imanol Esperesate

Arkitektoa, Artearen Ikerketa eta Sorkuntza Masterra INCREA, Euskal Herriko Unibertsitateko UPV/EHU Eskultura Saileko ikerlaria. Arte Ederren Fakultatea

Pilar Salazar doktorea

Arkitektoa, Nafarroako Unibertsitateko UNAV Teoria, Proiektu eta Hirigintza Saileko irakaslea. Arkitektura Eskola

Olaia Miranda doktorea

Arte Ederretan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitateko UPV/EHU Musika, Plastika eta Gorputz Hezkuntzaren Didaktika Saileko irakaslea. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea

Susana Serrano doktorea

Historialaria, Euskal Herriko Unibertsitateko  UPV/EHU Historia Garaikidea Saileko irakasle titularra. Letren Fakultatea

Ricardo S. Lampreave doktorea

Arkitektoa, Zaragozako Unibertsitateko UNIZAR Arkitektura Konposizio arloko irakasle titularra. Ingeniaritza eta Arkitektura Eskola

Eneko Lorente doktorea

Informazio Zientzietan lizentziatua, UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasle titularra. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea

Juan C. González doktorea

Ikusizko Arteetan lizentziatua, Mexikoko Nazio-Unibertsitate Autonomoko UNAM ikerlaria

Béatrice Bottin doktorea

Hispaniar Ikasketetan lizentziatua, Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko UPPA Atzerriko Hizkuntzen Saileko irakaslea

Claudia P. Cartuche

Artea eta Diseinuan lizentziatua, Ikus-Arteetako Masterra, Lojako Unibertsitate Tekniko Partikularreko Arkitektura eta Artea Saileko irakaslea. Arte Ederren Eskola

Iván Jiménez arkitektoa

Lojako Unibertsitate Tekniko Partikularreko arkitektoa eta ikerlaria

Flávia Costa

Arte Ederretan lizentziatua, Marrazki eta Grabaketa Unibertsitate Masterra, Zientzia eta Teknologia Fundazioan ikertzailea, Portoko Unibertsitateari UP atxikia. Arte Ederren Fakultatea

Dolores Thion eta Christian Manso doktoreak

Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko UPPA irakasleak, Ikasketa Iberiarren eta Iberiar Amerikarren Sailean. UFR Lettres. Laboratoire ITEM

Juan A. Calatrava doktorea

Artearen Historialaria, Granadako Unibertsitateko UGR Arkitektura Eraikuntzen Saileko irakasle katedraduna. Arkitekturako Goi Eskola

 

Oharkizun zenbait:

* Lekua: Alameda Rekalde, 30. Bilbao, REKALDE Aretoa (salarekalde.bizkaia.net)

** Doako izen ematea: arkhiriak@gmail.com

*** Bertaratze egiaztagiria luzatuko zaie izena eman duten parte-hartzaileei

 

2-3.- Kongresu Jardunaldien esku-orria eta egitaraua euskaraz.

 

Ekitaldia-aitzin

Edonola ere, orrialde hauetan argitaratzen eta azaltzen dugun egitasmoa ez da ezerezetik jaioa. 2017ko urri-aldean: “Fikzio-hiria. Zinema-paisaiaren espazioak, arkitekturak eta estetika urbanoak” tituluaz jabeturik pareko intentzioa zeukan Nazioarteko Kongresu Jardunaldiak hartu zituen BilbaoArte Fundazioak. Oraingoarekin agian komunak liratekeen aztergaiak ikuspuntu desberdinetatik jendaurrean maisuki plazaratuz, Euskal Herriko Unibertsitateko bizpahiru Fakultate eta sailek, Extremadurako Unibertsitateak eta Euskadiko Antropologia Aplikatuaren Elkarteak lagundu zuten. Paraleloan, Blackkamera Argazkigintza Dokumentalaren Eskolak “Habitare” erakusketa aparta oparitu zuen BilbaoArteko ormetan, argazkigintzako hainbat lanen aukeraketa zabalaz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude